«UEUren Udako ikastaroak osasuntsu daude; topatu dugu gure nortasuna, gure tokia»

Irati Iciar, UEUren Udako Ikastaroen arduraduna./UEU
Irati Iciar, UEUren Udako Ikastaroen arduraduna. / UEU

Amaitu berri den 46. edizioaren aurreneko balorazio batean, Irati Iciar ikastaroen ardunadurak dio «ElkarEkin leloa gauzatzen den leku bat» izan direla

46. edizioan, #ElkarEkin leloari eutsi diote UEUren Udako Ikastaroek eta, horiek amaitu berritan, Irati Iciar arduradunak uste du bene-benetak gauzatu dela leloa ikastaroek iraun duten asteotan. «Iazko lelo berdina erabili dugu. Bereziki iaz hasitako ildotik, azpimarratzen jarraitu nahi dugulako zein garrantzitsua den UEUrentzat elkarrekintza, lankidetza, elkarkidetza hau», adierazi du Udako Euskal Unibertsitatearen YouTubeko kanalerako egindako elkarrizketan. Eta baliteke datorren urtean ere eustea, «oso garrantzitsua» delako «elkarrekintzaren hau azpimarratzen jarraitzea».

Aurtengo edizioaren balorazioa egiteko goiz bada ere, «orokorrean balorazio positiboa egiten dugu. Ikasturtearen hasieran markatutako helburuak bete ditugula esan daiteke», esan du. Eskaintza mantendu da, 35 ikastaro eskainiz (%85k egin dute aurrera) eta partaideei dagokienez bere da helburua; hau da, aurreko urteetako datuak mantentzea. Hirugarren helburua bete den edo ez parte-hartzaileek bete dituzten balorazio orriak irakurritakoan jakingo dute baina «badaude bizipen batzuk, sentipen batzuk eta nabaritzen duzu jendea pozik egon dela, bere helburuak lortu dituela. Alde horretatik ere pozik».

Aurten ere oso ibiltariak izan dira Gasteizen hasi ziren Udako Ikastaroak: «Eibar, Baiona, Iruñea izan dira urte askotan ikastaroen egoitza nagusiak; baina azken urteetan Usurbilen ere izan ditugu ikastaroak, Donostian ere bai. Mugitzen joan gara. Aurten lehen aldiz Udako Ikastaroak Arabara heldu dira, Gasteizera zehazki. Gasteizen ere beste hitzarmen eta elkarrekintza baten bitartez Oihaneder Euskararen Etxean egon gara», azaldu du. Gasteiztarra izaki, «harrotasun handia» izan da ikastaroak han hastea. Hasiera ekitaldiko beste oroitzapen indartsu bat ere badu: «EUrentzat, oso gauza polita izan da Jose Ramon Etxebarriari egin diogun omenaldia. Udako Ikastaroen hasiera oso polita izan da».

Gasteizkoa ez da izan, ordea, nobedade bakarra. Iruñean, esaterako, Ezpeleta jauregian egin dira aurreneko aldiz; Baionan barnetegia berreskuratu dute; «oso sentsazio onak» utzi ditu bigarren aldiz Usurbilen, bertako Udalarekin eta Jakinekin lankidetzan, egin diren jardunaldiak...

Irati Iciarrek ustez, «Udako Ikastaroen eskaintza edo fenomenoa bera aldatzen joan da UEUren barruan, baina baita inguruan ere». Garai batean «UEUren Udako Ikastaroak ziren euskaraz ikasteko zeuden bakarrenetakoak eta horregatik barnetegia eskaintzeak eta aste osoko bizipen hori eskaintzeak, helduen udalekua, bazeukan bere helburua». Hori aldatzen joan da, «euskararen normalizazioarekin eta euskal gizartearen eboluzioarekin» batera, moldatzen joan dira Udako Ikastaroak.

Horien arduradunaren hitzetan, «eboluzio horretan joan gara gure tokia topatzen. Gure tokia egiten. Eta gugana ElkarEkin honekin hurbiltzen direnek ere esaten digute bai dela leku interesgarri bat gaia lantzeko, gurekin elkarrekintzarako, jende ezberdinengana iristeko. Eta nik esango nuke gaur egun UEUren Udako Ikastaroak osasuntsu daudela. Topatu dugulako gure tokia. Gure nortasuna».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos