Lau urtean, laukoiztu egin da espazio publikoetan eta osasun-eremutik kanpo dauden desfibriladoreen kopurua

Desfibriladoreak establezimendu publiko eta saltoki handietan, aireportuetan, autobus-, tren- eta metro-geltokietan, kirol- eta ikuskizun-instalazioetan eta ikastetxeetan daude, besteak beste/Sudupe
Desfibriladoreak establezimendu publiko eta saltoki handietan, aireportuetan, autobus-, tren- eta metro-geltokietan, kirol- eta ikuskizun-instalazioetan eta ikastetxeetan daude, besteak beste / Sudupe

Geldialdi kardiakoen %80 ospitaletik kanpo gertatzen da; horregatik, bizitzak salbatzeko osasun-eremutik kanpora desfibriladoreen erabilera sustatzea da Jaurlaritzaren helburu nagusia

DVDonostia

Euskadik, dagoeneko, 1.931 desfibriladore automatiko ditu erabilgarri espazio publikoetan eta osasun-eremutik kanpo. Eusko Jaurlaritzak horiek jartzea eta horien erabilera arautzen duen eta horiek jende ugari batzen den espazio publikoetan jartzeko derrigortasuna ezartzen duen Dekretua onetsi eta ia lau urte eta erdira, desfibriladore-kopurua laukoiztu egin da.

Horrela, 2015eko urtarrilean, Euskadin 550 desfibriladore zeuden erroldan sartuta, eta harrezkero, beste 1.381 desfibriladore jarri dira. Lurraldeen arabera honela banatzen dira: 1.029 Bizkaian, 576 Gipuzkoan eta 326 Araban. Hiriburuen arabera, Bilbok 299 desfibriladore ditu, Gasteizek 242 eta Donostiak 156.

Aparatu horiek establezimendu publiko eta saltoki handietan, aireportuetan, autobus-, tren- eta metro-geltokietan, kirol- eta ikuskizun-instalazioetan eta ikastetxeetan daude, besteak beste, eta osasun-lanbidetik kanpokoek erabil ditzakete. Horrek pertsona batek bizirauteko itxaropenak areagotzen ditu, bihotz-biriketako geldialdi kasuan, harik eta larrialdietako zerbitzuak iritsi arte.

Osasun saila pozik agertu da, honek proposatuta dekretua onesteko aintzat hartu zen helburua bete delako. Helburua da «harik eta bizitza-kopuru gehien salbatu ahal izatea eta, horretarako, herritarren esku erraz erabiltzeko moduko gailuak jartzea». Desfibriladore ugari jarri dira derrigortasuneko lekuetan, baina, halaber, borondatez ere jarri dituzte zentro askok, eta horrek bizitzak salba ditzake; izan ere, geldialdi kardiakoen %80 ospitaletik kanpo gertatzen da.

Euskadin, desfibriladore-kopuru gehien

Zehazki, bizitzak salbatzeko osasun-eremutik kanpora desfibriladoreen erabilera sustatzea da 2015eko dekretuaren helburu nagusia; hura bat-bateko heriotzaren arazoaren aurreko gizarte-kontzientziazioaren eta Eusko Jaurlaritzak osasun-arazo horren inguruan duen interesaren ondorioz sortu zen. Euskal araudian ezarritako irizpideen ondorioz, Euskadi desfibriladore-kopuru gehien duen autonomia-erkidegoetako bat da, eta kopurua gehien areagotu duen erkidegoetako bat.

Bestalde, 7.800 pertsonak baino gehiagok ezarri dute, dagoeneko, beren gailu mugikorretan ospitalez kanpoko geldialdi kardioakoan laguntzeko aplikazioa. Aplikazioa Osasun Sailak eta Osakidetzak prestatu dute, pertsonen esku informazio erabilgarria jartzeko eta erantzuteko duten gaitasuna areagotzeko, geldialdi kardiako baten kasuan esku hartu behar bada. Aplikazioa aitzindaria izan da Estatuan eta, horren bidez, Euskadin dauden desfibriladoreak aurki daitezke. Aplikazioaren bidez 112 zenbakira egiten diren deiak erregistratzen direnetik, 2017ko otsailetik, 675 dei egin dira.

Temas

Euskera