Munduko 15 herrialde garatuenen artean dago EAE

Bizi-itxaropenari dagokion sailkapenean, laugarren postuan dago EAE./A.A.
Bizi-itxaropenari dagokion sailkapenean, laugarren postuan dago EAE. / A.A.

2017 urteari dagokion neurketan 13. eta 14. postuen artean dago, 2010 urteaz geroztik aldagai guztiek hobera egin dutelarik

M. IMAZ

GGI edo Giza Garapenaren Indizeak, deiturak berak adierazten duen moduan, gizakiaen eta herrien garapena neurtzeko balio du. Nazio Batuen Garapen Programak definitzen eta kalkulatzen du indize hau, eta 1990. urteaz geroztik Giza Garapenaren Indizeari buruzko mundu mailako txosten bat argitaratzen du. Indizeak, labur esateko, hiru alderdi neurtzen ditu: bizi-itxaropena jaiotzean; haurren eskola-urteak eta 25 urte edo gehiagokoen eskola-urteak batez beste, eta per capita errenta gordin nazionala.

Eustatek 2010 urteaz geroztik EAEko GGI kalkulatzen du Nazio Batuen Garapenerako Programaren metodologia erabiliz, eta ondorioztatu du 2017an munduko 15 herrialde garatuenen artean jarraitzen zuela Autonomia Erkidegoak. Izan ere, 0,992ko GGI batekin, 13. eta 14. postuen artean da. Ondoko taulan ikus daitekeenez, 0tik 1erako eskalan ezartzen da GGI, eta lehenengo 15 sailkatuen artean oso tarte txikia dago. Aurreko urtearekin alderatuta, EAEk posizio bera mantentzen du. 2010aren aldean, GGIren osagai guztiek hobera egin dute; 2016aren aldean, berriz, edo hobera egin edo bere horretan jarraitzen dute.

NBGPren azken txostenean, 2017ko datuekin, 189 herrialde sailkatzen dira, bizi-baldintzen arabera. EAEk Aurrean ditu Norvegia, Suitza, Australia, Irlanda, Alemania, Islandia, Hong Kong, Suedia, Singapur, Herbehereak, Danimarka, Kanada eta Estatu Batuak. Espainia 26. dago NBGPren txostenean, 0,891ko GGIrekin. Azkena Niger da, 0,354rekin.

Urdinez, EAE.
Urdinez, EAE.

Esan bezala, 2010-2017 aldian GGIren osagai guztiek egin dute hobera Euskal AEn. Bizi-itxaropena 82,4 urtetik 83,5 urtera igaro da. Aldagai horri dagokionez, laugarren postuan dago, Hong Kongen (84,1) eta Japoniaren (83,9) atzetik bakarrik, eta Suitzaren (83,5) parean. Hobera egin du halaber espero diren eskola-urteak biltzen dituen adierazleak: 18,1 urtetik 18,8 urtera igo da. Atal horretan ere lehenengo tokietan kokatzen da Euskadi, zazpigarrenean zehazki; aurrean daude Australia (22,9), Belgika (19,8), Irlanda (19,6), Islandia (19,3), Danimarka (19,1) eta Zeelanda Berria (18,9).

Batez besteko eskola-urteetan, nahiz eta aipatu aldian 10,2 urtetik 11,0ra pasatu garen, 41 herrialde daude aurretik; aurrenak dira Alemania (14,1 urte batez bestez), Suitza eta Estatu Batuak (13,4) eta Kanada (13,3). Euskal AEko per capita errenta nazional gordina 2010etik 2017ra 43.207 dolar estatubatuarretik 46.248ra handitu da, erosteko ahalmenaren parekotasunean neurtuta: urruti Norvegiako 68.012etatik eta Qatarko 116.818etatik. Herrialde horiek dituzte hain zuzen pertsonako diru-sarrera handienak munduan. EAE, gutxigatik bada ere, Alemaniaren aurretik (46.136).

Alderaketa aurreko urtearekin egiten bada, 2016arekin, GGIren osagaiak edo hobetu egiten dira (bizi-itxaropena 83,4tik 83,5era igaro da, eta errenta nazional gordinarenean 44.964tik 46.248ra), edo mantendu egiten dira. Hori gertatu da haun zuzen hezkuntzari loturiko adierazleetan.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos