Elkarrekin zeharkatuko dute Euskal Herria 110 gaztek

Parte-hartzaileak Maulen. Gazteak, laranjaz. Helduak, urdinez./EUSKARABENTURA
Parte-hartzaileak Maulen. Gazteak, laranjaz. Helduak, urdinez. / EUSKARABENTURA

Maule-Lextarren abiatu da EuskarAbentura, eta uztailaren 31ean iritsiko da Getxora, ia 800 kilometro egin ostean

Heldu da azkenean martxan jartzeko ordua. EuskarAbentura elkartea osatzen duten Euskal Herriko toki desberdinetako hamar gazteek sortutako eta hiru urtez landutako ekimena abian da, igandean hasi baitzen Maule-Lextarretik uztailaren 31era arte euskararen lurraldeak korrituko dituen espedizioa. Taldea 140 lagunek osatzen dute, 16-17 urtebitarteko 110 gaztek eta 30 helduk, eta Zuberoako hiriburuan elkartu ziren igande eguerdian, kamiseta laranjak jantzi eta abenturari ekiteko.

Hurrengo asteetan, hain zuzen, elkarrekin egingo dituzte Mauletik Getxorako 783 kilometroak, horietako 483 oinez. Gazte gehienak (48, hau da %43) bizkaitarrak dira, eta ondoren datoz nafarrak (23, %21), gipuzkoarrak (20, %19) eta arabarrak (14, %13). Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa-Beheretik gazte bana bildu da eta diasporatik, berriz, bi: bat Washington hiritik eta bestea Patagoniatik. Gazteen %65 emakumeak dira, 72 neska eta 38 mutil baitira.

Jatorri desberdinetakoak izanik, aurreneko egunean elkar ezagutzeak izan zuen lehentasuna, baita arauak eta jarduteko modua ezagutzeak ere. Hamar laguneko taldeetan banatu zituzten, bakoitza bere 'xerpa' edo begiralearekin. Bazkalostean, lehen bazkarian sortutako zaborra sailkatu eta pisatzeaz gain (espedizioak sortutako zabor kantitatea neurtzeko asmoa dago), egitasmoaren nondik norakoak azaldu zizkieten parte-hartzaileei: elkartea, lantaldea, helburuak, plangintza, ibilbidea, babesleak…

Arratsaldea eta lehen gaua Zuberoako hiriburu eder eta lasaiean igaro ondoren, astelehen goizean ekin diote lehen etapari. Aurreneko egunerako 21,2 kilometro eta 700 metroko desnibela duen ibilbidea prestatu diete, zeharkatu dituzten hainbat herritan bertako bidelagunak izan dituztelarik.

Asteartean ere Iparraldeko lurretan barrena ibiliko da EuskarAbentura, Donibane-Garazirako bidean, eta asteazkenean, uztailak 4, Pirinioak zeharkatuz Nafarroa aldera iritsiko da, Done Jakue bidea jarraituz Orreagaraino.

Akitania-Euskadi-Nafarroa, Euroeskualdea, BBK, Euskaraldia, Euskaltel, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiak, Getxoko, Donostiko, Bilboko eta Gasteizko Udalak, Kaiku, Ausolan, Euskaraldia, Eusko Ikaskuntza, Jaso Fundazioa eta beste zenbaiten laguntza izan duen espedizioaren eguneroko martxa sare sozialetan jarraitu ahal izango da, Facebook, Twitter eta Instagram-en @euskarabentura profilak jarraituz.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos