Sendotze urtea izango da 2019a UEMArentzat

Legorretan egin dute bilera UEMA osatzen duten 86 udaletako hainbat alkate eta zinegotzik/
Legorretan egin dute bilera UEMA osatzen duten 86 udaletako hainbat alkate eta zinegotzik

Besteak beste, 2018an egindakoaren balantzea aztertu eta 2019rako egitasmo nagusiak onartu dituzte UEMAren balantzea egiteko bileran. Oro har, udalerri euskaldunen garapena, hizkuntza politiken zeharlerrotasuna, elkarlana, lege babesa eta herritarren sentsibilizazioa nabarmendu dituzte

Urteko balantzea egiteko elkartu dira UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kideak, aztertzeko, besteak beste, udalerri euskaldunen prebentziotik garapenera eman beharreko urratsak biltzen dituen txostena, udalerri euskaldun eta turistikoetan bisitariei euskararen inguruan egindako azterketa, eta eragin linguistikoak azken urtean izan duen ibilbidea eta zabalkundea.

Datorren urtean burutu beharreko lanak ere zerrendatu dituzte, hurrengo hilabeteotako lanerako ildo nabarmenenak. Batetik, erabaki dute udalerri euskaldunen lurgunea osatzea: UEMAra sartu daitezkeen herriekin egin beharreko lanaz gain, maiatzeko hauteskundeen ondoren agintaldi berriko udalbatzekin eta udal ordezkari berriekin UEMAren nondik norakoak eta UEMAren lana ezagutaraztea, hain zuzen.

UEMA erakunde gisa sendotzen ere egingo dute lan. Hainbat erakunde publikok udalerri euskaldunen garrantzia ikusarazteko elkarlanean egingo duten komunikazio kanpaina, elkarlana gainerako erakundeekin, eta sortuko diren udal eta aldundi berriekin harremanak eta hitzarmenak egitea ere espero dute. Gainera, udalen eta udalerrien euskalduntzean bereziki egingo dute lan, udalen erabateko euskalduntzeko bitartekoekin eta planekin lanean jarraituz, udalerrietako diagnostikoak osatuz, zerbitzu sektorea euskalduntzeko kanpainak eta formakuntza saioak eginez.

Herritarren sentsibilizazio eta ahalduntzean ere sakonduko dute, sektorekako tailerrak eta trebakuntza saioekin jarraituz, eta UEMAren hezkuntza proiektua sendotuz, bai hezkuntza arautuan (ikastetxeetan) eta bai eremu ez arautuan (gazte topaketak).

Halaber, Udalerri euskaldunen zaintzarako eta babeserako bitartekoak garatuko (Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa: zabalkundea) dituzte, eta garapenerako urratsak eman, zeharlerrotasunez.

Egun, 86 udalek osatzen dute Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, guztien artean 250.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osatuz. 1991n, sorrerako batzarrean 17 udalek hartu zuten parte, eta ordudanik hazten joan da udalerri euskaldunen lurgunea, udalen kopuruari dagokionez. Agintaldi honen hasieran, esaterako, 72 herri ziren UEMAko kide. Orain 86 dira.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos