Patxi Uribarrenen lekua hartu du Roberto González de Viñaspre euskaltzain osoak akademian

Urrutia eta Viñaspre, asteburuko ekitaldian/Euskaltzaindia
Urrutia eta Viñaspre, asteburuko ekitaldian / Euskaltzaindia

Euskaltzain osoak bere hitzaldi-sarrera irakurri du Trebiñuko Done Petri elizan burututako ekitaldian; kargu berriaren zina egin du eta Andres Urrutia euskaltzainburuak diploma eta domina ezarri dizkio

DVDonostia

Roberto González de Viñaspre euskaltzain osoak bere hitzaldi-sarrera irakurri du, eta Patxi Uribarren emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea bete du, Trebiñuko Done Petri elizan burututako ekitaldian. Euskaltzaindiaren diploma eta domina ezarri dizkio Andres Urrutia euskaltzainburuak, eta «euskararen alde orain arte egin dituen lanen esker-erakutsiz eta gerokoen pizgarri, lankidetzat hartu» du. Ostean, kargu berriaren zina egin du.

Bere sarrera-hitzaldian, Patxi Uribarren euskaltzain emerituaren ibilbide garrantzitsua aletu du Viñasprek, aramaioarraren eginak eta gogoak errepasatuz: «Bizitzako urte asko eskaini dizkio arima-arimatik maite duen euskarari». Hala, gogoratu du Uribarrenek frankismoaren «urte latzetan» Santutxuko gau-eskoletan eginiko lan itzela, eta, nola ez, Euskaltzaindian eginikoak: irakaskuntzan, euskalduntze-alfabetatzean, euskalkiekin, euskararen sustatzean eta abar. «Onomastikari ere ekin dio bere ikerketa ibilbidean –azpimarratu du González de Viñasprek–. Gogoratu behar da Filologia Erromanikoaren lizentzia eskuratu zuela 1974an Aramaioko toponimiari buruzko tesi lanarekin, Mitxelenaren zuzendaritzapean egin zuena». Horrez gain, Bostak bat taldean karmeldarrak hiztegigintzan egindakoak ere aipatu ditu.

Derrigorrezko esker eta aipuen ostean, bere hitzaldiko gai nagusiari heldu dio, Bilbon jaiotako arabarrei, hain zuzen. Horretara, Trebiñuko historiaz eta kulturaz jardun du, eta gogoratu du euskara ere trebiñarren ondarea dela. «Gaztelaniak antzinako presentzia du lurralde honen sartaldean, eta ausaz elebitasun-egoera luzea izan da Trebiñu Konderriko beste zenbait ingurutan. Dena dela, euskara ere trebiñarren kultura ondarea da, berezko linguistikoa, egiaztatuko dugunez», esan du.

Halaber, euskal toponimia eta euskararen hedapen-muga historikoak bere biografiarekin uztartu ditu hitzaldian, eta nola hamabost urterekin hasi zen euskara ikasten bere kabuz.

Bere ustez, «XVI. menderako galdua zen euskara mendebaleko herri gehienetan, eta galera Trebiñu hiribururaino iristen bide zen», ohargarria baita «euskal izen ugari ematen dituela Trebiñurekin mugakide diren Arrieta, Askartza, Bustu, Dordoniz, Golernio eta Franku herrietan. Eta bereziki nabarmentzekoa da Trebiñu herriko mugapean ere badirela euskarazko izen ugari; batzuk bizirik iritsi dira gaur arte; beste batzuk bidean galdu dira».

Honela, urte guzti hauetan eginiko ikerketen eskutik, euskaltzainak ondorioztatzen du «euskara Trebiñu Konderriko kultura ondarearen ezinbesteko osagai dela«, eta »ageriko errealitate linguistikoa da iraganean ez ezik orainean ere«.

Temas

Euskera