Senpereko lakuaren bueltan, jai handirako dena prest

Goizeko hamarretan ekingo diote egun osoko jaiari/Lusa
Goizeko hamarretan ekingo diote egun osoko jaiari / Lusa

Herri Urrats Iparraldeko ikastolen jaia egingo dute igandean, maiatzak 12. Jarduera ugari egiteko aukera izango da; zuzenean ikusi ahalko diren artisten artean, Manez eta Kobreak, Liher, Herrit'mo, Bax'Ainarak, Zarena Zarelako, So.K, Saltoka, McOnak, La Basu, En Tol Sarmiento, Kuartz eta Iron & Maider daude

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Goizeko hamarretan ekingo diote igandean, hilak 12, Herri Urrats Iparraldeko ikastolen jaiari. Ekitaldi ugari izango dira Senpereko lakuaren bueltan antolatzen diren guneetan: musika, tailerrak, kontzertuak... Seaska elkarte antolatzaileak autobusak antolatu ditu Ipar Euskal Herriko hiri nagusietan, eta Senpere eta aintzira lotzeko ere bai. Autoentzako aparkalekuak ere zehaztu dituzte, eta autokarabanentzako aparkaleku berezi bat ere antolatu dute.

Aurten Seaskak, iparraldeko ikastolen federazioak, 50. urteurrena ospatuko du. 1969an zabaldu zuen lehen ikastola, Arrangoitzen, Lapurdin. Ipar Euskal Herrian, egun, 3.700 ikasle eskolatzen ditu bere 36 ikastexeetan. Ipar Euskal Herrian euskaraz ikasteko aukera eskaintzen duen sistema bakarra da Seaskarena, eta 50. urteurrenaren harira, hainbat ekimen antolatu dituzte otsailetik udazkenera arte.

Aurtengo Herri Urratseko leloa 'LK' izango da, 'eleka', elekatu, mintzatu, hitz egin esan nahi duena. Zuzenean ikusi ahalko diren artisten artean, Manez eta Kobreak, Liher, Herrit'mo, Bax'Ainarak, Zarena Zarelako, So.K, Saltoka, McOnak, La Basu, En Tol Sarmiento, Kuartz eta Iron & Maider daude. Askotariko tailerrak ere egingo dituzte.

Hain zuzen, aurtengo Herri Urratseko abestiaren konposizioa eta musika En Tol Sarmientok egin ditu, Maddalen Arzallusek lagunduta letren konposizioan. Konponketak, ekoizpena, grabaketa eta masterizazioa DeepSodak egin ditu. Bideoklipa, halaber, TAOMek egin du.

Publikoaren harrera hobetzeko, igandean, Araba gunean Informazio gune bat gehituko dute. Nahi dutenentzat, txartelak kreditu txartelaren bitartez erosteko aukera izanen da Nafarroa eta Araba guneetako txartel salmenta postuetan. Hauekin ogitarteko eta taloez gain, edariak erosteko aukera egongo da gune desberdinetan.

Temas

Euskera