Borrar
Iazko Herri Urratseko irudia Arizmendi
Maiatzaren 10ean egingo dute Herri Urrats, 'Gaki ge!' lelopean

Maiatzaren 10ean egingo dute Herri Urrats, 'Gaki ge!' lelopean

Jaiaren 37. edizioan, Piarres Larzabal Ziburuko (Lapurdi) kolegioa handitzeko baliatuko dute bildutako dirua

DV

Donostia

Miércoles, 15 de enero 2020, 17:13

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Maiatzaren 10ean egingo dute, Senperen, Herri Urrats Iparraldeko ikastolen jaia. 'Gaki ge!' lelopean, herritarren mobilizazioa izango dute xede. Izan ere, 'bagoaz' esan nahi du horrek lapurteraz, eta hain zuzen, herritarrak mugiarazi nahi dituzte lelo horrekin, euskararen eta ikastolen aldeko hautua egin dutenei ere erreferentzia eginez. Piarres Larzabal, Ziburuko (Lapurdi) kolegioak jasoko du Herri Urratsen laguntza.

1000 ikasleko langa gainditzera doaz aurtengoan Lapurdiko ikastetxe euskaldunak. Ikaslez gainezka dago, adibidez, Piarres Larzabal bera, eta zentroa handitzeko baliatuko dute Senperen bildutako dirua. Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak, Emile Negelua Seaskako gurasoa eta Ihintza Bidart Herri Urratseko koordinatzailea izan dira aurkezpenean.

37. edizioaren antolaketan buru-belarri lanean ari da taldea. Urtean zehar 50 bat pertsonek lan egiten dute antolaketan, eta jaiaren egunean 2500 laguntzaile inguru izango dira. Horregatik, aurkezpen prentsaurrekoan antolatzaileek eskertu nahi izan dute «era batera edo bestera, izan ekonomikoki, edo antolaketa lanetan orenak eta orenak pasatu dituzten guzien lana».

2013 urtean Xalbador kolegio historikoa handitu behar izan zuten. Baina ez zenez aski, 2017an Baionako Estitxu Robles Arangiz kolegioa ireki zuten. Manex Erdozaintzi Etxart barnekaldeko kolegioa handitzeko lanak ere hasi dituzte eta udaberri huntan bururatzea espero dute. Kanbo, Baiona eta Larzabaleko kolegioen ondoren, Ziburuko kolegioaren txanda heldu da; 300 ikaslerentzako pentsatua, gaur egun 321 ikasle eskolatzen ditu eta, ondorioz, ondoko urteetan handitu beharko da.

«Egia erran denborak harrapatu gaitu eta ikasleen hazkundea gure obren plagintza baino fiteago doa, eta bereziki beharrak ahalak baino anitzez fiteago garatzen ari dira, heldu den ikasturtean lehen aldiz 1000 kolegiotar ikasleen heina gaindituko baitugu», azaldu dute aurkezpenean.

'Gaki ge!' leloarekin herritarrak «mugitzerat gonbidatu nahi ditugu. Gaki ge Herri Urratserat ikastolek eta euskarak Ipar Euskal Herrian behar duten sustengua emaiterat. Gaki ge gure geroa euskaraz eraikitzera. Gaki ge Brebeta eta Baxoa euskaraz izan daitezen erdiesterat. Gaki ge euskararen ofizialtasuna lortzerat», esan dute.

Bi bertso saio eta kontzertua

Aurten, hirugarren aldiz, bertso afaria antolatu dute Astigarragako Zapiain sagardotegian festari ekonomikoki laguntzeko asmoz. Aurten Amets Arzallus eta Iker Zubeldia bertsolariak izango dira bertsotan. Urtarrilaren 31an egingo dute.

Bestalde, otsaileko bigarren igandean, hilak 9, Euskal Herriko Bertso Txapelketan finalera iritsi diren 8 bertsolariak ariko dira Senpereko Larreko gelan. Eskuragarri daude sarrerak interneten, Elkar dendan eta ikastoletan.

Halaber, martxoaren 27an, ostiralez, Baionako Lauga gelan koontzertua egingo du Izaro Andres kantariak. 'Limones en invierno' lan berria aurkezteko bira hastear da mallabiarra, eta Euskal Herrian egingo dituen 5 kontzertu horietako bat da Baionakoa. Sarrerak jadanik salgai dira Herri Urratsen webgunean. Iparraldean egindako lehen kontzertua izango du. Herri Urratsekin elkarlanean antolaturik, kontzertu sarreren zati bat elkarteari emango dio.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios