Osasun arloko elkarlkana sakonduko dute Jaurlaritzak eta Galesko Gobernuak

Osasun arloko elkarlkana sakonduko dute Jaurlaritzak eta Galesko Gobernuak
Jose Usoz

Lehen Mailako Arretaren eraldatzeari eta balioan oinarritutako osasun arretari buruzko zenbait hitzaldi entzun eta Lehen Mailako Arretako Galesko ereduaren adibide bat bertatik bertara ikusteko aukera izango dute euskal ordezkariek

DVDonostia

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko ordezkaritza bat Galesera joan da asteazken honetan, Nekane Murga sailburua buru dela, bertako gobernuarekin osasun arloari dagokionez orain urtebete sinatu zuten aldebiko hitzarmenaren baitan garatzen duten lankidetzan sakontzeko asmoz.

Bisita ofiziala osteguna arte luzatuko da, eta, Murgarekin batera, Osasun Administrazio eta Finantziazioko sailburuorde Fatima Ansotegi, Osasun Ikerketa eta Berrikuntzako zuzendari Maria Aguirre eta Osasun Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazioko zuzendari Mikel Sanchez izango ditu alboan izang dira Galesen, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez.

Murgak lan bilera bana izango ditu asteazken honetan Carwyn Jones Galesko ministro nagusiarekin eta Vaughan Gething Osasun eta Gizarte Zerbitzuetako ministroarekin. Ostegunean, Lehen Mailako Arretaren eraldatzeari eta balioan oinarritutako osasun arretari buruzko zenbait hitzaldi entzun eta Lehen Mailako Arretako Galesko ereduaren adibide bat bertatik bertara ikusteko aukera izango dute euskal ordezkariek.

Halaber, Jaurlaritzako Osasun sailburuak Euskadiko Lehen Mailako Arretarako Estrategiaren ezaugarri nagusiak azalduko dizkie Galesko homologoei. Estrategiak asistentzia maila hori sendotu nahi du euskal gizarteari zerbitzu hobea eta bere profesionalei antolakuntza hobea eskaini ahal izateko.

Murgaren hitzetan, «bisita honetan gure euskal eredua kontrastatuko dugu erronka berdintsuak dituzten Europako eredu ezberdinekin. Ondorioz, oso interesgarria da ideiak eta esperientziak partekatu ahal izatea Euskadiko Lehen Mailako Arreta sendotzen eta hobetzen jarraitzeko».

Zahartze aktiboan ere bateratuta

Bestalde, ikerketa eta berrikuntzari dagokionez, EIP-AHA Zahartze Aktiborako eta Osasuntsurako Europar ekimenaren barruan ematen den Reference Site aitortza jaso duen zortzi eskualdeetako bat da Gales, Euskadi bezala. Eremu horretan, osasun arloko emaitzek neurtzearen eta pazienteen iritzia aintzat hartzearen aldeko apustua partekatzen dute Galesek eta Euskadik.

Halaber, Gales bere biozientzien arloa ere garatzen ari da. Zentzu horretan, Euskadik RIS3 Espezializazio Adimentsurako Europako Estrategiarekin bat egiten duela eta biozientziak-osasuna I+G+Brako inbertsioa kontzentratzen duten lehentasunezko hiru eremuetako bat dela azalduko die Osasun sailburuak.

Osasun Sailak apustu orokor horri egiten dion ekarpena Osasuneko Ikerketa eta Berrikuntza 2020 Estrategiaren bitartez gauzatzen da; estrategiak abian ditu aurreikusitako ekintzen %90. Murgaren arabera, «I+G+B funtsezko instrumentu bat da gizarteriaren osasun arloko emaitzak hobetu, osasun sistema eraldatu eta Euskadiren garapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko».

Azken urteotan Euskadik harremanak estutu izan ditu Galesekin, Euskadi Basque Country 2020 Nazioartekotzeko Esparru Estrategiako eskualde estrategikoetako bat baita. Euskadiren eta Galesen arteko Elkar Ulermenerako Memoranduma sinatu eta urtebetera dator Murgaren bisita. Sailburuak aiderazi duenez «lankidetza oso aberasgarria da, osasun arloko emaitzak eta biztanleriaren ongizatea hobetzeko bi herrialdeek duten interesaren emaitza».

Temas

Euskera