Onera egiten dute Euskadiko gazteen lan-baldintzek 30 urtetatik aurrera

'Gazteak eta Enplegua Euskadin 2017' txostenekoak dira datuak/AFP
'Gazteak eta Enplegua Euskadin 2017' txostenekoak dira datuak / AFP

Gazteen Behatokiaren datuen arabera, 30 urtetik 34 urtera bitartean lanaldi osoko enplegu gehiago dago. Hala ere, 16 urtetik 29 urtera bitarteko gizonezkoek lanaldi osoko enplegu gehiago dute 30 urtetik 34 urtera bitarteko emakumezkoek baino

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

30 urtetik 34 urtera bitarteko pertsona landunen erdiak mugagabeko kontratua dute Euskadin, eta hiru urtetik gorako antzinatasuna enpresan (%57,1). Aitzitik, 30 urtetik beherako langileen heren batek baino ez du mugagabeko kontratua, eta hiru urtetik gorako antzinatasuna dutenak ere laurdena baino gutxiago dira.

Marcos Muro Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak emandako datuen arabera, 30 urtetik gora onera egiten dute Euskadiko gazteen lan-baldintzek. Mugagabeko eta lanaldi osoko kontratazioak gora egiten du, eta soldatak handiagoak dira.

Datuak Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteen Behatokiak bildu ditu. Orokorrean, 30 urtetik 34 urtera bitartean lanaldi osoko enplegu gehiago dago (%79,8) 30 urtetik behera baino (%69), baina erlatiboa da; izan ere, pertsona horien sexua kontuan hartuta, antzeman daiteke 16 urtetik 29 urtera bitarteko gizonezkoek lanaldi osoko enplegu gehiago dutela 30 urtetik 34 urtera bitarteko emakumezkoek baino. Emakumeen kasuan, 30 urtetik 34 urtera bitartekoek lanaldi osoko enplegu gehiago dute 30 urtetik beherakoek baino.

Aztertutako datuen arabera, soldatek ere gora egiten dute adinean aurrera egin ahala, eta 30 urtetik 34 urtera bitarteko pertsonek, batez beste, 30 urtetik beherako gazteek baino 200 euro gehiago kobratzen dituzte, eta hileko batez besteko soldata garbia 1.297 eurokoa dute.

«Oraindik mantendu egiten da gizonezkoen eta emakumezkoen arteko soldata-aldea, eta arlo horretan lan handia dugu egiteko denok, gizarteak, enpresek eta erakundeek«, azpimarratu du Murok. 30 urtetik 34 urtera bitarteko emakumeek, batez beste, 1.209 euro kobratzen dituzte hilean, eta adin horretako gizonezkoek, aldiz, 1.383 euro. Datuak Gazteen Euskal Behatokiak duela gutxi argitaratu duen 'Gazteak eta Enplegua Euskadin 2017' txostenekoak dira.

Temas

Euskera