Txillardegi omendu dute AEK-k eta Korrikak

Piano-pieza batek zabaldu du ekitaldia, Eliezer Gutierrezen interpretazioarekin/Michelena
Piano-pieza batek zabaldu du ekitaldia, Eliezer Gutierrezen interpretazioarekin / Michelena

Piano-pieza batek zabaldu du ekitaldia. Gero, sortzailearen bizitza izan dute hizpide, unibertsitateko lanetik, euskalgintzan izan zuen eragineraino. Bere senideek Korrikaren oroigarria jaso dute

Txillardegi omendu dute, asteburuan, AEK-k eta Korrikak, «euskaldunoi egindako ekarpenengatik». 'Klika' lelopean, apirilaren 4tik 14ra egingo da Korrika, Garestik Gasteizera. Euskararen aldeko hautua egin eta «euskararen aroarekin bat egitera» animatuko dituzte parte-hartzaileakk, eta hain zuzen, Jose Luis Alvarez Enparantza zenak ere, bere garaian 'klika' egin zuela eta, «euskara batuaren sorreran izan zuen funtsezko paperagatik».

Laurehun lagun bildu dira Donostian, antolatzaileek jakinarazi dutenez, Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko omenaldi-ekitaldian, Jakin, EHU eta Txillardegi Liburutegia Herri Ekimeneko kideen parte-hartzearekin.

Piano-pieza batek zabaldu du ekitaldia, Eliezer Gutierrezen interpretazioarekin, Txillardegik «harreman berezia» baitzuen pianoarekin. Hala adierazi du Tamara Ferrari kazetariak, ekitaldiaren aurkezle-lanetan.

Biografia, dokumentala eta antzerkia

'Dabilen pentsamendua' liburu-bildumako lehen aleak argitaratu dituzte eta, horietan lehena da Txilardegiren biografia, Miren Rubio kazetariak idatzitakoa. Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariak biografiarako Joxe Azurmendik eginiko hitzaurrea hartu du hizpide.

Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle izan zen Txillardegi, eta hala nabarmendu du Jon Zaratek, EHUko Euskara eta Etengabeko Prestakuntzarako Errektoreordeak. Txillardegik EHUn lanean emandako 20 urteetan egindako lanak ekarri ditu gogora Zaratek, soziolinguistika matematikoaren oinarriak ezarri izana nabarmenduta.

Ekitaldira joandakoek 'Txillardegiren Klika' dokumentalaren estreinaldia ikusi dute: Kote Camachok zuzendu du lana, Eneko Dorronsororen laguntzarekin, eta Txillardegiri 14. Korrikarako eginiko elkarrizketaren irudiak ditu ardatz.

«Goi mailako figura ez ezik, herritarren artean ere aski ezaguna zen» Txillardegi, eta aintzatespen hori nahi dute Txillardegi Liburutegi Herri Ekimeneko kideek. Hala adierazi dute antzerki bidez Asier Sota eta Asier Hormaza aktoreek, Ramon Agirreren testu bat oinarri hartuta.

Txillardegiren senideek 21. Korrikaren oroigarria jaso dute, Asier Amondo Korrikako arduradunaren eskutik. Familiak «esker onez» hartu du omenaldia, Txillardegiren beraren ibilbidea gogoan hartuta.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos