Borrar
Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Joseba Lozano Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria izan ditu ondoan Bingen Zupiria sailburuak. IREKIA
«Oro har ondo funtzionatu du hizkuntza-eskakizunen sistemak»

«Oro har ondo funtzionatu du hizkuntza-eskakizunen sistemak»

EAEko administrazioko 38.000tik gora lanposturen egitekoak eta horiei esleitutako hizkuntza-eskakizunak berrikusi ondoren, %5ean nabaritu dira bakarrik "disfuntzioak"

Martes, 27 de febrero 2018, 17:42

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Hiru txosten zeramatzala agertu da Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuordea Eusko Legebiltzarreko Euskara, Kultura eta Kirol Batzordean: V. Plangintzaldirako (2013-2017) Eusko Jaurlaritzan euskararen erabilera normalizatzeko plan nagusiaren Amaierako Ebaluazioa; 2018-2022 aldian gauzatuko den VI. Plangintzaldirako gida-lerroak eta 'Hizkuntza-eskakizunak esleitzeko proposamena', HAKOBAk onetsia. Legebiltzarrera heldu baino lehen, Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak izan du txostenen berri.

Bateko eta besteko datuekin, euskarak EAEko administrazioaren duen egoeraren erretratu nahiko zehatza egin du Zupiria sailburuak, eta datozen urteetako ibilbidea ere utzi du marraztuta VI. Plangintzaldirako gira-lerroekin eta hizkuntza-eskakizunak esleitzeko proposamenarekin.

Azken lau urteetan alor horretan egindakoarenebaluazioaren arabera , EAEko sektore publikoko langileen % 71k maila bateko edo besteko hizkuntza gaitasuna dute eta, beraz, neurri handiagoan edo txikiagoan, prestatuta daude euskaraz ere lan egiteko. Horien artean batzuek hizkuntza-eskakizunen bat egiaztatu behar izan dute, eta beste batzuek ez. Edonola ere, euskaraz moldatzeko gauza zirenen kopurua 1990an askoz ere txikiagoa zen: % 23, 5ekoa. Ebaluazioak, besteak beste, argi utzi du gazteen artean nabarmenagoa dela euskararen ezagutzaeta erabilera administrazioan.

Oposizioko alderdietako eledunek kritikatu dute batik bat dokumentazioa azken orduan jaso izana. EH Bilduko Rebeka Ubera hizkuntza-eskakizunen sistemaren muinean dauden zenbait irizpiderekiko ere azaldu da kritiko. Bingen Zupiria sailburuak adierazi die ezin zituela txostenak Legebiltzarrera eraman Gobernu Kontseiluari aurkeztu aurretik, eta azaldu du prest dagoela Legebiltzarreko batzordera "behar den guztietan itzultzeko".

Hizkuntza-eskakizunak

Neurri handi batean euskarak EAEko administrazioan izan duen bilakaera hizkuntza-eskakizunei lotua dago. Aspaldiko eredua izanik, orain dela zenbait hilabete Eusko Legebiltzarrak eskatu zion Hizkuntza Politikako sailburuordetzari berrikus zitzala. 2016ko udan, orduko Hizkuntza Politikako sailburuorde Patxi Baztarrikak azaldu zuen Legebiltzarrean bertan langile publikoen profilak bateratzen joateko asmoak, lanpostu berdinak eskakizun desberdinak izan ditzaten ekiditzeko.

Burutu da azkenean berrikuspena, eta aurkeztu ditu emaitzak Bingen Zupiria sailburuak. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen 86/1997 dekretuaren eraginpean dauden 38.000tik gora lanpostuak eta horien eskakizunak aztertu dira zehazki, eta sailburuaren ustez ondorioak baikorrak izan dira: "Kontuan izanik 30 urteren buruan eta 250 administraziotan ezarri direla, oro har ondo funtzionatu du hizkuntza-eskakizunen sistemak. Koherentzia mantendu du, eta esleipenak modu egokian egin dira".

Hain zuzen ere, aztertu diren 38.039 lanpostu horiek guztiek dute hizkuntza-eskakizunen bat, nahiz eta %35,71ek ez izan derrigortasunik. Sailburuak argitu duen bezala, hizkuntza-eskakizuna lanpostuaren ezaugarrien arabera finkatzen da, eta derrigortasuna ingurune soziolingustikoaren arabera. Esate baterako, egiteko berdinak izango dituzten udaltzain plazak sortzen badira eremu soziolinguistiko oso desberdineko bi herritan, hizkuntza-eskakizun bera izango dute plaza guztiek, baina gehiengo euskalduna duen herriak derrigortasuna izango dute plaza guztiek edo ia guztiek, eta gehiengo erdalduna duen herrian plaza gutxiagori ezarriko zaio derrigortasuna. Euskara meritu bezala hartuko da, baina dagokion profila egiaztatzea ez da ezinbestekoa izango plaza lortzeko.

Era berean, sailburuak gogoratu du "askok kontrakoa uste badute ere", hizkuntza-eskakizuna esleitzea ez dagokiola Hizkuntza Politikako Sailburuordetzari, administrazio bakoitzari baizik. Administrazio horiek HPSri bidali behar diote proposamena, txosten bat egin dezan. Txostena ezinbestean eskatu eta egin behar da, baina ez da loteslea. Hortaz, HPSen iritzia kontuan har dezake administrazioak edo, irizpideak bat ez badatoz, bereari eutsi, berea baita eskumena.

Kontuan izan behar da, era berean, dekretuak ez diola sektore publiko guztiari eragiten, kanpo gelditzen baitira Osakidetza, Hezkuntza, Justizia edota Ertzaintza, besteak beste. Denak batuta, 93.962 lanpostu ditu EAEko sektore publikoak. Guztizkoari buruzko datuak ere eman ditu sailburuak, nabarmenduz ez dutela alde handirik txostenean aintzat hartutako 38.039 postuen errealitatea islatzen dutenekin.

10etik 4k, derrigortasunik ez

hizkuntza-eskakizunei dagokienez, lanpostu horien % 35,71etan ez da derrigorrez hizkuntza-eskakizunik egiaztatu behar. Gainerako %62etan bigarren eta hirugarren profila dira nagusi (PL2 eta PL3 administrazioan darabilten sailkapenaren arabera, hurrenez hurren B2 eta C1 mailen parekoak). Lanpostuen % 28,56tan B2 maila eskatzen da eta % 25,84tan C1 maila eskatzen da. Baxuena eta altuena, PL1 eta PL4, gutxitan eskatzen dira. Oinarri-oinarrizko B1 maila (PL1) % 5,95etan eskatzen da, eta C2 aurreratuena (PL4) % 3,94tan. Horietako asko itzultzaileak edo euskara teknikariak direla gogoratu du sailburuak. Nabarmendu du, bestalde, meritu gisa asko jota % 20ra arte baloratu daitekeela oposaketetan C1 eta C2 eskatzen denean; eta gehienez ere % 10era arte B1 edo B2 eskatzen denean.

Ariketa EAEko sektore publiko osora eramaten bada (94.000 lanpostuetara, alegia), derrigortasunik ez duten lanpostuen kopurua %40ra igotzen da, eta gainerako datuak ere antzekoak dira: % 2,43tan B1 maila eskatzen da; % 26,12tan B2 maila; % 28,91tan C1 maila; eta, azkenik, %1,63tan C2 maila eskatzen da. Kanpo utzi behar da, jakina, Estatuaren eskumenen menpe dauden lanpostu publikoak.

Emaitzak eta proposamena

38.039 lanpostu horien gainean egindako azterketan, ikusteko ea hizkuntza-eskakizunak benetan diren lanpostuaren araberakoak, multzoka sailkatu dira lanpostuak eta haietan bete beharreko zereginak aztertu dira. Eta egiaztatu da irizpide hori ia beti jarraitu dela. "Baieztatu egin dugu sistemak funtzionatu egin duela eta profilak ezartzeko eskumena izan duten erakundeek zehaztasun handiz jokatu dutela. Beraz, hemendik gure aitortza erakunde hauei guztiei, 250 baino gehiago guztira", adierazi du Zupiriak.

«Onargarria da hizkuntza-eskakizun bat baino gehiago egotea lanpostu-mota bati lotuta. Ez dena onargarria da gehiegizko aniztasuna egotea»

Ikerketak baieztatu du aztertutako kasu guztien %94,72tan zehaztasun handiz esleitu direla hizkuntza-eskakizunak, alegia, lanpostuen funtzioen arabera zegozkien hizkuntza-eskakizunak esleitu zaizkiela; aldiz, aztertutako kasuen %5,28tan ikusi da lanpostuari ez dagokion hizkuntza-eskakizunen bat esleitu dela, beti ere funtzioak kontuan hartuta. "Esate baterako, ikusi dugu 5.785 administrariren artean, bati eskatu zaiola B1 maila, eta 9ri C2 maila, eta horiek disfuntzioak lirateke. Hala ere, ikusi dugu 4.268ri, B2 maila eskatu zaiela derrigorrez eta 1.507ri C1 maila, dagozkien funtzioak kontuan hartuta onargarriak izan daitezken bi hizkuntza-eskakizunak. Beraz, salbuespenez ari gara, eta batzuetan lanpostu horiei ez zegozkien funtzioak ezarri zaizkielako gertatu dira", adierazi du.

Horrekin batera, funtzioen arabera egon daitekeen malgutasunaz hitz egin du Zupiria sailburuak: "Lanpostu bati dagozkion funtzioak ez dira beti eta administrazio guztietan berdinak; ondorioz, funtzioen araberako malgutasuna egon behar da horrelako sistema aurreratu baten barruan. Onargarria da hizkuntza-eskakizun bat baino gehiago egotea lanpostu-mota bati lotuta; onar daiteke leku zehatz batean B2 maila eta bestean C1 maila esleitzea, beti ere funtzioek hala eskatzen badute. Ez dena onargarria da gehiegizko aniztasuna egotea, leku batean B1 eskatzea lanpostu baterako eta, aldiz, beste batean C1, baina horrelako oso kasu gutxi topatu dira ikerketan".

Euskara administrazioan normalizatzeko 86/1997 Dekretua epe laburrean aldatu behar bada ere, bitartean, hizkuntza-eskakizunak esleitzeko orduan kasu bakanetan aurkitu den gehiegizko aniztasuna ekiditeko, proposamen bat egin dute HAKOBAn dauden erakundeek (Eusko Jaurlaritza, aldundiak, hiriburuetako udalak, EUDEL eta UEMA). Legebiltzarrera eraman duten proposamen horretan, malgutasunez jokatzea proposatzen zaie administrazioei, orain arte neurri batean egon den bitasun hori onartuz, beti ere funtzioek hori ahalbidetzen badute.

Hala, taula batzuk onartu dira hizkuntza-eskakizunen esleipenak modu erabat bateratuan egiteko. Taula horietan, lanpostu-mota ezberdinak multzokatuta agertzen dira, eta bakoitzari esleitu beharko litzaiokeen hizkuntza-eskakizuna edo eslei lekizkiokeen hizkuntza-eskakizun biak agertzen dira (gogoratu behar da lanpostu guztiek dutela horiei lotuta hizkuntza-eskakizun bat, nahiz eta gero derrigorrez ez eskatu inguru soziolinguistikoaren arabera).

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios