1,9 milioi euro Iparraldean euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko

EEPko lehendakari Beñat Arrabit eta Hizkuntza Politika sailburuordetzako Josune Zabala, laguntzen berri emateko Baionan egin zuten agerraldian./M.I.
EEPko lehendakari Beñat Arrabit eta Hizkuntza Politika sailburuordetzako Josune Zabala, laguntzen berri emateko Baionan egin zuten agerraldian. / M.I.

Euskararen Erakunde Publikoak eta Eusko Jaurlaritzak lankidetza akordioaren ondorio diren laguntzak aurkeztu dituzte

1.930.000 mila euro banatuko dira Ipar Euskal Herriko euskalgintzako eragileen artean haien lanari eusteko eta, horrenbestez, euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko. Laguntzok ostiral arratsaldean aurkeztu zituzten Baionan Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko Lehendakariak eta Josune Zabala Kultura eta Hizkuntza Politika saileko Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak. Izan ere, EEPk eta Eusko Jaurlaritzak apirilaren 28an sinatu zuten lankidetza akordioaren ondorio dira dirulaguntzak, eta bi erakundeek egindako ekarpenek elikatzen dute fondoa: Euskararen Erakunde Publikoak 1.530.000 euro jartzen ditu, eta Eusko Jaurlaritzak 400.000 euro.

Jaurlaritzak eta EEPk 2007az dihardute hizkuntza politika arloan elkarlanean. Une honetan, aurreko bietan finkatu eta garatutakoa sendotu duen hirugarren hitzarmen-markoareren baitan ari dira lanean, 2017-2022 epealdian egitekoak finkatu zituen hitzarmenaren baitan alegia.

Lankidetzak, Josune Zabalak azpimarratu zuen bezala, arlo asko hartzen ditu kontuan, hala nola Inkesta Soziolingustikoa edo EAS Euskal Herriko Hizkuntza-adierazleen Sistema. Eragileen eguneroko lanean, ordea, lankidetza-fondoko laguntzek dute eraginik behinena eta aurten ere, ohi bezala, bi multzotan banatu da: eragile nagusiei zuzendutako laguntzak, eta deialdi ireki bidez banatzen direnak.

Multzorik handiena, 1.550.000 eurokoa, Iparraldeko zortzi eragileren artean babatuko da, «haien lan-lerroak bat baitatoz Euskararen Erakunde Publikoaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko akordioaren lan-ildoekin». Zortzi horiek «egituratzaile diren eragileak» dira, Beñat Arrabiten hitzetan.

Bi atal nagusiak, guztizkoaren heren bana hartzen dutenak, helduen euskalduntzea eta irakaskuntza dira. Helduen euskalduntzera500.000 euro bideratuko dira, AEK delarik onuraduna. «Lurralde guzian hedatuak diren 16 gau eskoleri laguntza eta aholkularitza tekniko eta pedagogikoa (formatzaileen kontratazioa eta kudeaketa, formatzaileen formakuntza, didaktika, ikasleen jarraipena…), ikastaldi trinkoen antolaketa, sentsibilizazio kanpainak...» izango dira laguntza horren xede zehatzak.

Euskarazko irakaskuntzan lanean diharduten eragileak sustatzeko 496.000 euro emango dira. Zatirik handiena, 405.000 euro, ama-eskolatik lizeora arte 3.688 ikasle eskolatzen dituen Seaskak jasoko du, «federazioa sostengatzeko euskararen erabilpena eta transmisio laguntza ekintzetan». Irakaskuntza elebiduneko guraso elkarteek ere jasoko dute laguntzarik euren ekimenetarako. Ikas-Bi sare publikoko irakaskuntza elebiduneko buraso elkarteak 40.000 euro jasoko ditu, eremu berean diarduen Biga Bai-k 23.000 eta Euskal Haziak sare pribatu giristinoko irakaskuntza elebiduneko buraso eta irakasleen elkarteak 28.000.

Kopuruaren aldetik, euskal hedabideek 310.000 euro jasoko dituzte. Zehazki, zuzeneko esleipen honetan, euskaraz ari diren tokiko bort irrati biltzen dituen Euskal Irratiak federazioak jasoko du diru hori.

Azkenik, «azken urte hauetan garapen handia izan duten aisialdi alorreko jardueren sustatzeko» 244.000 euro erabiliko dira. Uda Leku euskerazko aisialdi eta egonaldi zentroak 179.000 euro jasoko ditu, eta 65.000 Bertsularien Lagunak elkarteak, «lurralde guzian bertsu eskolek eramaten duten bertsolaritzaren irakaskuntzaren sustengatzeko». Izan ere, 300 ikasle inguruk parte hartzen dute 19 bertsu eskoletan, 36 taldetan banaturik. Bertsolaritzaren sustapenari zuzendutakoa da hain zuzen handitu den partida bakarra (10.000 euro gehiago), gainerakoak 2017koa eutsi baitiote.

Deialdi bidezko laguntzei dagokienez, 380.000 euro banatu dira deialdira proiektuak bidali dituzten eragile pribatuen artean. Guztira, 52 eragilek 72 proiektu aurkeztu dituzte.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos