Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Prozesioa Bilboko Parte Zaharrean El Correo
Nazarenoaren prozesioan, euskaraz

Nazarenoaren prozesioan, euskaraz

Bilbon behar zuen, patuak betidanik gogor astinduriko Las Cortes kalean barrena. Sufrikario eta ezbehar guztien arren irmo, sasoian dirauen San Francisco kaletik hurbil. Pasa astelehenean. Lore artean, balkoi batetik Nazarenoari kantatu zioten saeta bat. 'Seguiriya' tonuan. Euskaraz

Begoña del Teso

Donostia

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Domingo, 1 de abril 2018, 11:12

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Bilbotik lau haizetara zabaldu zen notizia, euskaraz egin diote Behartsuen Kristoari Zabalburu plazaren ingurotan! Euskaraz egin dio sustraiak Cordobakoak dituen Otxarkoagako Juanjo Navas cantaor finak! Camaron eta Eskorbuto miresten dituen Beñat Arginzoniz poetarenak izan ziren, dira, saeta horren hitzak, Bilboko Nazarenoari zirrara handiz eta 'ayeo' ezin hobeaz eskainitako horiek!

Egunkari guztiek, irrati guztiek, sare sozial orok kontatu, filmatu, grabatu dute estreinakoz euskaraz abesten den saeta hori. Miresmena zabaldu da munduko lau izkinetan baina ez Nazarenoa ez prozesioan zihoazenak harritu ziren. Aspalditik egiten zaio euskaraz Kristoari. Zergatik ez seguiriyaz? Zergatik ez saetaz Bilboko Astelehen Santuan? Juanjok bezala, Asisko San Franzisko elizatik ateratzen den prozesioan parte hartzen duten horietako askok eta askok ez dituzte ba sustraiak lur flamenkoetan? Eta bertan erroak ez izan arren gutako frankok ez al ditugu maitatzen Camaron, Caracol, Morente, La Paquera de Jerez, La Niña de los Peines, Rocio Jurado, Poveda edo Israel Fernández?

Ez al dugu urtero Donostiako Antzoki Zaharra lepo betetzen Kantauri osoko cante flamenkoaren sariketarik garrantzitsuena izaten den arratsean?

Ez al da aitzindari izan Gipuzkoako ijito euskaldunok osaturiko Sonakay taldea? Ez al ziren lehendabizikoak (eta momentuz bakarrak) Mikel Laboa flamenko aireetan kantatzen? Ez al dira Tele5 katearen 'Got Talent' saioaren finalera iritsi 'Txoria txori' dantzatzen duen bailaora bat txalapartaren soinuaz nahastuz? Ez al zuten aretoko ikusleria zutik jarrarazi? Zutik eta kantari. Euskeraz. Buleriaz.

Pizkunde Igande honetan ehunka bideo eder katramilatzen dira sareetan. Batean (ikaragarri ona) Camaron de la Islak eta Joan Manuel Serratek Ijitoen Kristoari egiten diote kantu Antonio Machadoren hitz famatuekin. Jarraian, Bilboko Juanjo Navasen saeta dator Euskal Telebistak zuzeneko zirraraz eta zirrarapean filmatua. Gero Juradok (Rocio) heltzen dio abesteari: "Andaluzian udaberriro eskailera eskatzen dugu Gurutzean den Kristoiari iltze horiek kendu ahal izateko".

Laugarrenez, Sonakay agertzen zaigu telebista finalerako bidean. Bukatzeko edo, Beñat Arginzonizen liburuen berri jasotzen dugu. Camaronez idatzi du. Ijitoen Mesias bilakatu zela aldarrikatzen du, arrazoi osoz, berak. Eskorbutoz idatzi du bilbotarrak. Izkribatu zizkion ere letrak Juanjo Navasi iaz atera zuen diskorako.

Ostegun Santuan Granadako kaleetan prozesionatu zuen 'El Silencio' izena duen Kofradiak. Bertan, Enrique Morenteren alaba, Soledad, saeta kantari. Astelehenean prozesionatu zuten, berriz, Bilbon Medinaceliko Kristoak eta Magdalako Mariak. Biei egin zien saeta bana euskaraz Juanjok. Ospe, sona eta historia handiko Eden Clubeko balkoitik. Behartsuen Kristoari eskainitako kantuan droga aipatzen zuten triste Navasek eta Beñatek. Oroitu ziren ere saetan auzoan, auzo borrokalari, fier, autentiko, odol nahasi horretan malamentean hil direnekin.

Ez ziren ez saeta leunak, gozoak. Eta ez ziren batere errazak cantaor-entzako. Bene-benetakoak baizik. Bazituzten saeta guztietan ezinbestekoak diren antzinako melismak (kantuaren letraren silaba baten musikazko altuera aldatzeko teknika eta abilezia) eta tonu, doinu, kantu estilo, eta erritmo erorialdi beharrezkoak. Eta, jakina asko 'ayeo' ( ai, ai, ai, ai.) kasik ezinezkoa, jendearengan negarra eragin zuena.

Ez ziren errazak Magdalenako Mariari eta Behartsuen Kristoari Bilboko Cortes kalean kantaturiko bi saeta horiek. Euskaraz. Flamenkoz. Jatorri arabiarra, jatorri judua, jatorri greziera duen Jainkoari, Birginari, Magdalenako Mariari luzaturiko kantu hau mendeak joan, mendeak etorri; abeslariak eta sortzaileak joan, sortzaileak eta cantaor-eak etorri aberastu eta zaildu da. Aditu askoren aburuz, flamenkoaren kanta zailenetarikoa da. Astelehen Santuan horren berri zehatza jaso genuen Bilbo Zaharrean. Nazarenoaren Prozesioan. Euskaraz.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios