%38 igo nahi dituzte euskara ikasten ari diren helduentzako laguntzak

Miren Dobaran, Legebiltzarrean./IREKIA
Miren Dobaran, Legebiltzarrean. / IREKIA

Euskarazko hedabideen laguntza sistemaren aldaketaren berri eman zuen halaber bere ataleko aurrekontuaren aurkezpenean Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak

Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren barruan, Hizkuntza Politikako sailburuordetzari dagokionez, bi alde nabarmendu ziren ostegunean egin zen 2019ko aurrekontu proiektuaren aurkezpenean. Batetik, helduen euskalduntzearen doakotasunaren bidean egin nahi diren urrats berriak eta, bestetik, euskarazko hedabideek jasotzen dituzten laguntzen inguruko aldaketak.

Hala, 2020. urterako euskararen ikaskuntza B2 mailaraino doakoa egiteko konpromisoak igoera esanguratsua ekarri du beren mailak gainditzen dituzten euskaltegiko ikasleei zuzenduriko laguntzetan. 2.475.000 euro bideratuko dira xede horretarako 2019n, iaz baino % 37,5 gehiago. Halaber, HABEren (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea) bitartez euskaltegi pribatuek (hau da, udalen mende ez dauden euskaltegi horiek) jasotzen duten ekarpena 20.752.000 eurokoa izango da, iazkoa baino % 6 handiagoa. Neurri hori euskaltegi horietako langileen onerako izango da.

Bestalde, aldundiekin eta HEKIMENekin (euskarazko hedabideak biltzen dituen elkartea) partekatu den ia bi urteko prozesua eta gero, Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek euskarazko hedabideak finantzatzeko eta babesteko eredua aldatzea erabaki dute. «Hedabide horien egonkortasuna eta beren eskaintzaren kalitatea bermatzea» xede duen aldaketa horrek ondorioak izango ditu 2019rako aurrekontuetako urte anitzeko kredituetan. Miren Dobaranen azaldu zuenez, 10,5 milioi eurokoa izango da Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundien osatuko duten funtsa, eta deialdiak ere hiru urterako egingo dira.

Nolanahi ere,  Eusko Jaurlaritza eta aldundiak ixten ari dira euskarazko hedabideen lana laguntzera bideratuko den dirua zehaztuko duen ituna; akordio horretan zehaztuko da erakunde bakoitzak egin beharko duen inbertsioa. Oro har, hedabide nazionalez arduratuko da Jaurlaritza, eta tokikoez aldundiak. Hedabideetan ez ezik, apustu honek euskara ingurune digitalean ere sendotu nahi du, eta bide horretan, 2019an, garrantzitsua izango da, berriz ere, euskarazko Wikipedia sustatzeko egingo den inbertsioa (200.000 euro).

Euskara sustatzeko eta hiztunak aktibatzeko bidean, 2018a Euskaraldiaren urtea izan ostean, 2019an ahalegin berezia egingo da ekimen honen eraginkortasuna neurtzen eta euskara sustatzeko ditugun estrategiarik eraginkorrenak identifikatzen. Horrez gain, Hizkuntza Politikako sailburuordetzak euskara sustatzeko hainbat ekimen bultzatzen jarraituko du; hala bola, Mingaina Dantzan (inguru soziolinguistiko ezberdinetako gazteak batzen dituen udalekuen proiektu bat, ikerketa soziolinguistiko bati lotua), irakurketa euskaraz sustatzeko Galtzagorri Elkartearekin landu den proiektua (aurtengo aurrekontua 45.000 eurotara iritsiko da) edota Euskarabentura (proiektu honetara 45.000 euro bideratzea proposatzen da).

Azkenik, Hizkuntza Politikako sailburuordetzak proiektu ezberdinak bultzatzen jarraituko du euskara arlo sozioekonomikoan indartzeko, eta hizkuntzaren erabilera arnasguneetan sendotzeko ekimen bati ere helduko dio. Administrazioetan euskararen ezagutzatik erabilerarako jauzia egiteko ere egingo dira urratsak. Miren Dobaranek aurreratu zuenez, orain arte prozesua gidatu duen 1997ko dekretuaren inguruko (86/1997 dekretua, apirilaren 15ekoa, Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautuko duena), «hausnarketa prozesua» zabalik da.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos