Motel, makilla zaitez!

Gauza asko daude jokoan: estiloa, edertasuna, generoaren auzia, gizonezkoen atrebentzia eta libertatea/AP
Gauza asko daude jokoan: estiloa, edertasuna, generoaren auzia, gizonezkoen atrebentzia eta libertatea / AP

Zergatik izan behar du makillajeak soilik andrazkoen kontua? Chanel marka ospetsuak lerro kosmetiko berria merkaturatuko du laster beraientzat baina gizonen aurpegi- pintura aspaldiko istorioa da

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESODonostia

Egiptoko gizonek ederki zekiten 'eyeliner'-a erabiltzen begirada nabarmentzeko, sakontasun itzela lortu ahal izateko. Are gehiago, begiak berdez pintatuz gero, Horusi, Eguzkiaren eta Zeruaren jainkoari atsegin emango ziotela uste zuten. Beraz, antzinako lagun horiek egunero pintatzen zituzten begiak berdez. Eta ez bakarrik Faraoiaren zerbitzari edo aholkulari maila gorenekoek. Ez, herritar xumeek ere bai.

Ileordeak asmatu aurretik, erromatarrek burua pintatzen zuten soilgunea disimulatzeko. Bazituzten itxura errestauratzeko hamaika modu. Gorriz pintatzen zituzten ezpainak, masailak suspertu koloretez, eta egur zatiak edo hezurtxoak erabiliz, pigmentu-hautsez edertzen zuten sudurraren forma.

Antigoaleko gizonezkoek txerri gantzaz eta odolaz eginiko nahasketa batez pintatzen zituzten azazkalak eta baziren aurpegiko azala argitzeko edo bere kolorea amatatu ahal izateko.

Irudika ezazue orain, arren, XVII eta XVIII mendeetako Frantzia hura. Erregeen ondokoek ileorde ikusgarriak eta zoratzeko takoiak erabiltzen zituzten. Arazorik gabe. Harro. Erruz. Erraz oso.

Gero gerokoak

Gero gerokoak. Ohiko, betiko kontu ilunak: Elizak eta esanoneko jendeak erabaki zuten pinturak eta takoiak ospe txarrekoen seinale zirela. Badakizue: aktoreak, emagalduak. Hasi ziren ere, auskalo zergatik, maskulinitate ustezko benetakoaren inguruko ika-mikak eta dantzak. Jakin gabe XVI mendeko Japonian Shingen Takeda, gerrako jaun ikaragarria, bezalako samurai sekulakoak makillatzen zirela.

Mendeak joan, mendeak etorri. XIX garrenean agertu ziren dandyak. Ingalaterran Frantzian bezala. Brummel eta Baudelaire, esateko. Wilde ere, jakina asko. Lord Byron, nola ez. Percy Shelley poeta erromantiko eta tragikoa. Janzkera berezia. Portaera berezia. Errebeldeak baina burgesak. Edo nobleziaren semeak. Makillatzen ziren, bai horixe. Xuabe, dotore. Erruz hauek ere. Maite zuten kohl kosmetiko arabiarra, afrikarra, Asiakoa, fama, izen, misterio handikoa. Grisa ala beltza izan daiteke. Galena mineralaz eginda. Mineral hori, hauts bihurtua betazalak iluntzeko erabili ohi da. Baita begientzako maskara bezala ere.

David Bowie izan daiteke XVIII. Mendeko Frantziako leinu argiko horien eta XIX.neko dandy horien ondorengo gurea, gurean, gure garaikoa. Eta ez naiz ari Ziggy Stardust izan zen Bowiez. Ez eta glam rock izeneko musika, janzkera, makillaje, portaera horien estiloaz. Ez hemen ez gara ari tauletarako makillajeaz, egunerokoaz, bizitzarakoaz baizik. Bowiek ederki zekien nola makillatu bi kolore ezberdineko begi horiek, bere masail estu eta luze horiei dirdira eginarazten.

Egun hauetako notizia izan da Chanelek 'Boy' izeneko lerroa plazaratuko duela 2019an. Publizitateak dionez, edertasuna ez da genero kontua, estiloarena baizik. Hiru produktu izango dira salgai: makillaje-oinarria, bekainetarako lapitza eta ezpain-baltsamoa. Ez, momentuz ez dute sortu begientzako makillajea.

Mende hasieratik

Berria da Chanel bezalako etxe garrantzitsuak gizonezkoen makillajearen aldeko apustua egin izana, baina ez pentsa aitzindaria denik. Ez horixe. Jean Paul Gaultierrek badu, XXI mendea hasi zenetik, lerro oso bat. Armanik badu makillaje leun bat. Guerlainek baditu aurpegia dotoreziaz beltzaranduko dizueten terrakotako hauts luxuzkoak. Elizabeth Ardenek ere gizonezkoak zaintzen, laztantzen ditu usainik gabeko makillaje-aparraz.

Garaiak ari dira aldatzen. Barra-barra erabiltzen dituzte mutilek begi-zuloak estaltzeko kosmetikoak. Eliseora iritsi orduko eta hiru hilabetetan soilik, Frantziako Macron presidenteak 26.000 euro gastatu izan zituen makillajean. Johnny Depp makillatzen da. Baita Jared Leto ere. Sarean badira zientoka tutorialak mutilei makillatzen irakasteko.

Gauza asko daude jokoan: estiloa, edertasuna, generoaren auzia, gizonezkoen atrebentzia eta libertatea. Baina hau bada ere negozio kontua. Ikaragarria, gainera: gizonentzako kosmetikaren urteroko hazkunde ekonomikoa %3,1koa da eta mundu honek 42.000 milioi euro mugitzen ditu. Ez dira txantxetako datuak, ez.

Eta Mecanok abesten zuen Maquillaje hura ez balitz bakarrik nesken kontu bat? Makilla zaitez, motel ala zure aurpegiera arrunta oso izango da eta ez zaitut, ez, gustuko izango.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos