Elkarlana indartuko dute Hezkuntza Sailak eta Euskaltzaindiak

Andres Urrutia euskaltzainburua eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua./EUSKALTZAINDIA
Andres Urrutia euskaltzainburua eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua. / EUSKALTZAINDIA

Uriarte sailburuak eta Urrutia euskaltzainburuak nabarmendu dute «hizkuntza baten hedapen eta indartze prozesuan» Hezkuntzak duen garrantzia

Aurrerantzean, indartu egingo dira Euskaltzaindiaren eta Hezkuntza Sailaren arteko koordinazioa eta lankidetza, Hezkuntza Sailak azken hamarkadetan martxan duen EIMA programaren bitartez. Euskal ikasmaterialgintzarako programa abian jarri zenetik gaur arte, Euskaltzaindiak Hezkuntza Saileko Euskara zerbitzuko arduradunek bultzatu izan dute elkarlana, argitaratzen joan izan diren ikasmaterialak egokiak eta kalitatezkoak ziren ziurtatzeko batez ere.

Asteazken honetan Euskaltzaindiaren egoitza nagusian Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu duten erakunde bien arteko akordioa, hortaz, ez da hutsetik abiatzen, eta orain arteko koordinazioa eta lankidetza indartzea bilatzen du. Maiatzak 29an, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluan aurkeztu eta onartu zen hitzarmen proposamena. Sinadurak akordioa berretsi egiten du, eta bertan jasotakoa indarrean jarri.

Hitzarmena «bi erakundeon arteko elkarlana euskararen eta euskal kulturaren sorkuntzarako, sustapenerako, garapenerako eta zabalkunderako proposatzen diren egitasmoen inguruan gauzatuko da», ohar baten bidez adierazi dutenez. .

Hezkuntza, klabea

Andres Urrutia euskaltzainburuak esan du Hezkuntza klabea dela «hizkuntza baten hedapen eta indartze prozesuan». Horregatik, azpimarratu du akordio honek berebiziko garrantzia duela Akademiarentzat: «Mendeurrenaren karira, Euskaltzaindiak argi ikusten du euskararen batasunerako bidean eman dituen eta ematen dituen arauen, gomendioen eta irizpenen zabalkunderako Hezkuntza prozesuek duten irismena eta pisua. Gainera, Hezkuntza eragileekin batera jokatu nahi du Euskaltzaindiak, horien guztien ekarpenak jasotzea oinarrizkoa baita, gerora euskararen aurrerabidean zeresana izango dutelako«.

Uriarte sailburuak ere akordioaren garrantzia nabarmendu nahi izan du: «Imajinatuko duzue zein garrantzitsua den gure gazteek, gure ikasleek, behar bezalako materialak izatea; euskaraz ondo landutakoak, araudia betez; eta ahalik eta gai eta eduki gehienetara iritsiko direnak. Hizkuntza baten normalizazio prozesuan gauza gutxi izango dira hau baino garrantzitsuagoak. Hori da, hain zuzen ere, gaur adostutakoaren helburua: euskarazko ikasmaterialak lantzen jarraitzea, Euskaltzaindiak ematen digun bermearekin» .

Akordio honek beste eduki batzuk ere jasotzen ditu: EIMAk bere eguneroko jardunean sortzen dituen materialetan, bai eta antolatzen dituen ekintzetan, Euskaltzaindiaren irizpideak aintzat hartzeko konpromisoa; EIMAk dituen kontsultak eta iradokizunak Euskaltzaindiari bideratzea; sinatzaileek publikatzen dituzten argitalpenak elkarren artean trukatzea; edota euskararen jakitean, erabileran zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, dibulgazioan eta sentiberatzean egitasmoak partekatzeko konpromisoa.

Cristina Uriarte sailburuak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatutako hitzarmenak hiru urteko iraupena izango du, iraupen bereko ondoko epealdietan luzatu ahal izango delarik.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos