Paseko txoriek galdutako gerretan

Besteak beste, 'The Feminist' filma ikusteko aukera izango da, Gudrun Schyman aitzindari suediarraren erretratua/
Besteak beste, 'The Feminist' filma ikusteko aukera izango da, Gudrun Schyman aitzindari suediarraren erretratua

'Soinujolearen semea' filmak ez du zinema askorik barrenetan, baina ikus min handia piztu duen zeluloide puska honek ireki zuen ostiralean, hamazazpigarrenez eta Donostian, Giza Eskubideen Zinemaldia

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESODonostia

Apirilaren 12 a arte eta harago. Donostiako antzokirik dotoreenean (Victoria Eugenia) zein agertokirik herrikoienean (Beldurrezko Astearen egoitza den Antzoki Zaharra). Hiriko lekurik garaikideenean (Tabakalera) eta hirutxulo honetako plazetan (Okendo eta Gipuzkoa) ikusi ahalko dira Giza Eskubideen Zinemaldiko filmak.

Pelikulak. Solasaldiak. Borrokari ez muzin ez errefus egiten ez dioten gonbidatuak. Kamera lepoan hartu eta aurrera segi izan duten zinemagileak. Bizitzaz, munduaz, gure eta besteen eskubideez; lehenaldiaz, orainaz eta biharkoaz hausnarketa sakon, libre eta probokatzailea eskainiko diguten lagun sorta.

Alegiazko errealitatean eta aurrez aurreko, pare pareko eztabaidetan. Euskaraz, gaztelaniaz. Frantsesez. Ingelesez. Suediarraz. Alemanaz. Khemeneraz. Arabieraz. Saharako hassaniaz. Serbieraz. Albanieraz. Hindiz.

Ostiralean hasi zen Giza Eskubideen Zinemaldia. Hamazazpigarrenez. Bertan, errealitateak zinema imitatzen duela, imitatu nahi duela susmatuko duzue behin baino gehiagotan. Eta jabetuko zarete, egunez egun egunkarietan, irrati eta telebista saioetan albiste diren horiexek direla arratseroko hitzaspertuetan hizpide.

Esaterako, datorren ostegunean, Desirée Akavanen 'The Miseducation of Cameron Post', ikaragarri zentzuzko, libre eta argia den hori, izango da ikusgai Victoria Eugeniako pantailan. Emanaldia bukatu ondoren, bere homosexualitatea sendatzeko electroshock terapia baten pean borondatez jarri zen pertsona batekin eta Medeak kolektiboan borroka sutsua, kalez kalekoa, manifestazioz manifestaziokoa, bai gorputzez, bai adimenaz aurrera eramaten duen beste batekin izango da berriketa oparoa.

Arrats horretako gaia zein? Bada, sumatu duzuena: oraindik bada (badira) norberaren aukera sexualak gaixotasunak direla uste du(t)enik. Eta sendatzeko terapiak (nolabaitekoak eta arriskutsu osoak) proposatzen ditu(zt)enik. Bai. Oraindik ere. Hemen. Egun.

Ezin sinetsirik zaudela? Bada aste honetako berria izan da hedabideetan: Madrilgo Alcalá de Henares-eko gotzaintzaren babesarekin, maskulinitatea (zuzena) eta emetasuna (zuzena ere) berreskuratzeko edo eusteko balio (omen) duten ikastaro ezkutukoak ematen dira (ikus sarean dauden bideoak. Komikoak izan arren, beldurgarriak suertatzen dira arras). Era berean, bada, badira, homosexualitatea senda daitekeela aldarrikatzen duten webguneak. Izua sorrarazten duten izenak dituztenak. Adibidez, 'Oraindik baduzu esperantza'. Euren sexualitateaz dudatan zirela, bertan sartu ziren batek baino gehiagok behar izan dute tratamendu psikologikoa tutorial horietan bizitakoa gainditu ahal izateko. Bai, esandakoa: sarri errealitateak zinema imitatzen du. Eta edukiz hornitu solasaldiak.

Hamazazpigarrenez. Bost egunez. Eta harago. Denboraz zein pantailaz. Giza Eskubideen Zinemaldia. Ez galdu gaur, hilak 7, 'The Feminist' filma, Gudrun Schyman aitzindari suediarraren erretratu bete betea eta zorrotza. Ez galdu bihar, astelehena, 'En Guerre'. Zer dago bertan eztabaidagai? Langabezia eragiten duen errealitate gordin bat: errentagarritasuna lortzeko enpresa askoren jokabidea; deslokalizazioa, hots. Ez galdu asteazkenean, 'Nae pasaran!' hiru langile eskoziarrek Txileko herriarekin bat egiten duteneko filma. Ez galdu egun berean, 'Paseko Txoriak', Irungo mugan filmaturiko pelikula gerrillaria. Ez galdu ostegunean hain gazte, fresko, ameslari, baina aldi beran horren mingotsa den 'Hamada'. Ezta dardarizo izoztua eragingo dizuen 'La carga' ere.

Bai, errealitateak zinema imitatzen du. Eta zinemak, errealitatearen isla itzultzen digu. Pantailaren bitartez. Bost egunez . Eta harago.

Temas

Euskera