Urdaibaiko itsasertza garbitzeko jardunaldia antolatu dute ekainean

Zaborra jasotzeko kanpaina Ozeanoen Nazioarteko Egunean egingo da/Fotolia
Zaborra jasotzeko kanpaina Ozeanoen Nazioarteko Egunean egingo da / Fotolia

Hilaren 8rako antolatu dute 'Zero Plastiko Urdaibai' ekimena; 3.000 boluntarioren laguntza nahi dute lortu

DVDonostia

'Zero Plastiko Urdaibai' ekimena antolatu dute ekainaren 8an, Urdaibai Biosfera Erreserbaren itsasertza garbitu eta bertako zaborrak jasotzeko. 3.000 boluntarioren inplikazioa beharko da eta ozeanoetan eta itsasoetan plastikoarekin dagoen arazoaren gainean sentsibilizatu nahi da. Bermeoko Izaro Sub urpeko kirol taldeak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak -Urdaibaiko Biosferako Erreserbaren zerbitzuaren bitartez- eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu dute ekimena.

Antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez, jarduera goizean zehar egingo da, Gaztelugatxeko Donianetik Elantxobera arte doan itsasertzeko eremuan. Eremua 14 zatitan banatuko da, eta bakoitzean kontrol puntu bat instalatuko da, parte hartzaileei eskularruak eta zabor poltsak emateko. Lehorreko jarduerarekin batera, itsasoan ere zaborrak batuko dira, Izaro Sub taldeko urpekariekin eta gertuko portuetan dauden itsasontzien laguntzarekin.

Bildutako hondakin guztiak Ekoetxea Urdaibai landetara eramango dira, hau da, Eusko Jaurlaritzak Busturiko Madariaga dorretxean duen ingurumen hezkuntza zentrora, pisatu, sailkatu eta birziklatzeko.

Datozen asteetan informaziorako webgune bat jarriko da martxan, jardueran parte hartu nahi duten boluntarioen datuak biltzeko, eta helburu nagusia Urdaibaiko eskualdeko biztanleak eta familiak izango dira.

Kanpaina Ozeanoen Nazioarteko Egunean egingo da, ekainaren 8an, erabilera bakarreko plastikoen gainean kontzientzia sortzeko. Ozeanoak kutsatzen dituzten hondakinen %70 dira dagoeneko baztertu diren arrantza aparailuak, mikroplastikoak eta erabili eta botatzeko plastikoak, esaterako, poltsak, mahai tresnak edo edalontziak.

Temas

Euskera