47 metroko sakoneran, hiru lagunen gorpuzkiak aurkitu ditu Mallorcako putzu batean Aranzadik

Ez dute baztertzen lagun gehiagoren arrastoak aurkitzeko aukera/Aranzadi
Ez dute baztertzen lagun gehiagoren arrastoak aurkitzeko aukera / Aranzadi

Aste bete behar izan dute jasotako testigantzek kontatutakoa baieztatzeko: putzua baliatu omen zuten falangistek, zonaldeko harrobietako langileak desagerrarazteko

Mallorcako Llucmajor udalerrian dago s'Àguila lursaila. Hamar egun daramatza Aranzadi Zientzia Elkarteko lantalde batek bertan indusketa lanak egiten, putzu batean. 47 metroko sakoneran, hiru lagunen gorpuzkiak aurkitu dituzte. Uste dute 1936ko kolpe militarreko biktimak direla.

Aste bete behar izan dute jasotako testigantzek kontatutakoa baieztatzeko: putzua baliatu zuten, ustez, zonaldeko harrobietako langileak desagerrarazteko. Magdalena Jaume eta Josep Quetglas-ek burututako Mapa de Foses de les Illes Balears dokumentuaren arabera, hainbat langile hil zituzten teknika horrekin falangistek.

Uste dute aurkitutako gorpuzkietako bat Julià Fullana Mas-ena dela. Ahozko testigantzek jasotakoaren arabera, 1936ko abuztuan atxilotu, torturatu eta bertara bota zuten, tartean bizirik zela. Joan Fullanaren semea zen, Llucmajor-eko alderdi sozialistako sortzailea, eta 26-30 urte zituenean erail zuten.

Aurkitutako arrastoak bateragarriak dira errelato horrekin. Izan ere, hirurek dituzte peri mortem, hau da, hil aurretik, eragindako lesio edo traumak. Putzu hondora erortzean sortutakoak, ustez. Jasotako ADN-a aztertzeko lanetan ari dira orain, hiru lagunen identitateak zehaztu ahal izateko.

Aurkikuntzaren harira, Fanny Tur kontseilariak azpimarratu du, Llucmajor-eko udaleko eta Associació Memòria de Mallorcako ordezkariekin batera putzura egindako bisitan, aurkikuntzak erakusten duen indarkeria eta «muturreko ankerkeria. Tokiko istorio askoren lekuko da putzua, eta plazera izango da familiei euren senideen gorpuzkinak itzultzea».

Aranzadiko langileak aste osoz ariko dira Mallorcan lanean. Ez dute baztertzen lagun gehiagoren arrastoak aurkitzeko aukera.

Temas

Euskera