STEAM estrategiak garatzeko, hezkuntza gako

Euskadik STEM arloko bokazioak eta lanbideak bultzatzeko europar proiektu batean parte hartzen du, beste 17 herrialderekin batera/Roman Rios
Euskadik STEM arloko bokazioak eta lanbideak bultzatzeko europar proiektu batean parte hartzen du, beste 17 herrialderekin batera / Roman Rios

Zientzia eta teknologien arloko bokazioak eta lanbideak bultzatzeko europar proiektuak arreta berezia jartzen dio gazteek, bereziki neskek, arlo horietako ibilbide profesionalak hauta dezaten bultzatzeari

DVDonostia

Euskadik STEM (science, technology, engineering and mathematics) arloko bokazioak eta lanbideak bultzatzeko europar proiektu batean parte hartzen du, beste 17 herrialderekin batera, gai horretara bideratutako Europako plataforma bat sortze aldera. Plataformak ezagutzaren gune gisa funtzionatzea nahi da, estatuei edo eskualdeei haien STEAM estrategiak hobetzeko zuzeneko laguntza emanez eta, bereziki, arlo horretako jardunbide egokien elkartrukea eta nazioarteko lankidetza erraztuz.

Dagoeneko existitzen den EU STEM Coalition-en oinarrian eraiki nahi da ekimena. Etorkizuneko Europako plataforma berri hori sortzeko, proiektuak 2020tik 2022 urtera egingo diren zeregin eta ekintzen egutegi bat proposatzen du.

Koalizio honek, halaber, bilatzen du egun arlo horren inguruan batere ekimenik abian jarri ez duten herrialdeetan STEAM estrategiak garatzea, horretarako Europako herrialde edo eskualde horietan hezkuntza-erantzukizunak dituzten erakundeak inplikatuz.

Proiektu honek, STEM bokazioak bultzatzeko programa eta ekimen horiek ezartzeko orduan, «helize hirukoitza» deitutakoa (gobernua, enpresak eta hezkuntza) osatzen duten eragileen arteko lankidetzaren garrantzian jartzen du azpimarra. Era berean, garrantzi handia ematen dio eskualdeko testuinguruari ere, STEAMerako eskualdeko ikuspegien eta ekimenen garapena aitortuz; izan ere, proiektuak kudeatu behar duen erronkak ez du konponbide bakar bat estatu bakoitzaren barruan edo Europan.

Euskadik parte hartzen duen EU STEM Coalition proiektuaren helburuetako bat da Europako estatuen eta eskualdeen artean esperientzia edo jardunbide egokiak elkartrukatzen lagungarri izatea, STEAM hezkuntza-estrategiak ezartzeari begira.

Europako proiektu honen barruan, Hezkuntza Sailak –Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzaren bidez-eta Innobasquek Hegoaldeko Nodoa koordinatzeko eginkizuna hartu dute aipatutako koalizioan. Nodo horretako kide dira, besteak beste, Frantzia, Espainia eta Grezia.

Hartara, profil profesionalen urritasunari aurre egitea da asmoa, eta hezkuntzatik lan-merkaturako bidea hobetzea. Hala ere, sarritan batzuek zein besteek hartutako ikuspegietan aldea handia izaten da. Ondorioz, guztien arteko koordinazioa hobetzeko premia handia sumatzen da, baita ikuspegi estrategikoagoak garatzekoa ere, bereziki oraindik STEAM estrategiarik abian ez duten estatu edo eskualdeetan. Arreta berezia jarriko diete emakumezko ikasleei bereziki, hauen artean STEM deitutako lanbideak sustatzeko.

Temas

Euskera