Tuteran hasiko dute Nafarroako Bertsolari Txapelketa, larunbatean

Aimar Karrika, Eneko Fernandez, Alazne Untxalo, Mikel Lasarte, Joana Ziganda eta Saats Karasatorre ariko dira Tuteran/
Aimar Karrika, Eneko Fernandez, Alazne Untxalo, Mikel Lasarte, Joana Ziganda eta Saats Karasatorre ariko dira Tuteran

Aimar Karrika, Eneko Fernandez, Alazne Untxalo, Mikel Lasarte, Joana Ziganda eta Saats Karasatorre ariko dira Tuterako Musika Eskolan; igandean, bestalde, Julio Soto, Saioa Alkaiza, Iker Gorosterrazu, Iban Garro, Irati Majuelo eta Sahats Aleman izango dira Urdazubin

Tuteratik Urdazubira, Iruritatik Lizarrara, Lesakatik Atarrabiara eta Etxarri Aranatzetik Iruñera, Nafarroaren berdeak, horiak eta gorriak zeharkatuko ditu 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Guztira, 30 bertsolarik eman dute izena txapelketan, eta behin aurre-kanporaketak igarota, 24 izango dira Tuteran hasiko den ibilbidean.

Martxoaren 23ra arte, zortzi saiotan ariko dira, beste horrenbeste herrietan, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian finala jokatu arte. Zazpi epailek, hamabost gai-jartzailek eta laguntzaileek osatuko dute lantaldea.

Egitasmoa antolatu dute Nafarroako Bertsozale Elkarteak, Nafarroako Gobernuak eta tokian tokiko udal eta mankomunitateek. «Bertsogintzaren eta euskararen aldeko lan horri bultzada emateko aukeratzat» dute txapelketa.

Larunbatean, Tuteran, sei bertsolari ariko dira: Aimar Karrika, Eneko Fernandez, Alazne Untxalo, Mikel Lasarte, Joana Ziganda eta Saats Karasatorre, hain zuzen. Maialen Belarra ariko da gai-jartzaile lanetan. 17:30ean abiatuko da saioa, Tuterako Musika Eskolan.

Igandean izango dira, bigarren final-laurdenean, Urdazubin, Julio Soto, Saioa Alkaiza, Iker Gorosterrazu, Iban Garro, Irati Majuelo eta Sahats Aleman bertsolariak jardungo dira. Ainhoa Larretxea izango da gai-jartzailea, 17:30etik aurrera.

Elkarte antolatzailearen helburuen artean daude, «zaletasuna dagoen tokietan bertsolaritza sustatzea, eta horren zaletasun handia ez dagoen inguruetan ezagutaraztea; Nafarroako bertsolarien erakusleiho izatea; han eta hemen bertsolaritzaren alde lanean ari diren guztiak elkartzea; Nafarroako bertsolaritzaren ekosistema elikatzea; eta Bertsolaritza Nafarroan prestigiozko adierazpide gisa egonkortzea, eta jarduera kultural gisara gizarte osoari ezagutaraztea, euskaldun zein erdaldunei».

Sarrera guztiak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke, baita Tuterako Herriko Tabernan eta Nafarroa Oinez dendan, eta Urdazubiko kasuan, udaletxean, astelehenetik ostiralera 08:00etatik 15:00etara bitarteko ordutegian.

Temas

Euskera