Bizirik jarraitzeko, sendotasuna behar dute hizkuntzek inguru digitalean

Ezkerretik eskuinera, Irati Lizeaga, Miren Artetxe, Miren Dobaran, Izaskun Kuartango eta Garbiñe Mendizabal./FOKU
Ezkerretik eskuinera, Irati Lizeaga, Miren Artetxe, Miren Dobaran, Izaskun Kuartango eta Garbiñe Mendizabal. / FOKU

Ingurune digitaleko euskararen garapen soziolinguistikoa aztertu zuten, besteak beste, Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren X. edizioan

Ingurune digitala izan du hizpide, beste gai batzuen artean, asteartean Bilboko Bizkaia-EHU aretoan egin zen Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren X. edizioak. Hain zuzen ere, ingurune digitaleko euskararen garapen soziolinguistikoa aztertu zuten eta, horrekin batera, soziolinguistikaren inguruko hainbat proiektu ezagutu eta horien lanketan parte hartzeko aukera ere egon zen. Lehen aldiz, gainera, Jardunaldiaren baitan eman zen Hausnartu Soziolinguistika saria, Izaskun Kuartango bilbotarrak jaso zuena.

Irekiera ekitaldiaren ondotik, Andras Kornai aditu hungariarrak eman zuen lehen hitzaldian, hizkuntzek eremu digitalean dituzten arriskuez ohartaraziz. 'Nola salbatu hizkuntza bat heriotza digitaletik?' izeneko hitzaldian hizkuntzen biziraupenean ingurune digitalean egoteak duen garrantzia azpimarratu zuen eta mundu mailako ehundaka hizkuntzen inguruan egindako ikerketaren gaineko xehetasunak aurkeztu zituen. Tartean hizkuntzen heriotza digitala aurreikusteko zantzuen berri ere eman zuen, inguru digitaletan presentzia urria izatea edota natibo digitalen komunitatea ahula edukitzea heriotza horren adierazgarritzat jo dituelarik.

Segidan inguru digitalean euskararen egoeraren eta erronken inguruan hausnartu zuten hainbat adituk. Maite Goñik (Euskararen Aholku Batzordea) herri agenteei begira, inguru digitalean euskarak zer behar duen ikusteko egin duten lana aurkeztuz eta 2020ra begirako gomendioak identifikatuz. Josu Waliñok (PuntuEUS Fundazioa) euskara muinean izango duen estrategia digitalerako ardatzak izendatu zituen bitartekotza, burujabetza teknologikoa, edukien garapena, sustapena eta gidaritzaren garrantzia. Arantza Diaz de Illarrazak (Ixa taldea) hizkuntzak biziko badira teknologiarekin batera bizi beharko dutela azaldu zuen, besteak beste.

Ildo horri jarraituz Josu Aztiriak (Elhuyar Fundazioa) nagusiak diren hizkuntzen eta ahulagoak direnen arteko arrakala teknologikoa handitzen ari dela gogorarazi zuen. Burujabetza teknologikoa, hizkuntza-teknologien berariazko planak eta bertako zentro teknologikoen indartzea ezinbestekotzat jo zituen. Aitzol Astigarragak (Euskal Wikilarien Elkartea) euskararen plaza digitalari begiratu zion Wikipediatik. Euskal Wikipediak duen arrakasta gogoan hartuta ohartarazi zuen edukiak euskaraz sortzea ez dela aski inguru digitalean posizio bat izateko, eta horien erabilera edo kontsumoa sustatzeari garrantzia eman zion. Azkenik Xabier Landabidea (Deustuko Unibertsitatea eta Udako Euskal Unibertsitatea) ikuspegi zabalago batetik aritu zen eta inguru digitalean euskal hiztun komunitatearentzako eszenatoki berriak marrazten ari ote diren edota euskaldunen eta euskararen baitan mutazioak ematen ote diren zalantzari heldu zion.

Atsedenaldiaren ondoren lantegien txanda iritsi zen. Batean, Belen Uranga eta Xabier Aierdiren eskutik Gipuzkoako hizkuntza aniztasunaren mapa landu da. Generoa, eskualdeak eta immigrazioa aintzat hartuta, Gipuzkoan topo egiten duten hizkuntzen nondik norakoak landu zituzten. Bigarren lantegi batean, 'Tokian tokiko hizkuntza aktibaziorako gakoen bila' aritu ziren Helene Armentia, Amaia Balda, Zesar Martinez eta Imanol Larrea. Bertan, euskara sustatzeko 'txinparta' nola piztu daitekeen lantzen aritu ziren. Azkenik hirugarrenean, 'Ingurune digitaleko norabidea elkarrekin lantzen' Jardun zuten Azkue Fudazioaren laguntzaz.

Hausnartu sariak

2018ko Hausnartu sarien banaketa bazkalostean egin zen. Izaskun Kuartango, Miren Artetxe eta Irati Lizeaga irabazleak saria jasotzera igo ziren eta haien lanen aurkezpena egin zuten segidan. Hirugarren saria jaso zien Irati Lizeaga Oiartzunen kokatzen den Lintzirin merkataritza gunearen inpaktu linguistikoaz egindako ikerlana aurkeztu zuen. Miren Artetxe bigarren saridunak Iparraldeko bertsolari hiztun berri gazteen legitimazio prozesuak izan zituen hizpide. Izaskun Kuartangok, aldiz, administrazioaren jardueraren ebaluazioan jarri zuen arreta eta bezero misteriotsuaren teknikaren erabilgarritasuna ekarri zuen argitara.

Amaitzeko, Soziolinguistika Klusterrak gaur gaurkoz esku artean dituen zenbait proiektu aurkeztu zituen. Belen Urangak BAT soziolinguistika aldizkariaren ibilbidea nabarmendu zuen, bertan argitaratu duten dozenaka aditu eta lagunak gogora ekarriz. Asier Basurto aritu zen ondoren praktika komunitatearen metodologiaz eskuratzen diren emaitzen inguruan. Pablo Suberbiolak hizkuntza-ohiturak aldatzeko ezinbestekoak diren bi osagaiak azaldu zituen: testuinguru egokia eta aitzakia edo probokazio puntual bat. Olatz Bengoetxeak, berriz, ahozkotasuna ikasgelan lantzeko duten moduaren arabera bereizten diren 3 irakasle eredu deskribatu zituen bere aurkezpenean. Egunari itxiera Imanol Larrea Soziolinguistika Klusterreko zuzendariak eman zion, zenbait ondorio errepasatuz.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos