UEUren udako ikastaroen ebaluazio «oso positiboa» egin dute, elkarlana nabarmenduta

Irati Iciar Madinabeitia ikastaroetako arduraduna/UEU
Irati Iciar Madinabeitia ikastaroetako arduraduna / UEU

Udako ikastaroen izaera kolaboratzailea nabarmendu du Irati Iciar Madinabeitia ikastaroetako arduradunak balorazioa egitean. Uste du emaitza oso onak eman dituela «bai akademikoki eta baita partaideak eta jendearen erantzunaren aldetik ere»

DVDonostia

Ostiral honetan, uztailak 12, amaitu dira UEUren 47. Udako Ikastaroak Usurbilen, eta Irati Iciar Madinabeitia ikastaroetako arduradunak balorazioa egin du. «Planetak elkarrekin lotu eta gauza zoragarriak gertatzen diren bezala, bada horrelako gauza miragarri bat izan da Jakinek, Usurbilgo Udalak eta UEUk burututako elkarlana. Benetan oso positiboa, emaitza oso onak eman dituena bai akademikoki eta baita partaideak eta jendearen erantzunaren aldetik ere», esan du.

Hiru urteko hitzarmena sinatu zuten erakunde eta udalak, aurtengoa izanik hirugarrena. «Oso balorazio positiboa» egin du, hitzarmenaz gain, ikastaroen inguruan ere.

Alde batetik, «eskaintza egitea lortu dugu eta hori da gure urteroko erronka. Eskaintza berria eta interesgarria antolatzea. Bestetik, zati bat da jendearen erantzuna. Guk eskaintza hori egiten dugu norbaitentzat interesgarria, beharrezkoa eta hutsune bat betetzeko asmoz. Horretan ere emaitza ere ona. Egia da bidean ikastaro batzuk ez direla irten edo ez dutela eduki guk espero genuen parte hartzea. Baina talde politak sortu dira. Tamaina ezberdinetakoak«.

Nabarmendu du arrakasta beti ez dela jende asko biltzea, baizik eta jende egokia biltzea. Horrela, «positiboa izan da parte hartzearen aldetik eta oso positiboa elkarlanaren aldetik», ikastaroen aurtengo edizioa.

'ElkarEkin' leloa ez dela kasualitatea ere azpimarratu du. «Nik uste dut Udako Ikastaroak direla bereziki UEUren barne elkarrekintza horren eremu naturala. Usurbilen egite ere elkarlan batetik sortutako aukera da. Maitasuna politikoa den moduan UEUren kasuan elkarlana politikoa da».

Nortasunari jarraipena ematea

Aurrera begira ere elkarlan berrien bila jarraituko duela adierazi du. Proposamenen artean baloratzen dute nork proposatzen duen edo norekin edo zein elkarlan proposatzen dieten.

UEUren barruan Udako Ikastaroen papera «gure nortasunari jarraipena ematea» dela uste du. Udako Ikastaroak UEUrekin batera eta gizartearekin batera asko aldatzen joan dira. Eboluzio bat izan dute. «Egungo munduarekin kontaktua mantentzen laguntzen digun jarduera da. Aldi berean, gure jarduera ezagunena da, UEUri ere nortasuna ematen diona kanpora begira. Bestetik ematen digu praktika bat barrura begira egiteko: gure sailekin, bazkideekin... Baina praktika hori eta nortasun hori kanpora begira ere islatzen da medioen bitartez, partaideen bitartez, sare sozialen bitartez... Nik uste dut UEUrentzat erakusleiho oso garrantzitsuak direla gaur egun oraindik. Eta elkarlanerako datozen eragile ezberdinek ere horrela ulertzen dute. Datozela UEUrekin zerbait egitera«, amaitu du.

Temas

Euskera