Tratu txarrak eta sexu indarkeriaren biktimei arreta zerbitzu hobea eskaintzeko, erakunde arteko lana

Arlo ezberdinetan babes eta arreta osoa bermatzeko elkartu dira horretan lan egiten duten erakunde-ordezkariak/
Arlo ezberdinetan babes eta arreta osoa bermatzeko elkartu dira horretan lan egiten duten erakunde-ordezkariak

Oinarrizko zerbitzu sozialetako profesionalak prestatzeko formakuntza berezi bat sortzen ari da Emakunde, eta zerbitzu hobea nola eskaini hausnartzeko elkartu da Erakundeen arteko II Akordioaren Jarraipen Batzordea

Euskal Autonomia Erkidegoan tratu txarrak eta sexu indarkeria jasaten dituzten emakumeei arreta zerbitzu hobea nola eskaini hausnartzeko elkartu ziren pasa den astean emakume horiek artatuz lan egiten duten zenbait erakunderen ordezkariak.

Erakundeen arteko II Akordioaren Jarraipen Batzordea osatzen dute elkartutako lagunek, Emakunderen lehendakaritzapean. Lehenengoz 2001ean sortu eta 2009an berritu zen akordioa, Euskal Autonomia Erkidegoan etxeko tratu txarren eta sexu indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzen lan egiten duten erakundeen arteko koordinazioa dutelarik helburu. Horrekin batera, erakunde bakoitzak emakume biktimak artatzen dituzten profesionalen prestakuntzarako duen plana aurkeztu dute.

Horrela, emakume horiei arlo ezberdinetan babes eta arreta osoa bermatzeko helburua du akordioak, osasun arloan, polizialean, judizialean eta gizarte arloan. Hain zuzen ere, azken bilera honetan, bigarren akordio batera heltzeko metodologiaz hitz egin dute.

Erakundeek emakume biktimak artatzen dituzten profesionalen prestakuntzarako duten plana aurkeztean, guztiek nabarmendu dute formakuntzaren garrantzia. Emakundek, bere aldetik, jakinarazi du oinarrizko zerbitzu sozialetako profesionalak prestatzeko formakuntza berezi bat sortzeko lanetan ari direla. Bestalde, Jabetuz programak orain arte 300 profesional ezberdin prestatu dituela ere iragarri da.

Profesionalak saretuz

2015ean ikastaroa martxan jarri zenetik, ekimenaren helburua da biktimak artatzen dituzten profesionalen irizpideak bateratzea, emakumeen ahalduntzea ardatz modura hartuta. Honekin batera, profesionalen artean sare bat eratzea du helburu ikastaroak, euren arteko informazio trukaketa eta koordinazioa indartzeko.

Ikastaroan indarkeriaren biktima diren emakumeen arreta hobetzeko II erakunde arteko akordioan dauden erakunde guztietako profesionalek parte hartzen dute. Arartekoak, osasuna, justizia, gizarte bazterkeria, etxebizitza eta hezkuntzarekin zerikusia duten Eusko Jaurlaritzako sailek, Osakidetzak, Lanbidek, Ertzaintzak, Hezkuntza Ikuskaritzak, Berritzeguneak, epaitegietako talde psikosozialek, emakumeen kontrako indarkeriaren epaitegiek, udaletako berdintasun teknikariek, udal ezberdinetako udaltzaingoak, Abokatuen Euskal Kontseiluak eta Medikuen Euskal Kontseiluak.

Azkenik, elkarbanatu dituzte, baita ere, NBEren genero indarkeriaren biktimak artatzeko nazioarteko programan egin diren kalitate estandarrei buruzko aurrerapenak.

Temas

Euskera