Borrar
Iazko Euskaraldiaren azterketa lana aurkeztu dute astelehen honetan EHUko Gipuzkoako kanpusean Felix Morquecho
«Nabarmen astindu zituen» Euskaraldiak parte hartzaileen hizkuntza joakerak

«Nabarmen astindu zituen» Euskaraldiak parte hartzaileen hizkuntza joakerak

Euskarak Euskaraldia bezalako ekimen ausartak behar dituela ondorioztatu dute ekimenaren emaitzak azterketzeko txostenaren aurkezpenean, Donostian

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Lunes, 16 de septiembre 2019, 14:25

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Euskaraldiaren lehen edizioak nabarmen astindu ditu bertan parte hartutakoen hizkuntza jokaerak ariketaren 11 egunetan eta, era berean, hiru hilabete beranduago aldaketa horiei ehuneko altuan eutsi egin zieten lagun horiek. Iazko Euskaraldiaren azterketa lana aurkeztu dute astelehen honetan EHUko Gipuzkoako kanpusean. Positiboa izan da ebaluazioa. Gogora ekarri dute, baita ere, Euskaraldiaren edizio berria azaroan hasiko dela.

Bigen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Polititako sailburuak, Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko Gipuzkoako zuzendariak, Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak, Pello Jauregi ikerketaren zuzendariak eta Uxoa Anduaga Soziolinguistika Klusterreko ikerlariak parte hartu dute prentsaurrekoan.

Bingen Zupiria sailburuak nabarmendu du ikerketa «Euskaraldiaren lehen edizioaren eragin praktikoen gaineko erradiografia bat» dela. «Hasieratik esan genuen Euskaraldia ez zela joko bat; hizkuntza ohituretan eragin nahi duen ekimen masibo eta berritzailea da. Helburua eragitea da, eta ikerketari esker neurtu ahal izan dugu zein neurritan izan den eraginkorra. Milaka herritarren hizkuntza praktikak aztertu dira azterlan honetan, eta esan dezakegu Euskaraldiaren lehen edizioaren eragin praktikoen gaineko erradiografia bat dakarkigula lan honek».

Bestalde, Garbiñe Mendizabalek adierazi du «ekimen ausartak» behar dituela euskarak, «euskararen erabilera indartuko badugu, ekimen berritzaileak, ausartak, auzolanean Horregatik da hain pozgarria ikustea 2016an Lasarte-Orian ereindako hazi hura sustraitzen ari dela. Ikusi besterik ez dago herriz herri ekimena dinamizatzeko sortutako batzordeetan herritarrek erakutsitako inplikazioa eta gogoa. Errealitate hau sendotzen joan dadin berebiziko garrantzia izango dute ikerketa honek utzitako emaitzek».

Elena Lakak, halaber, Euskaraldiarekin irekitako bidearen garrantzia nabarmendu du. «Euskaraldiaren lehen edizioak balio izan du hizkuntza ohiturak aldatzen hasteko. Euskaraldia abiatu genuenean bagenekien, eta halaxe adierazi genuen, hizkuntza ohiturak aldatzea eta gizartean aldaketak egitea epe luzerako lana dela. Ikerketa honek berretsi egin du adierazitakoa: Euskaraldia lehen urrats bat izan da hizkuntza ohituren aldaketan, eta orain aldaketa gauza dadin eragina handitzen jarraitu behar dugu. Ahobizi eta belarriprest jokaerak sakondu behar ditugu, eremu berrietara zabaldu beharra dago, eta gizarte eta era guztietako erakundeen babesa eskaini behar diogu euskaraz bizitzea erabakitzen duen pertsona orori. Hori izango da hurrengo Euskaraldien helburua».

Bi iker lerro

Ikerketa proiektuaren baitan bi iker lerro jorratu dira: kualitatiboa eta kuantitatiboa. Iker-lerro kuantitatiboak Euskaraldiak herritarren hizkuntza ohituren aldaketan eraginik izan duen eta eragin hori nolakoa izan den ikustea du xede. Horretarako, azterketa longitudinal bat egin da, ekimeneko hiru une desberdinetan herritarren hizkuntza ohiturak nolakoak diren neurtu dituena. Neurketa horiek hiru galdetegiren bidez burutu dira.

Gogora ekarri dute, iaz egindako ariketan 225.154 lagunek izena eman zutela parte hartzeko eta horietatik, ondoren, 18.383 pertsonek bete dituztela lehen aipatutako galdetegiak. hiru galdetegi egin dira eta hori da aztertu den lagina. Galdetegiak betetzeko borondatea izan duten pertsonen erantzunak direla kontuan hartu behar da emaitzak irakurtzerakoan. Lagina Euskaraldian izena emandako populazioarekin alderatuz, antzeman daiteke zertxobait femeninoagoa dela; ahobizi-en presentzia handiagoa dela; eta adinean zein lurraldeen banaketa nahiko paretsua dela.

Azterketa kualitatiboak Euskaraldiaren inguruan sortu diren diskurtso sozialak aztertu ditu, parte-hartzaileen (ahobizi eta belarripresten) zein ekimeneko antolatzaileen lekukotzak jasoz. Horretarako, Euskaraldian izena eman duten herrien lagin bat osatu da lau aldagai erabiliz: lurraldea, gune soziolinguistikoa, hiri/herrien dentsitate demografikoa eta, azkenik, batzordeen jarduera edo aktibitate maila.

Pello Jauregi ikerketaren zuzendariak eta Uxoa Anduaga Soziolinguistika Klusterreko ikerlariak azaldu dituzte ikerketaren ezaugarri nagusiak eta ondorioak. Pello Jauregi irakasleak azpimarratu duenez, «Euskaraldiak parte-hartzaileen hizkuntza-erabileran aldaketa handiak eragin ditu ariketaren 11 egunetan; eta hiru hilabete beranduago aldaketa horiei proportzio altuan eutsi egin zaie». Uxoa Anduaga soziologoak nabarmendu du «euskaraz mintzatzeko gaitasun txikiagoa dutenek egin dutela aldaketa handiena; Euskaraldiaren hasieran euskarazko gaitasun eta erabilera altua zutenek edo zonalde oso euskaldunetan bizi zirenek baino aldaketa handiagoa».

Ikuspegi errealistagoa

Pello Jauregi ikerketaren zuzendariak azpimarratutako ondorioen artean esan du «parte-hartzaileek neurri handian» bete dituztela eskatutako eginkizunak. «Hobetzeko tarterik egonda ere, parte-hartzaile gehienak zinez saiatu dira hartutako konpromisoak betetzen». Gainera, «parte-hartzaileen hizkuntza erabilerari dagokionez, aldaketa handiak ekarri ditu Euskaraldiak ariketaren 11 egunetan, eta aldaketari proportzio esanguratsuan eutsi zaio Euskaraldiak bukatu eta hiru hilabetera ere».

Beste ondorioetako bat da hizkuntza bilakaera orokorrak baino aldaketa handiagoak egin dituztela euskaraz mintzatzeko gaitasun txikiagoa dutenek; euskaraz egiteko ohiturarik gutxien dutenek; eta gune soziolinguistikorik erdaldunenetan bizi direnek. Jauregik esan duenez «aldaketak orokorrak izan dira ahobizi eta belarriprest-entzat. Denek egin dute aurrera euskararen erabileran. Baina aldaketarik handiena egin dutenak ahobizi euskaldun hartzaileak izan dira».

Euskaraldian ahobizi euskaldun osoa kategoria kopurutan guztiz nagusitu bada ere, datuek beste aukera batzuen aberastasuna ere utzi dute agerian. Batetik euskaraz hitz egiteko muga batzuk izan arren, ahobizi eginkizunari heltzeko aski adorea izan dutenak (ahobizi euskaldun hartzailea); bestetik, euskaraz hitz egiteko arazorik ez eduki arren belarriprest eginkizunari heldu diotenak (belarriprest euskalduna) eta gaineratu dutenez euskaraz aritzeko zailtasun nabariak eduki eta belarriprest zereginean aritu direnak (belarriprest euskaldun hartzailea).

Badirudi, Euskaraldiak hizkuntza praktiken inguruko ikuspegi errealistagoa ekarri diola parte-hartzaile askori. Txapa-identifikagarriei esker jende askok (ahobizi-ek bereziki) bultzada handia sentitu du euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiteko. Bestalde, hizkuntza simetriaren mekanismoan, batzuek euskara erabiltzeak besteei euskaraz erantzuteko beharra piztu die.

Gainera, Euskaraldiak euskararen erabilera indartzeko baldintza sozio-afektiboak eraikitzen asmatu du eta ariketak hizkuntza praktiken inguruko ikuspegi errealistagoa ekarri dio parte-hartzaile askori, azaldu dutenez.

Jardunaldia Tolosan

Aurtengo Euskal Soziolinguistika Jardunaldia 'Euskaraldia Aztergai' izenburupean egingo da, eta euskaraldiaren azterketari eta aurrera begirako ikasgaiak ateratzeari eskainiko zaio. Hamaikagarren edizioa Eusko Jaurlaritzak eta Soziolinguistika Klusterrak elkarlanean antolatu dute. Jardunaldia urriaren 9an, Tolosako Topic zentroan egingo dute.

Ikerketaren emaitzak eta ondorioak xehetasunean ezagutzeko aukera izango da. Euskaraldiari buruz egin diren beste zenbait ikerlan ere aurkeztuko dira. Parte-hartzaileek elkarrekin landuko dituzte emaitza hauetatik atera daitezkeen ikasgaiak eta zenbait adituk egiten dituzten interpretazioak entzuteko aukera ere izango da.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios