Panikoa apaletan

Panikoa apaletan
AFP

Zinemak badaki. Ederki jakin ere. Hainbat filmek supermerkatuak hartu izan dute betidanik beldurrezko paisaia. Alaskak bazekien. Pegamoideek susmoa bazuten. Orain, hamaika ikerketak agerian utzi dute merkataritza-guneek jartzen diguten 20 tranpa gozo

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESODonostia

'Feliz dia de tu muerte 2' izeneko pelikula berrian protagonistak behin eta berriro hil behar du bizirik iraun ahal izateko. Hiltzeko modu berriak etengabe asmatu behar ditu gidoigileak. Horietako bat, supermerkatuan. Pertsonaia nagusiak korridoreetan barna joan, detergente poto bat hartu, ireki eta edan egiten du. Azken tantaraino. Seko eroriko da. Hilik. Lasai izan, hurrengo eszenan berpiztuko zaigu eta.

Oskarretan finalista izan zen 'A Quiet Place'-n, berriz, ezkutuan dauden munstroak itsuak dira, baina soinurik txikienak ere iratzartzen ditu. Hitzik ez da entzuten azken apokalipsia eta geroko munduan kokatua den pelikula honetan. Hitzik ez, zizpururik ez, zaratarik ez, zurrumurrurik ez, izaki bizidunik kasik ez. Zer gertatuko ote bezerorik ez dagoen supermerkatuan bakardadean nolabaiteko bizitzari eusten dion familiaren mutiko koskorrak piladun jostailua hartzen badu eta martxan jarri jolastu nahi duelako? Bada lotan dauden piztiak esnatuko direla. Herioa dator apaletan barrena.

Hirugarren kasua: ama zara. Orbanik gabea, akatsik gabea. Baina kopetaraino zaude. Bizitzaz, seme-alabez, senarraz. Atzerapausorik ez duen erabakia hartuko duzu eta etxe ondoko supermerkatuan sartu. Birrintzeko, txikitzeko, suntsitzeko asmotan. Ontzi bat bera ere ez duzu tente utziko. Ausiabartza erabatekoa izango da. Horra hor 'Bad Moms' (Ama txarrak, izan ere) izenburuko pelikularen eszenarik ganberroena, etsipenaren eta askapenaren orro xelebrea.

Eta gizakia ez bagina? Eta apaletan, paketetan dauden saltxitxak bagina? Bai ikara bezeroak gureganatzen sumatzen ditugunean! Burutazio ederra 'La fiesta de las salchichas' honena. Sinetsi ala ez, musikala da. Inposiziorik onartzen ez duen musikal makabro eta lizuna.

Zeluloidezko supermerkatua, horrorearen paradisua. Adibide gehiago nahi? Har dezagun 'Zombies Party'. Zepelin egundokoa duzu. Bart gaueko ajearekin altxatu zara. Etxe ondoko mini merkatura joan zara. Nahiz eta gezurrezkoa izan, laranja zukua behar duzu. Litro eta litro behar ere. Ez dakizuna zera da, zu lotan (edo botaka) zinen bitartean, azken aurreko apokalisi zonbia gertatu da. Orain bizirk den inor ez dago ez kutxetan ez arrandegian ez hozkailuen aurrean. Nik uste, alde/ihes/ ospa/hanka egin beharko zenukeela. Ziztu batean. Baina badakizu zer? Hain zaude zopa eginda alkoholez eta espirituz zeren eta ez zara konturatzen zonbiak direla ondoan dituzun horiek.

Alaskak ere bazekien. Horrexegatik Pegamoidesekin abestu zuen abestu zuena: Panikoa baldetan, laguna galdu dut pasilloetan. Mari Puri, non zaude, Mari Puri hain zara (zinen?) pertxenta eta liraina Bejondeizula norena da hanka hau? Norena buru hau??? Panikoa apaletan!!!

Bai, badakit, azken muturretaraino bultzatu ditut adibideak, baina ez pentsa, paniko-guneak izan daitezke, gehiegi bortxatu gabe, hipermerkatuak. Ez, ez kezkatu, ez dago zonbirik inguruetan. Bai, kezka zaitez zu zeu baitzara zonbia. Argiz eta afixez beteriko eremu horietan sartu orduko, jakin ezazu jada ez zarela libre, ez zarela zure buruaren jabe. Pentsatuko duzu, inozo, hartuko dituzun erabakiak zeure zeureak direla. Oker zaude, lagun. Metalezko gurdi gurpildun hori hartu bezain pronto merkadoteknia legeen esklabo hutsa izango zara. Aukeratu duzun azukre-kanaberazko jogurt hori ere ez da zuk zeuk nahi zenuena kontratupean dauden bertako zonbi-publizisten, marketin-jakintsuen hautua baizik.

Aztertu dira, zientifikoki aztertu ere, merkataritza-guneetan jartzen dizkiguten tranpa, zelata, amu, amaraun oro. Ez, ez dira begi bistakoak. Ezkutuan daude. Izan ere, bertan zaude bitartean libre zarela sinetsiko duzu. Gustura sinetsi ere. Etxerako bidean jabetuko zara, ordea, egiaz: zergatik, zertarako, nola demontre erosi dut nik erosi dudana? Arrazoi trinkorik ez diozu aurkituko erosketa horri. Baina badu. Arrazoi subliminal zehatza: ezkutuan den super botere batek nahi duena hartu duzu, panikoa apaletan!

Badira teknikak horretarako. Urtetan zehar landutako teknikak. Aspaldikoak. Gerra-teknikak, etsaien animoa suntsitzeko teknikak, erresistentzia hausteko teknikak. Esaterako...

Usain eta itxura ona duten produktuak (ogia, pastelak) oso gune estrategikoetan daude jarrita. Ikusi, usaindu bezain fite erosteko grina antzemango duzu erraietan. Baduzu sukaldeko armairua gailetaz betea baina berdin dio, bizpahiru pakete (gehiago) sartuko dituzu gurdian. Konturatu, zara, bide batez, gurdi guztiak gurditzarrak direla, neurri txikiko edo erdiko saskiak desagertu direla supermerkatu guztietako sarreretatik? Horrela, espazio handia ikusiko duzu hutsik eta bete arte jarraituko duzu gauzak hartzen panikozko apaletatik.

Oinarrizko produktuak sekula ez daude jarraian, lerro jakin batean, espazio osoan zehar sakabanaturik baizik. Zuk arrautzak, esnea,dilistak eta lixiba-ura behar zenituen. Printzipioz. Baina non demontre dauden ez dakizula, bueltaka ibili zara. Eta gora eta behera, batetik bestera ari zinela, eskura (oso oso oso eskura, alegia) jarri dizutena hartu duzu.

Jakin, zuk super horretan sartu aurretik bazenekien han salduko dizuten fruta ez dela etxe ondoko dendarena bezain freskoa, bezain bertakoa, bezain gozoa. Marketin-buru-guru horiek badakizula badakite eta saiatu dira, gogor saiatu ere, fruta horrek dirdira egin dezala kutxetan. Fresko itxura eman diote. Ureztatu dute kasik. Baratzetik hartuta dirudi baina zuk jakin badakizu (jakin behar, bederen) orain ez dela gerezi garaia. Beraz, hor daudenak beste hemisferiotik dira ekarriak. Hegazkinez. Kamioietan.

Ez. Ez zara libre. Bezero zonbi hutsa baizik. Haragia eta arraina atzealde zuriko postuetan kokaturik daude. Kasu honetan ere fresko freskoak direla ematen du.

Bale, kutxarantz zoaz. Segituan izango zara sartu aurretik zinen gizaki hura. Baina azken froga gainditu behar. Ordaintzeko mementoan gutxi kostatzen duten produktuak aurkituko dituzu: txikleak, txokolatinak, behar ez dituzunak Seguru sartuko dituzula gainezka den zure gurditzarrean.

Kutxazainak eskerrak ematen dizkizu, baita uniformedun zaintzaileak ere. Atea gurutzatu orduko sorginkeria deuseztatuko da. 30 minutuz zonbia izan zara. Jakin gabe. Panikoa apaletan!

Temas

Euskera