Langileen ia erdiak dauka eguneratuta hitzarmena

Langileen ia erdiak dauka eguneratuta hitzarmena
Morquecho

Guztira, langileen %44,9 horretatik, %37,3k hitzarmena luzatuta eta berritzeke zuten, eta %17,8k hitzarmena iraungita eta berreskuratzeke

DVDonostia

Lan Harremanen Kontseiluak (LHK) bi hilean behin ematen duen txosten soziolaboralaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) langileen %44,9k bere hitzarmena eguneratuta zeukan abuztuaren amaieran, hau da, 272.749 pertsona. Guztira, langileen %37,3k hitzarmena luzatuta eta berritzeke zuten, eta %17,8k hitzarmena iraungita eta berreskuratzeke.

LHKren arabera, negoziazio kolektiboaren baitan diren langileen erdiek hitzarmena berritu gabe duten arren, negoziazioaren emaitzak «azken lau urteetako onenak dira».

Bada, 2019ko abuztuaren amaieran, EAEko langileen %44,9k hitzarmena eguneratuta zeukan, eta sasoi berean portzentajea %41,8koa zen 2018an, %34,7koa 2017an, %33,8koa 2016an eta %33,0koa 2015ean.

Uztailean Gipuzkoako pasta, paper eta kartoiaren hitzarmena sinatu zen, eta irailean erregistratu. Egun, negoziazio sektorialeko zenbait mahai daude zabalik, eta horien artean nabarmentzekoa da Bizkaiko industria siderometalurgikoarena, 40.000 lagun ingururi eragiten baitio.

EAEn eragina duten estatu mailako hitzarmenei dagokienez, uztailean eta abuztuan sektoreko zazpi eta enpresako 28 sinatu ziren; guztira, hitzarmenok 12.000 langile hatzen dituzte euren baitan.

Bestalde, aurten erregistratutako soldata igoera batez beste %2,05ekoa da, aurreko urteetan baino altuxeagoa. Oro har, indarrean diren hitzarmenetako batez besteko soldata igoera %1,94koa da. Aurten, adostutako igoera handiagoa izan da sektoreko hitzarmenetan (%2,37), enpresetako hitzarmenetan baino (%1,60).

Azkenik, urtarriletik abuztura bitartean erregistratutako langabeziak %6,7 behera egin arren, jakinarazitako kontratazioa %0,4 baino ez zen igo sasoi berean. Sinatutako kontratu mugagabeak %6,4 gutxiago izan ziren, besteak beste, ekintzaileen aldeko kontratu mugagabea kendu izanagatik; aldi baterako kontratuak, ostera, %1 gehiago izan ziren.

Temas

Euskera