Mundu birtualean euskararen presentzia «areagotzeko» bi proiektu abiatu dituzte
Adimen artifizialak eragin duen «iraultza sozial eta teknologikoaren» erronkei erantzuteko Eusko Jaurlaritzak 1,68 milioi bideratuko ditu UPV/EHUko Hitz zentrora Iker-gaitu eta Clariah-eus garatu ditzan
Teknologien erronkei erantzuteko eta batez ere hauek eskatzen dituzten testuzko eta ahozko datu-masa erraldoien eta euskarak, bestelako hizkuntza gutxituek bezala, eskain ditzaketen datuen arteko arrakala murrizteko, bi proiektu berri landuko ditu UPV/EHUko Hitz zentroak, Iker-gaitu eta Clariah-eus, hartarako Eusko Jaurlaritzak bideratutako 1'68 milioi eurorekin. «Ezinbestekoa da ikertzea euskarak gero eta ohikoagoak izango diren teknologietan presentzia izateko eta beste hizkuntzen parera eramateko», nabarmendu du Eneko Agirre Hitz zentroko zuzendariak eta UPV/EHUko ikertzaileak.
Izan ere, teknologia hauek testuzko eta ahozko datu-masa erraldoiak eskatzen dituzte, hizkuntza nagusiek erraz lor ditzaketenak baina hizkuntza gutxituentzat erdiestea zaila direnak. «Kalitate minimo bat behar dute datuek», azaldu du ikertzaileak hitzarmena aurkezteko agerraldian. Agirrerekin izan dira Bingen Zupiria Kultura, eta Hizkuntza Politika sailburua; Eva Ferreira, UPV/EHUko errektorea. Hiruek azpimarratu dute egun ematen ari den «iraultza teknologikoa eta honekin batera bizitzen ari garen iraultza intelektual eta soziala», besteak beste adimen artifiziala eta ChatGPT bezalako erabileraren bitartez, hainbat adituren ustez «industria iraultzaren parekoa».
Ondorioen aldagaia gehitu du Agirrek, «gizarteko beste hainbat arlotan» ematen direnak. Hauei erantzuteko buru-belarri ariko dira Hitz zentroko 70 langileak -diziplina anitzekoak, informatikari, hizkuntzalari eta ingeniariak, esaterako- eta berau osatzen duten bi taldeak: batetik, testua oinarri duen IXA Taldea eta, bestetik, ahotsean oinarritzen den Aholab. «Gure helburua ikerketa, prestakuntza, transferentzia-teknologia eta berrikuntza sustatzea da, hizkuntza eta ahotsa ardatz duten adimen artifizialetan», oroitu du.
Lehen proiektuak, Iker-gaituk, euskararen gaitasun maila, idatzizkoa zein ahozkoa, era automatikoan atzemateko gai den teknika sortzea izango du jomuga, ahots pertsonalizatuen teknologia desgaitasuna duten pertsonengana iritsaraztea; espontaneoen transkripzioa hobetzea euskara eta gaztelania nahastean edo hainbat hiztun daudenean; eta ChatGPT bezalako elkarrizketa sistemak euskaraz ere beste hizkuntzen pare aritzea. Hori bai, Hitz zentroko zuzendariak argi utzi du azken honetarako unea urrun da oraindik.
Bigarren egitasmoak, Clariah-eus, Europako sare handi baterako leihoa ireki eta Europako azpiegitura horietan dauden baliabide eta tresna guztiak eskura jarriko ditu.
Euskararen erronkak
Dirulaguntza honen bitartez «teknika berriak» ikertuko dira eta hizkuntza teknologiaren sarea indartu euskararen presentzia bermatzeko, egotea «funtsezkoa» baita Ferreirak azpimarratu bezala. Hala, egungo erronka pasa den mendeko 60 hamarkadaren amaieran eta 70 hasieran euskaraz bizitakoarekin alderatu du errektoreak, euskara batua sortu zenekoa, eta Mitxelenaren hitzak ekarri ditu: «Ez da aski gure hizkuntzaren batasuna euskarak iraun dezan, baina bai premiazkoa, batasunik gabe ez baitu iraungo», ingurune digitalari erreferentzia eginik. Astelehen honetako pausua bide horretan oso garrantzitsua dela iritzi du.
Ferreirak euskararen eta honen kulturaren «irakaskuntzan, ikerketan eta transferentzian» duen garrantzia defendatu nahi izan du agerraldian, «jakintzaren arlo guztietan» sortzen dituen euskarazko material didaktikoak adibide modura jarrita. «Iaz 51 artikulu zientifiko argitaratu genituen, 107 gradu ematen ditugu euskaraz eta euskarazko doktoretza tesian %90a UPV/EHUn egin ziren». Laguntza ekonomikoaz gain UPV/EHUko errektoreak unibertsitateari eskainitako «babes instituzionala eta konfiantza» ere eskertu dio Eusko Jaurlaritzari. Ildo horretan, Hitz zentroa zoriondu du emandako pausuengatik.
Bere aldetik, Zupiriak «azken bi agintaldietan ahalegin berezia» egin dela azpimarratu du hizkuntza politikak sustatu eta finkatzerakoan eta hartutako neurrietan unibertsitatea bidelagun izatea bilatu dutela. «Behar-beharrezkoa ikusten genuen unibertsitatera gerturatzeko». Gobernu programaren 118. konpromisoa ekarri du gogora hitzarmena kokatzeko eta horren baitan bultzatutako Gaitu hizkuntza teknologien programa. «Mundu digitalean euskara egotea behar-beharrezko ikusten dugu, ez dugu imajinatzen bizimodurik gure hizkuntzarentzat ondo txertatuta ez badago». Ildo horretan, zenbait erronka plazaratu ditu, egun euskaraz oraindik ezin direnak, esaterako mugikorrari esandakoa honek automatikoki idaztea. «Abiatzen dugun ekimenaren helburua hori da, laguntzea irakasleei eta ikertzaileei tresnak datuz betetze eta entrenatzen euskaraz ere isla izan dezan».
Ferreirak aipatutako eredu estandarrari helduta, emandako pausuak nabarmendu ditu -«eredu estandarrean ikasketak egitea, graduak egitea, tesiak egitea»-, eta etorkizunari begira apustua ere bota du. «Lortuko dugu tresna ezberdinak eredu estandar hori ezagutzea». Atal honetan, hitzarmen berriarekin bi fronte berriri helduko zaiela azaldu du: eredu formaletik apartatzen diren erabilerak, maiz erabilera informalean nagusi direnak, edota hizkuntza batetik bestera egindako jauziak.