Osatu da aurreneko 'hamaikakoa'

Bilboko Itsas Museoan egin da aurkezpena./
Bilboko Itsas Museoan egin da aurkezpena.

Hamaika emakume eta gizon ezagun konprometitu dira belarriprest edo ahobizi gisa udazkeneko ekimenean parte hartzera. Hamaikakoa izango da, hain zuzen, '11 egun euskaraz' ariketaren oinarrizko formula

Aurreneko 'hamaikoa' aurkeztu du Euskaraldiak Bilboko Itsas Museoan. Ez da nolanahikoa, «pertsona erreferentzialak eta ekimenean murgilduta dauden euskaltzale aktiboak» osatzen baitute «genero, lurralde, adin eta alor desberdinetako pertsonen talde anitza».

Azkenekoa ere ez da izango, Euskal Herrian zehar sortzen joango diren 'hamaikakoak' pieza oso garrantzitsuak izango baitira azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo den 'Euskaraldia: 11 egun euskaraz' ekimenean. Izan ere, ekimenean ahobizi eta belarriprest rolen bitartez parte hartu nahi duten pertsonek ere euren hamaikako propioak osatu beharko dituzte. Hori da «euskarazko harremanak izan eta inertziak astintzeko» Euskaraldiak proposatzen duen formula.

Lehen hamaikakoa osatu dutenak honakoak dira: Mikel Arrasate (Karrikaluze elkarteko kidea); Arianne Unamuno (Pil-pilean elkarteko kidea); Zuriñe Gil (Geu elkarteko kidea); Alex Txikon, (alpinista); Dani Alvarez, (kazetaria); Pedro Miguel Etxenike (Fisikan doktorea); Toti Martinez de Lezea (idazlea); Eneko Sagardoy (aktorea); La Basu (musikaria); Aretz Igiñiz (errugbilaria) eta Cris Lizarraga (musikaria). Beraiek dira dinamikan erreferentzia izango den hamaikakoaren parte, eta eurekin batera izan dira Arrate Illaro, Euskatzaleen Topaguneko kidea eta Euskaraldiaren koordinatzailea, Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Mikel Arregi, Euskarabidea/Euskararen Nafar Institutuko zuzendaria eta Iker Martinez de Lagos Euskaltzaleen Topaguneko zuzendaritzako kidea.

Parte-hartzaileak

Euskal Herriko hamaikakoa osatzen duten kideek euskararen aktibazioa sustatzeko babes urratsa ematea erabaki dute. Ekimenaren enbaxadore izango dira, eta herritarren parte hartzea aktibatzeko lehen deia egin dute. Ekimenaren berri emango diete inguruko kideei gainera.

Ariketa soziala

Aurkezpenean, sustatzaileek gogoratu dute Euskaraldia «ariketa soziala» dela, ez «euskararen aldekotasuna adierazteko kanpaina» bat. Irauten duen bitartean, «hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera hazteko ariketa egingo dute parte hartzen dutenek». Horretarako, ahobizi edo belarriprest gisa eman ahalko dute izena udazkenean. Beraz, «parte hartzeak ariketa egitea esan nahiko du, praktikatzea edo euskara erabiltzea, ahobizi edo belarriprest izatea».

Herritar bakoitzak erabakiko du nola hartu nahi duen parte ekimenean, rolak ez baitaude zuzenean hizkuntza gaitasunarekin lotuta. Kontzeptuak argitze aldera, azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, euskara ulertzen duten guztiei euskaraz egingo dien pertsona da ahobizi, baita kideek erdaraz erantzuten dutenean ere. Era berean, ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten die (eta hauek ulertuz gero jarraituko dute euskaraz). Belarripresta, berriz, ekimenak irauten duen hamaika egunetan dakienari berarekin euskaraz aritzeko gonbitea egingo dion pertsona da, berak euskaraz zein erdaraz erantzun arren. Euskara ulertzea da gutxieneko baldintza, baina hitz egiteko gaitasunari dagokionez, hitz egiteko gaitasun txikia duten pertsonak eta oso ondo moldatzen direnak izan daitezke.

Esan bezala, hamaikakoak sortzeko norbanakoen izen-ematea udazkenean zabalduko da. Bitartean, herrien izen-ematea apirilaren 30a arte luzatu da. Prozesuaren hurrengo data garrantzitsuei dagokienez, gogoratu behar da maiatzaren 17 eta 18an Lasarte-Orian egingo den Udaltop topaketan Euskaraldia izango dela langai. Lehen egunean, aurtengo ekimenari dagozkion gaiak landuko dira. Bigarrenean, 2019ko ekimenari begira jarriko dira. Izen-ematea webgunearen bitartez egin daiteke.

Datorren asteetan, halaber, martxan jarri diren batzordeen mintegiak izango dira. Gipuzkoakoa apirilaren 25ean egingo da, Martin Ugalde parkean (Andoain), 18:00 etatik 20:30era. Nafarroakoa maiatzaren 12an egingo da Iruñean, eta Ipar Euskal Herrikoa ekainaren 2an, Luhuson.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos