'Soziolinguistika hiztegi txikia' ikastaroa antolatu du Gasteizko Oihaneder Euskal Etxeak

Udako Euskal Unibertsitatearekin elkarlanean antolatutako hirugarren ikastaroa da, eta Hausnartu deialdian saritutako hainbat soziolinguistika lan aurkeztuko dira bertan

Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak 'Soziolinguistika hiztegi txikia' ikastaro berria eskainiko du, euskara ardatz duen eta Udako Euskal Unibertsitatearekin elkarlanean antolatutako hirugarrena. Ikastaroa urtarrilaren 29an abiatuko da, kultura protagonista dela, Manex Agirre Gorbeialdeko Kuadrillako euskara teknikari eta bertsolariaren eta Josu Amezaga Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Komunikazioa eta Publizitatea Saileko zuzendari eta NOR Ikerketa Taldeko buruaren eskutik. Izen-ematea zabalik dago.

Oihaneder Euskararen Etxetik jakinarazi dutenez, Soziolinguistika Klusterraren Hausnartu deialdian saritutako hainbat soziolinguistika lan aurkeztuko dira ikastaroan, Arabako ukituarekin. Urtarriletik maiatzera bitartean, hilean behin, bost gai landuko dira: kultura, komunikazioa, hezkuntza, hizkuntza eta kulturartekotasuna.

Ikastaro berria antolatzeko, Soziolinguistika Klusterrak egiten dituen Hausnartu sariengan jarri da arreta. Deialdian saritutako lanek maila tekniko eta metodologiko gorenean lantzen dituzte gaiak. Euskal gizartearen interesekoak direla iritzita, ikerketa eta ezagutza soziolinguistikoa gizartearen esku modu dibulgatibo eta erakargarrian jartzea da asmoa, gaiak tokiko euskaldunari gerturatuz. Saritutako lanak Gasteiz eta Arabara hurbiltzeko eta tokiko ikuspegia emateko, Hausnartu sarituarekin batera bertako hizlari batek hartuko du parte.

«Soziolinguistika hiztegi txikia» ikastaroak bost arlo jorratuko ditu: kultura, komunikazioa, hezkuntza, hizkuntza eta kulturartekotasuna, beti ere euskara ardatz. Bost saio eta hamar hizlari izango dira eta horietako bakoitzak «ekarpen interesgarri bat egin dio euskarak arlo horietan dituen erronkei eta arazoei». «Ikastaroaren helburu nagusia da kezka horiek gizarteratzea eta denon artean hausnarketa kolektiboa egitea da», adierazi dute.

Bost saio

Urtarrilaren 29an, Manex Agirre Gorbeialdeko Kuadrillako euskara teknikari eta bertsolariak eta Josu Amezaga EHUko Komunikazioa eta Publizitatea Saileko zuzendari eta NOR Ikerketa Taldeko buruak kultura izango dute ardatz. Agirrek «Arabako bertso eskolak, gazteek hitza hartzeko guneak» izeneko hitzaldia eskainiko du, eta Amezaga «Euskarazko kulturaren kontsumoa ulertu nahirik» gaiaz arituko da.

Otsailaren 26an komunikazioaz arituko dira Gartzen Garaio, Aitor Zuberogoitia eta Goio Arana. Martxoan hezkuntza izango dute aztergai Leire Diaz de Gereñuk eta Naiara Berasategik, eta apirileko saioa hizkuntzaren inguruan ardaztuko da Txerra Rodriguez eta Galder Unzaluren eskutik. Bukatzeko, Amelia Barquín eta Mario Zapata kulturartekotasunaz arituko dira maiatzean.

Saioak hileko azken astearteetan izango dira, 19:00etatik 20:30era bitartean. Lehen saioa, urtarrilaren 29koa, irekia eta doakoa izango da, baina ikastaro osoan parte hartzeko izena eman behar da. Izen-ematea zabalik dago jada UEUren webgunean. Ikastaro osoak 30 euroko prezioa du, eta saioek banaka 10 eurokoa. Amaieran parte hartze ziurtagiri homologatua emango da.

Temas

Euskera