Paristik datorren gizon berria naiz ni

Christian Dadaren diseinua, 2020ko udaberri eta uda denboraldirako egina/EFE
Christian Dadaren diseinua, 2020ko udaberri eta uda denboraldirako egina / EFE

Gizonezko Modaren Astea izan berri da Parisen. Ahoa bete hortz, koadernoak bete zirriborro, sare sozialak bete txio, argazki eta iritsi geratu dira unibertso horretan eragina duten influencer oro. Eta ez bakarrik begiz jotako John Galliano, Paradisutik bota zuten hura bera, itzuli delako. Ez, Parisen gizon berri bat aldarrikatu dute desfiletan

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESODonostia

Moda etxe klasikoetan klasikoenek, garbizaleetan garbizaleenek ere aukera bera egin dute, generoen arteko mugak hasi dira, hasi dute, ezabatzen, galtzen, urtzen. Ez da gaur egungo istorioa, ez da atzo asmaturiko joera. Ez da bart arratseko festa ero baten ajearen emaitza. Ezta pentsatu ere; begirada zorrotza, instintu, moko, sudur eta belarri fina duten horiek susmotan baziren. Aspaldi zaharrean antzeman zuten genero paradigma antzinakoek ez zutela luzaro iraungo. Nahiz eta moda bilduma gehienek men egin oraingo gizon kalekume, hirikumearen izaera maskulino modernoari.

Ziggy Stardust izan zen David Bowie eta antzeko gizakiak gogoan eta bihotzean, Vuitton, Valentino, Saint Laurent, Dries Van Noten eta euren (lehia)kideek atrebentzia guztiekin egin zuten joko, apustu eta jolas: jantzi zuten beren modeloek arropa lasaia eta ehun estanpatuak lorez bete ziren. Lastozkoak ziren kapelak eta binilozkoak pastel koloreez tindaturiko trenkak.

Aspalditik dabiltza gizonak gonak berreskuratu nahian baina New Yorkeko Thom Brownen ausardiak ez zuen izan parekorik aste osoan: Alargun Beltzaren mito perilosoa maskulinizatu zuen. Arras. Zeharo. Balentria handia berea. Beltzez jantzi zituen modeloak. Gonaz. Luzeak, luzeak oso ziren batzuk. Motzak besteak. Oso motzak. Minigonak. Ehundura distiratsuez sorturiko gona barrubigunak. Larruzko gona misteriotsuak. Gonak.

Kapela jantzita agertu zen ibiltokian gizonezko top model hainbat. Alargunek jantzi ohi zuten belodun kapela buruan desfilatu zuten. Parisen. Aldamenean elastikoz jantzitako mutilak zituztela. Bai, gaur arte elastikoa oso jantzi maskulinoa izan da, egia. Mitikoa. Sexya. Sentsuala Clark Gable, Marlon Brando, pilotariarena, arraunlariarena, futbolariarena; izerdiz blai dauden korrikalarien kamiseta horiek Zer gertatuko, alta, elastiko horiek eskote handiaz,(balkoia izenekoa, hots) diseinatzen badituzu? Ba feminizatu egiten dituzula. Are gehiago emakumeok aspaldian onartu genituen gardenkiak erabiliz gero.

Ba Dries Van Noten belgikarrak justu hori aurkeztu zuen ibiltokietan, eskote handiko elastikoak. Gardenkiz apaindutako kamisetak. Eta influencer denak zor ta lor, erreakzionatu ezinean.

Bai, Parisen gizon berri baten notizia izan genuen. Ballet txapinez zapaldu zituen hainbatek ibiltokiak. Txirikordaz moldaturiko orrazkerak ikusi ziren Notre Dameko hurbilean. Edo duela gutxi batek dakien nork sorturiko baby hair izeneko joera. Zertan datza? Bekokian jartzen dira ile kalparrak, ume baten ilajea balitz moduan...

Paristik datorren gizon berria ondo esanda ote da? Agian ez. Agian gizaki gaurkoa zuzenagoa litzateke. Edo izaki biharkoa. Edo izaera ez bitarraren kreatura. Igual bakean utzi beharko genituzke bai hizkuntza bai moda esperimentuak bai armairuak. Azken finean, Parisen ikusi ziren tunika horiek enperadore erromatarrek jantzi zituzten Galietan eta Hispanian. Joandako garai haietan. Azken finean, badira urte franko Virginia Woolfek Orlando androginoarekin amets egin zuela. Azken finean, jakin al genuen inoiz glam-rock izar horien genero benetakoa?

Agian egia da modan ezer ez dela asmatzen berrinterpretatzen birmoldatzen baizik. Hala eta guztiz ere, bai garai arraro, ernagarri eta probokazioz beteak gizonezkoen modak bizitzen dituen gaurkoak! Bai zabala armairu guztien ateak! Bai meheak orain arte hautsezinak ziruditen generoen arteko mugak! Eta ez bakarrik jantzietan. Bizitzaren, sentsualitatearen, giza izaeraren, sexuaren auzi guztietan.

Temas

Euskera