10.700 emakumeri eragiten die endometriosiak Euskadin

Umeak izateko adinean dauden emakumeen %10-15 inguruk jasaten duela zenbatetsi da/Nagore Iraola
Umeak izateko adinean dauden emakumeen %10-15 inguruk jasaten duela zenbatetsi da / Nagore Iraola

Endometriosiaren bereizgarria da hilekoan ezkatatzen denaren antzeko ehuna hazten dela, baina ohiko lekutik kanpora, alegia, uterotik kanpora. Antzutasuna eta ernalezintasuna eraguin ditzake, besteak beste

DVDonostia

Endometriosia umeak izateko adinean dauden emakumeetan eragina duen patologia sendaezina da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 10.749 emakumek dute. Osakidetza Endometriosian Eguneratzeko II. Jardunaldia egiten ari da ostiral honetan, hilak 14, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean, endometriosiari buruzko ezagutzak trukatzeko, eta bertan eman dute endometriosidunen zifra hori.

Endometriosia gaixotasun onbera eta kronikoa da, prebalentzia handikoa, eta umeak izateko adinean dauden emakumeen %10-15 inguruk jasaten duela zenbatetsi da. Endometriosiaren bereizgarria da hilekoan ezkatatzen denaren antzeko ehuna hazten dela, baina ohiko lekutik kanpora, alegia, uterotik kanpora.

Sintomak ugari izan daitezke. Ohikoena pelbiseko mina da (menstruazioan, sexu harremanetan edo libratzeetan), bai eta antzutasuna eta ernalezintasuna ere. Hala ere, jasaten dutenen %30 inguruko ez dute sintomarik, eta horrek zaildu egiten du diagnostikoa. Horrela, goizetik detektatzea funtsezkoa da, kasu bakoitzean tratamendu egokiena zehazteko.

Gurutzetako ospitalean egiten ari den jardunaldia profesionalei eta pazienteei zuzentzen zaie, eta helburua da diagnostiko metodoei buruzko eta orain arteko aukera terapeutikoei buruzko ezagutzak eguneratzea eta partekatzea. Euskadi osoko 200 profesional baino gehiago eta patologia hori jasaten duten emakumeek eratutako EndoEuskadi elkartea parte hartzen ari dira.

Mikel Sanchez Eusko Jaurlaritzako Osasun Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazioko zuzendaria arduratu da jardunaldiaren inaugurazioaz: «Gaur egun, endometriosiak jarraitzen du osasun ekipoetarako erronka handia izaten, jasaten dutenen bizi kalitateak nabarmen txarrera egitea eragin baitezake. Gaur Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean egiten den jardunaldi honek, besteak beste, profesionalek informazioa trukatzeko eta beren ezagutzak zabaltzeko bide ematen du, ahalik eta osasun asistentzia onena eskaintzeko».

Diagnostiko azkarra

Osakidetzak emaginak eta ginekologoak ditu osasun zentroetan, eta horiek zuzenean daude lehen mailako arretako medikuekin harremanetan, pazienteei diagnostiko azkarra egiteko aukera emanez. Gainera, Historia Kliniko Bakarraren bidez, profesionalek informaziora jo dezakete, kontsultak erraztu eta prozedurak arintzeko.

Gerora, paziente horiek lurralde bakoitzeko erreferentziazko ospitalera bidera daitezke, eta horietan, endometriosia barne hartzen duen patologia ginekologikoaren kontsulta bereziak daude. Bertan, kontrol egokiak egiten zaizkie, beharrezko proba diagnostiko guztiak, bai eta kasu bakoitzean adierazitako tratamenduak ere.

Ostiral honetan egiten ari den zientzia jardunaldian hamabost hitzaldi eta lau mahai inguru izango dira, zenbait gai aztertzeko, besteak beste, endometriosiaren terapia, noiz eta nola egin ebakuntza edo ugalketa teknikak pazienteetan.

Temas

Euskera