Borrar
Taldeak egokitu dira egoera berrira, eta gustora omen dira Topagunea

Mintzapraktika, kaletik etxera

Asteroko elkartzeak solasaldi birtual bilakatu dira ezinbestean, baina itxialdiak ez ditu isildu milaka mintzalagunen ahotsak

Martes, 21 de abril 2020, 06:11

Comenta

Urte asko igaro dira 1993an Donostiako Bagera euskaltzaleen elkarteak Mintzalaguna egitasmoa sortu zuenetik. Printzipio oso sinplean oinarritu ziren: euskara ikasten ari ziren askok ez zeukatenez solasak ahalbidetzen duen hizkuntzaren bizitasunaz jabetzerik eta gozatzerik, horretarako aukera emango zieten, euren denbora partekatzeko prest zeuden soltura handixeagoko beste euskaldun batzuen laguntzaz. Euskara gau-eskola eta euskaltegietatik kalera ateratzea ere bazen, eta bada, egitasmoaren helburua; batez ere berez euskara askorik ez duten kaleetara.

Hogeita zazpi urtez hedatzen eta kale eta plaza berriak bereganatzen joan ostean, euskalkien eta herrien arabera izen desberdinak -mintzalagun, mintzakide, solaslagun, berbalagun...- dituen ekimenak alderantzizko bidea egin behar izan du azken asteotan: kaletik etxera bueltatu da aldi baterako, koronabirusa dela eta ezarri den itxialdiaren ondorioz.

Eragile eta mintzalagun askori eragin die egun batetik besterako aldaketak. Maite Agirre Topaguneko Mintzapraktika saileko koordinatzaileak emandako datuen arabera, «Euskal Herri mailan 900 talde daude, eta horietan 7.000 bat lagun». Topagunean biltzen diren euskara elkarteek zuzenean kudeatzen dituzte talde asko, baina beste eragile batzuk ere badira, hala nola hainbat udal edota AEK. Elkarlanean dihardute betiere, jarduteko modu hori baita Mintzapraktika programen ezaugarri eta oinarri nagusietako bat.

Aldibaterako erremedioa

Egokitzeko gaitasuna erakutsi dute ekimenok guztiok, kaleak itxi eta jendea etxeratu orduko hasi baitziren pentsatzen nola bermatu mintzalagunei euskaraz hitz egiten jarraitzeko aukera. «Pixka bat jokoz kanpo harrapatu gintuen hasieran», dio Maite Agirrek aurreneko egunak gogoratzean. «Pentsatu genuen agian nahikoa izango zela aurrez aurreko saioak 15 egunez etetea, gero normaltasunera itzuliko ginelakoan, baina luzatuko zela ikustean irtenbide bila hasi ginen».

Egokitzapena da, arlo honetan gainerako denetan bezala, gako-hitza. Dinamika orokorra egokitu behar izan zuten baina, taldeen izaera eta egoera ez denez homogeneoa, maila txikiagoko ehunka egokitzapen egin behar ziren: «Dinamizatzaileok aztertu genuen zein baliabide behar ziren mintzalagunek zeuzkatenetara egokitzeko. Talde bakoitzaren egoera aztertu ondoren erabaki genuen zein izan zitekeen harremanetan jarraitzeko modurik onena. Ondoren, behar zuenari lagundu genion aplikazioa instalatzen eta irakatsi genion erabiltzen. Talde bakoitzak hartu du ia bere martxa».

Askok Whatsapp bidezko bideo-deiak baliatzen dituzte, eta aukera horrek gehienez ere aldibereko lau solaskide onartzen dituenez, motz geratu kasuren btzuetan. Beste bitarteko batzuk ere erabiltzen dituzte mintzalagunek harremanari eusteko, telefono-dei arruntak barne. «Era batera edo bestera, ari dira moldatzen, jendea gustura ari da, nahiz eta badiren betiko martxara itzuli arte itxarotea nahiago dutenen batzuk», nabarmendu du Agirrek.

Topagunearen gogoa ere horixe da, betiko martxara lehenbailehen itzultzea. Mintzalaguna ekimenaren xedea ez delako bakarrik euskaraz hitz egiteko aukera eskaintzea, baizik eta herrietako euskara sarea indartzea eta elikatzea, «talde bakoitza arnasgune bat» bilakatzen baita. Ildo horretatik, herriko beste eragile batzuekin lankidetzan, gero eta gehiago ziren mintza-saioez haragoko ekintza osagarriak, elkar ezagutzea eta sareak zabaltzea ahalbidetzen zutenak.

Jarduera osagarri birtualak antolatzen segituan hasi dira taldeak. Kide berriak ere bildu dira zenbaitetara, «jendeak asti gehiago duelako, eta etxean bakarrik dagoenari bakardadea arintzen laguntzen diolako». Alde horretatik, ekimena indartzea ekar lezake egoera berriak, baina Maite Agirreren ustez mintzalagunen tokia kalea da. Hortaz, «oso garbi daukagu momentuko zerbait dela. Ahalik eta ondoen antolatzen saiatu gara, baina ahalik eta azkarren itzuli nahi dugu betikora».

«Ahalik eta ondoen antolatzen saiatu gara, baina oso argi daukagu ahalik eta azkarren itzuli nahi dugula betikora»

Maite Agirre (Topagunea)

«Mintza taldeak harreman taldeak ere badira, eta une hauetan erakutsi behar dugu pertsonak direla inportanteena»

Edorta Lopez (AEK)

«Hasiera batean ematen du aurrez aurre aritzea baino hotzagoa dela, baina berotasuna jartzea norberaren esku dago»

Arantza Garaialde (Mintzaneteko bidelaguna)

«Etxetik ezin irtenda nagoen egun hauetan, bidelagunarekin hitz egitea da euskaraz aritzeko aukera bakarra»

Belen Silva (Bidelaria)

Lehentasuna, harremanek

AEKren Praktikatu mintzapraktika egitasmoaren koordinatzailea da Edorta Lopez, eta gogoan du nola orain dela hilabete, «egoera alarma ezarri eta asteburu hartan bertan» hasi ziren erantzuna prestatzen, herriz herri, taldeen ardura duten 35 koordinatzaileak eta jarraipen batzordeak. «Haiek dakite nolakoak diren taldeak eta zein den bakoitzari ondoen egokitzen zaion soluzioa», dio.

AEKren egitasmo honen baitako saioetan, gainerakoetan bezalatsu, Skype eta Whatsapp bidezko bideodeiak dira izarra, baina komunikazioa bideratu dezakeen ezein baliabideri ez diote muzin egiten. «Badugu 73 urteko andre bat, kanpokoekin komunikatzeko tresna bakarra etxeko telefonoa duena. Ba horixe erabiltzen dugu», azaldu du, adibide gisa.

Zeren eta beti, eta batez ere orain, harremanek dute lehentasuna Edorta Lopezen eta AEKren ikuspegitik. «Urrutiko harremanetan egoera berri honi buelta emateko modua ikusi dugu» esaten duenean ez da soilik ari mintzapraktika saioez, «mintza taldeak ez direlako euskara praktikatzeko talde hutsak. Harreman taldeak ere badira, eta erakutsi behar dugu pertsonak direla inportanteena». Beti hor egon diren pertsonak, eta asteotam hurbiltzen ari zaizkien berriak.

Borborka dute sormena. #EzGaituMututuko traolari erreparatzea nahikoa da taldeek ze martxa duten eta zenbat jarduera antolatzen dituzten ikusteko. Bide berriak ari dira irekitzen, eta «gu ere ari gara aukera berriak ikusten». Baina momentuz garrantzitsuena da «lehiatila txiki hau humanitatea eta maitasuna erakusteko erabiltzea, batez ere bakarrik daudenei begira. Euskaratik asko eman daiteke arlo horretan».

Sarean eta sarerako sortu zen Mintzanetek bidelagunak behar ditu

Mintzapraktika ekimenetan gazteenetakoa da Mintzanet , eremu horretako 'natibo digitala', sarean eta sarerako sortu baitzen 2012an. Maramara taldearen hizkuntza zerbitzuak kudeatzen du eta Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren laguntza du euskara on line eta doan praktikatzeko pentsatutako tresnak.

Apurka joan da hazten eta hedatzen: 2013an 1.527 saio egin zituzten, eta 2019an 8.907ra iritsi ziren. Taldeko giroa hobesten duten aurrez aurreko ekimenetan ez bezala, binaka burutzen dira Mintzaneteko saioak: gutxienez B1 maila izan behar duen bidelaria ordenagailuaren, tabletaren edo telefonoaren alde batean, eta bidelaguna -«euskaldun jantzia» izatea da baldin-tza bakarra- bestean. Konfinamendu egoera dela eta, asko handitu da bidelari kopurua: 56 berri izan zituzten martxoan, eta 58k eman dute izena apirilaren lehen bi asteetan (apirilaren 14ko datua da). Euskaraz aritu nahi duten 114 lagun gehiago, beraz. Hala ere, ekimenaren koordinatzaile Cristina Tapiak dioenez ezin izan diete den-denei behar bezala erantzun, egoerak Mintzaneten defizit kronikoa areagotu duenez bidelagun faltan daudelako.

Beteranoenetakoa da Arantza Garaialde bidelagun donostiarra, zazpi urte baitaramatza baikortasun kutsua duen euskara bizi-bizia eta denbora bidera irteten zaizkionekin partekatzen. Batekin hasi zen, bigarren bat hartu zuen, eta gauzak nola dauden kontuan hartuta hirugarren bati tokia egiteko prest dago. Beste hainbat gauzatan ere badabilen Arantzak -maskarak josten harrapatu genuen, jo eta ke- zalantza izpirik gabe gomendatzen du esperientzia. «Astia eta gogoa behar dira, jakina, baina organizatzeko orduan oso malgua da, eta asko asebetetzen du euskaraz aritu nahi duenari laguntzea», nabarmendu du. Euskararen aldeko ale bat jartzea da, batetik, baina bizipen bezala ere aberasgarria omen da: «Aurrenekoarekin urteak daramatzat, oso-oso lagunak egin gara». Sistemari jartzen zaion erreparo nagusia erabat ezeztatzen du: pantaila bidezko harremana hotza dela, alegia. «Pantaila, berez, ez da hotza, berotasuna jartzea norberaren esku dago», dio.

Belen Silva bidelari irundarra, berriz, aurten hasi da, euskaltegiko irakasleak iradokita, ezinezkoa zuelako taldeen ordutegietara egokitzea. Momentuz, telefonoz aritzen da bidelagunarekin, elkar ikusi gabe. «Alde ona bilatzen hasita, errazago kontzentratzen naiz, baina nahiago nuke aurpegia ikustea», dio. Hala ere, izugarri estimatzen du laguntza, «etxetik ezin irtenda nagoen egun hauetan hori delako euskaraz aritzeko aukera bakarra». Aitortzen du, barrez, beste bi ere badituela: bakarrizketak eta kantuari esaten dizkion kontuak.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Mintzapraktika, kaletik etxera

Mintzapraktika, kaletik etxera