Udan, eguzkia ez da begien etsai bakarra

Egun lainotsuetan ere erabili behar dira eguzkitako betaurrekoak. /LALESH ALDARWISH/PEXELS
Egun lainotsuetan ere erabili behar dira eguzkitako betaurrekoak. / LALESH ALDARWISH/PEXELS

Eguzkitik babestea ezinbestekoa da, baina ezin dira ahaztu igerilekuetako substantzietatik edo toki klimatizatuetako aire lehorretik babesteko neurriak

M. IMAZ

Larruazala eguzkitik babestearen garrantziaz jabetzen hasi gara, zorionez, baina maiz ahaztu egiten zaigu begiek ere babesa behar dutela udan, larriak izan daitezkeen kalteak ekiditeko. Begiek, larruazalak bezala, memoria dute, eta haietan ere pilatu egiten dira eguzki-printzen eragin kaltegarriak. Instituto Clínico Quirúrgico de Oftalmología-ko (ICQO) mediku Juan San Cristóbalek hainbat gomendio eman ditu uda honetan begiak zaintzeko, eta gogoratu du «nahitaezkoa» dela eguzkitako betaurrekoak erabiltzea, «baita egun lainotsuetan ere, eguzki-printzak hodeiak daudenean ere iristen baitira».

Babes egokia bermatzeko, eguzkiaren erradiaziotik isolatuko gaituzten betaurrekoak behar dira. Hortaz, kristalen eta filtroen kalitatea lehenetsi behar da, modaren eta diseinuaren gainetik. Eta, esan bezala, egun lainotsuetan ere erabili behar ditugu. Gomendioak bereziki garrantzitsuak dira haurren kasuan. Umeen begiak helduenak baino sentiberagoak dira, kristalinoak ez duelako oraindik behar bezala erregulatzen erradiazioaren sarrera. Gainera, helduek baino denbora gehiago igarotzen dute eguzkitan eta uretan, begiak babestu gabe gehienetan. Eguzkitako betaurrekoez gain, oftalmologoek gomendatzen dute txapel eta biserak erabiltzea eta, jakina, intentsitate handieneko orduetan, 12:00etatik 16:00etara, itzalean egotea.

Beste arazo batzuk

Eguzkia ez da, ordea, begien udako etsai bakarra. Badaude arazo larriak sorraraz ditzaketen ohitura txarrak ere. Esate baterako, uretan lentillak kendu gabe sartzea. Uretan lentillak erabiltzeak infekzio ugari eragin ditzake. Lentilla, hain zuzen, esponja baten antzekoa da. Likido batekin kontaktuan sartzen denean, xurgatu egiten du, blai-blai eginda gelditu arte. Lentilla eta guzti bainatzen garenean, ura sartzen bazaigu hortxe geldituko dira, besteak beste, kloroa, algen aurkako produktuak, itsasoko uretan dauden substantziak... Agian momentu horretan ez dugu ezer sentituko, baina epe ertain edo luzera infekzio, konjuntibitis eta korneako gaitzen iturri izan daiteke. Bereziki arriskutsuak dira igerilekuetako substantziak; nahiz eta ez izan eraginik larruazalean, oso kaltegarriak izan daitezke begientzat.

Gehiegizko lehortasuna ekiditeko, ura duten potoak eta landareak jartzea gomendatzen du espezialistak

Kanpo faktoreak ere badira. Adibidez, inguru lehorrak eta aire egokituak, «begien etsai nagusietakoak». Toki klimatizatuetan airea oso lehorra da, eta gutxi berritzen da. Horren ondorioz, oso azkar lurruntzen da malkoa. Gehiegizko lehortasuna ekiditeko, ura duten potoak eta landareak jartzea gomendatzen du espezialistak, bi elementu horiek giroa hezetzen baitute. Eta begien hidratazioa zaintzea oso garrantzitsua da begi lehorraren gaixotasunaren prebentziorako.

Hondartzan, bestalde, lagungarria izan daiteke begiak maiz kliskatzea, sartu ahal izan diren harea-pikorrak ateratzeko. Igerilekuan zein hondartzan, oso gomendagarria da halaber alboan botila bat ur mineral edukitzea, uretatik irteterakoan begiak garbitzeko.

Baliteke hala eta guztiz ere alergiak edo konjuntibitisak izatea. Azken hori da begietako infekziorik arruntena, biztanleriaren laurdenari eragiten diona. Udan ohikoagoa da, maiz behar bezala tratatu gabe dauden uretan ibiltzen garelako edo, beste muturrean, igerilekuetako ura tratatzeko erabiltzen diren susbstantziek eragin dezaketelako. Konjuntibitisa alergikoa bada, igerilekuan uretako betaurrekoak erabiltzea hobe, kloroarekin okerrera egiten baitu arazoak.

Espezialistak gomendatzen du aurreneko sintomak igarri bezain pronto okulistarengana edo medikuarengana joatea, ahalik eta azkarren hasteko tratamendu egokia. Egin behar ez dena da edozein kolirio edo tanta hartu eta nor bere burua medikatzen hasi. Elikadurak ere lagun dezake udan begiak zaintzen. Izan ere, antioxidatzaileak dituzten jakiek (arrainak, lekaleak, fruta tropikalak, kakahueteak...) babestu egiten gaituzte ikusmenarentzat kaltegarrienak diren erradikaletatik.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos