Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Dasyurus viverrinus da quollaren izen zientifikoa. SONTAG1
Quolltxo, ez jan apo hori!

Quolltxo, ez jan apo hori!

Segituan kontatuko dizuedan ipuin antzeko pasadizo benetakoak badu oinarri zientifikorik. Izan ere, 'bilakaera azeleratua' delakoa ezinbestekoa du bizirik irauteko 'quoll' ugaztun martsupial txikiak

Begoña del Teso

San Sebastián

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Domingo, 5 de agosto 2018, 11:55

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Australian gaude. Australiako Iparraldean. Queenslanden. XX. mendean. Australiako azukre-kanabera plantazioetan joan den mendeko hasierako hamarkadetan. Jatorria han bertan duen kanaberako kakalardoa izugarri ugaldu da. Izurria bilakatzeraino. Gustuko du kanabera pizti txiki honek. Eta beti da gose. Jale handia da. Kanaberaren zukua beste apetarik ez du.

Nekazariak arras daude kezkaturik. Galerak izugarriak dira. Eta kakalardoa, garaiezina.. Iraunkorra. Menderaezina. Esan, esan genezake zomorro horrek etsairik ez duela. Inon… Ala bai? Bai! Urruti samar: Ameriketan. Hor badago apo bat, Rhinella marina izena duena. Latinez. Egun badakigu kalte handiak egiten dituzten espezie inbaditzaile beldurgarri horietako bat dela. Arriskutsuenetan perilosena izan ere. Egun badakigu. Joan den mendeko lehen hamarkadetan horren berririk ez genuen, ordea. Beraz erabakia hartzen dute Australiako Iparraldeko laborariek. Diotenez, apo horrentzat, kakalardoa bezalakorik ez duen gutizia da. Jan-gauza gozo-gozoa. Eta Australiako kakalardoaren antzera, Ameriketako apoa jale handia da. Beti da gose. Gau eta egun.

1935ean ondorio ikaragarriak izango dituen erabakia hartu zuten kanabera-landatzaileek: 102 apo ekarri zituzten Australiara. Hawaiitik. Ekainean izan zen. Abuzturako 3.000 ziren jada, azkar ugaltzen baitira. Bertakoak ziren zomorro horiek gogo handiz, sabelkoi, ziztu batean irentsi zituzten kanpotik etorritako batrazioek, jatun ikaragarriak izateaz gain… toxikoak zirenak, oso-oso-oso pozoitsuak.

Hamarkadak daramatzate australiarrek apo pozointsu honen kontra borrokan.
Hamarkadak daramatzate australiarrek apo pozointsu honen kontra borrokan. REUTERS

Gaur, XXI. mendeko lehen hamarkada honetan, 200 milioi apo toxiko daude Australian. Aspaldi ekin zioten lur berriak konkistatzeari. Izan ere, urteak dira Mendebalderako bidea hartu zutela. Eta, sinetsi ala ez, azkarrago joateko, urrutiago iritsi ahal izateko zuhur eboluzionatu dute. Orain, luzeagoak dituzte hankak. Baita sendoagoak ere.

1935ean denek pentsatu zuten apo horiek kakalardo hura menderatzeko bitarteko ezin hobea zirela. Eta natural-naturala. 2018 honetan, konparaziorik ez duen amesgaiztoa dira. Eta parekorik ez duen arriskua bertako faunarentzat. Kakalardorik ez badago, beste edozer jango du Rhinellak.

Okerrago ezin? Ba bai, txarrera egin dezaken guztiak txarrera egingo du, ez izan dudarik. Australian badira kanguruaz gain beste martsupial franko. Horietako batek quoll du izena. Txikia da. Polita. Eta, barka, inozo xamarra.

Ergel xamar ere bada. Pentsa ezazue: Rhinella horiek ditu gutizia! Bai ondo, esango duzue zuek. Horrela, akabo apoak! Ba ez. Hasteko, nazkagarriak dira Rhinellak. Oso. Atsituak. Eta handiak. Quollak 75 zentimetro neurtu ohi du. Apoak, 15. Pisu aldetik, zazpi kilo ditu quollik handienak. Eta bi Rhinalla erraldoiak.

Baina, bueno, gustua, bakoitzak berea. Eta kito. Martsupial txikiak apo kirasdunak baditu mokadu fina, hor konpon. Ez! Ez ahaztu Rhinallak toxikoak direla. Beraz, janez gero, irentsi orduko, quoll baboa hil egiten da. Badira urteak quollak desagertzeko zorian daudela, ez direlako ondo egokitzen gizakiok sortu dugun bizimodu zakar berri honetara, eta predatzaile franko dituztelako. Hori guztia gutxi balitz, orain berariek ari dira beren buruaz beste egiten…

Ba al da ba esperantzarik quollentzat? Dirudienez, bai! Zientzialariak eta ekologistak konturatu dira martsupial horietako batzuek, auskalo zergatik, ez dutela Rhinella gogoko. Ez dituzte jaten. Nazka (kasik genetikoa) ematen die. Hortxe, igual, salbazioa. 'Gourmet' zuhur horiek 'gourmand' tripontzi eta suizida batzuekin gurutzatu dituzte, eta baieztatu jaio berriak ahozuriak direla ere. Mokofin galantak. Apoari mespretxuz begiratzen diote eta jangai sanoagoak aukeratu. Basafruituak, muskerrak, intsektuak…trikuak. Galzoriko espezieentzako aterpeetan egin ziren aurreneko gurutzatze horiek baina, arrakastatsu gertatu direnez, orain baso eta soroetan libre bizi direnekin ari dira burutzen. Suerte handiz. Hori da, hain zuzen ere, eboluzio azeleratua. Hautespen naturala eta hautespen artifiziala bat eginik, ale sendoagoak, bizkorragoak sortuko dira. Kasu honetan, arerio toxikorik izango ez duen martsupial berria.

Baboa deitu diogu quollari apo pozoitsuk jaten dituelako… baina ez pentsa, gu antzekoak gara: gizaki batzuek Estatu Batuetako Sonora basamortuan bizi den Apo Gorrixka miazkatzen dute! Diotenez, apo jigante horrek bufotenina izeneko substantzia jariatzen du. Psikotropiko ikaragarria, askok Jainkoaren molekula deitzen diote. Ikertzaileen esanetan, apoa miazkatzea ez da ezinbestekoa trantzean murgiltzeko. Hobe erreko bazenu. Apoa? Ez, bere jariakina…

Hala ere, zintzo eta erne ibili, arren. Ez ahaztu apo psikodeliko horiek haztea delitua dela hainbat herrialdetan...

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios