Osakidetzako langileen ia erdiek egiaztatu dute hizkuntza eskakizuna

Profesional euskaldunak eragin nabarmena ari dira izaten euskararen aurrerabidean./LUSA
Profesional euskaldunak eragin nabarmena ari dira izaten euskararen aurrerabidean. / LUSA

Orain dela 15 urte %7,6 ziren, eta orain %46,6. Bitartean, 15.000 profesionalek hartu dute parte euskalduntze ikastaroetan

Euskararen Eguna dela eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak jakinarazi dutenez, 2003 urtean Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onetsi zenean, langile aktiboen % 7,6k baino ez zuen egiaztatua hizkuntza eskakizuna. 15 urteren buruan, % 46,6ra igo da kopuru hori. Seikoztu egin da, hortaz. Bitartean, 15.000 profesionalek parte hartu dute euskalduntze ikastaroetan, Osakidetzak diruz lagunduta.

2017an pazienteen hizkuntza-lehentasunaren erregistroa abian jarri zenetik, 240.000 pertsonak euskara aukeratu dute lehentasunezko hizkuntza gisa, Osakidetzarekin harremanetan jartzeko; 10etik ia 7k asebeteta edo oso asebeteta daudela adierazi dute.

Jon Darpón Osasun sailburuak nabarmendu duenez, «Dekretu hura gertakari garrantzitsua izan zen, oraingo emaitzek erakusten dutenez; izan ere, euskarak euskal osasun-sistema publikoan duen presentziak eta erabilerak pixkanaka eta etengabe aurrera egin duela egiaztatu da. Hori hala da, Osakidetzako langileen ahaleginari eta konpromisoari esker».

67/2003 Dekretuaren bidez, euskal osasun-zerbitzuan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautu eta abiarazi zen. Arau horrek gutxieneko helburuak, lehentasunak eta oinarrizko neurriak ezarri zituen, erakundeko erabiltzaileen eskubideak, Euskadiko Osasun Antolamendurako 8/1997 Legearen 10. artikuluan deskribatzen direnak («osasun-zerbitzuekin harremanetan dauden pertsonen identitatea, duintasuna eta intimitatea»), hizkuntzari dagokionez, errespeta daitezen.

67/2003 Dekretua indarrean sartu ondoren, Osakidetzak Euskararen Erabilera Normalizatzeko Lehen Plana garatu zuen, 2005 eta 2011 urte bitartean, eta, gero, bigarren plana. Bigarren plana 2013ko abenduan sartu zen indarrean, eta 2019an amaituko da. Osakidetzaren hizkuntza-plangintza funtsezko printzipio hauetan oinarritzen da: erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak errespetatzea; enpatia eta komunikazio argia eta hurbila –pertsona erdigune duena eta bere hizkuntzan garatzen dena–, osasun-zerbitzuaren kalitate-zeinu gisa; eta helburuak ezartzeko progresibitatea.

Temas

Euskera