Nafarroako Parlamentua egiten ari den euskararen lege berriaren harira, jardunaldia antolatu dute

Aurkezpenean Ane Sarasuak, UEUko idazkari nagusiak; Roldan Jimeno historialariak; Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak eta Iñigo Urrutia zuzenbide doktoreak hartu dute parte/
Aurkezpenean Ane Sarasuak, UEUko idazkari nagusiak; Roldan Jimeno historialariak; Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak eta Iñigo Urrutia zuzenbide doktoreak hartu dute parte

Urriaren 3an Parlamentuan Lege proposamena aurkeztuko du Kontseiluak, «behingoz, euskaldun guztiak bereizkeriarik gabe, berdin hartuko dituen egoera sortzeko»

Irailaren hasieran, euskararen gizarte erakundeak dei egin zien Nafarroako bizilagun eta politikariei euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko. Kontseiluak uste du «une honetan, behingoz, euskaldun guztiak bereizkeriarik gabe, berdin hartuko dituen egoera sortzeko aukera» ikusten duela. Paul Bilbao idazkari nagusiak adierazi zuen ere bai Nafarroako Parlamentuan Euskararentzat Lege berria lantzeko beharra, Nafarroan bizitzen ari diren egoerak «bultzada berria emateko aukera zabaldu duelako».

Erakundeak salatu zuen 1986tik hona, Nafarroako euskaldunek, beren hizkuntza-eskubideen «urraketa sistematikoa» pairatu dutela, eta «Euskararen Foru Legeak eskubideak bermatu baino mugatu egiten dituela. Euskaraz bizitzeko eskubidea soilik eremu euskalduneko herritarrei aitortzen zaie; gainerakoei, ez».

Adierazpen horien harira, 'Hizkuntza eskubideak bermatzeko Legearen bidean' jardunaldia antolatu du UEUk Kontseiluaren laguntza eta Euskarabidearen babesletzarekin. Bertan, Nafarroako «zonifikazioaren ondorioak alde juridiko batetik aztertuko dira alde batetik, bai eta ikuspegi historikoa, arlo administratiboa, soziolinguistikoa eta euskararen garapenerako trabak ere». Topaketa irailaren 29an egingo da Iruñean eta matrikula zabalik dago doan.

Aurkezpenean Ane Sarasuak, UEUko idazkari nagusiak; Roldan Jimeno historialariak; Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak eta Iñigo Urrutia zuzenbide doktoreak hartu dute parte.

Roldan Jimeno historian doktoreak eta jardunaldiko batzorde akademikoko kideak esan du, bere ustez «herritarren arteko berdintasuna bermatuko duen corpus juridikoaren beharra nagusitzen ari dela orain arte izan diren agerraldietan. Gauzak horrela, eztabaida horren guztiaren erdian UEUren eskutik lege berriari buruzko jardunaldia antolatzea egokitzat jo genuen».

«1986ko Euskararen Legearen ondorioz, nafarrei bizi diren herriaren arabera aitortzen zaizkie oinarrizko eskubide diren hizkuntza-eskubideak, eta beraz nafarren arteko bereizkeria legez aitortzea ahalbidetu zuen aipatu araudiak. 2011n Nafarroan izandako aldaketa politikoak itxaropen handiak sorrarazi zituen euskaldunongan, besteak beste, Euskararen legearen aldaketa, eremu ez euskalduneko euskaldunek, adibidez, hizkuntza eskubideak izateko, edota, euskara Nafarroa osoan ofiziala izateko. 2017ko urrian, Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartu zuen Batzorde Berezi bat eratzeko, eta agindua eman zion Batzorde horri Euskararen Foru Lege berri bat prestatzeko hiru printzipio nagusiren arabera: nafarren hizkuntza-eskubideen bermea, hizkuntza-zonifikazioa eta euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan. Hasi zen, bai, lanean, aipatu Batzordea eta hainbat aditu zein aritu ari dira iritziak agertzen ia astero», gaineratu du.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak Kontseiluak gai honen inguruan azken bi urtetan egindako lana azaldu du: «2016an, Nafarroako Parlamentuan agerraldia egin zuen Kontseiluak Vascuencearen Legearen urteurrena baliatuz, eskatuz azkena izan zedin. Euskara ofiziala Nafarroa osoan lelopean herritarrek egindako eskabideak jasotzeko ekimena egin zuen Kontseiluak. Denetariko gaiak jaso ziren, baina agerian geratu zen gaur egun ezinezkoa dela Nafarroan euskaraz osotasunean bizitzea. Urte horretan bertan (2017), leihoa zabaldu zen Lege aldaketarako eta Parlamentuan, Roldanek aipatu duen moduan, gaia lantzeko batzordea eratzea erabaki zen. Hori aintzat hartuta, Kontseiluak Nafarroako hainbat herritan lan-saioak antolatu zituen, Lege berria herritarrekin batera idazteko, Euskarari bidea elkarrekin lelopean». Bertan jasotako ondorioak kontuan hartu dira Lege proposamena idazteko, adierazi duenez.

Urriaren 3an Parlamentuan Lege proposamena aurkeztuko du Kontseiluak. Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa du oinarri eta herritarrek egindako ekarpenak jaso ditu eta euskalgintzako eragileen ekarpenekin osatu. Lege berriak, herritar guztien arteko berdintasuna bermatu beharko du, eta horregatik, uste dute «ezinbestekoa izango dela zonifikazioa gainditzea. Justizia eta erreparazioa behar da urteetan euskaldunok jasandako egoera iraultzeko eta horrek lege babesa behar du. Nafarroa osoan euskara ofiziala izatea eskubide bat da. Herritarrek horren beharra dute, orain arte zonifikazioak euskaraz bizitzeko aukera ukatu baitie. Orain da unea, behingoz Euskararen Lege berria egiteko, euskaldunontzat egokia izango dena. Orain egiten ez dugunak, epe luzerako kaltea eragingo du».

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos