Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak osatu du Euskaraldirako hamaikakoa

Kargudunak eta langileak elkartu dira hamaikakoan. /IREKIA
Kargudunak eta langileak elkartu dira hamaikakoan. / IREKIA

'Talde enbaxadore' horren bitartez hedatuko da proiektua langileen artean, hiztunen aktibazioa sustatzeko asmoarekin

'Euskaraldia, 11 Egun Euskaraz' ekimenaren inguruko hamaikako ugari aurkeztu dira Euskaraldiak apirilaren 18an bere lehen hamaikakoa aurkeztu zuenetik. Hurrengoetan, gehiago joango dira osatzen eta aurkezten, asmoa baita denetariko erakundeetan izatea enbaxadore edo sustatzaile taldeak. Topagunearekin batera ekimena abian jarri zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak berea aurkeztu du ostegun honetan, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan. «Ekimena Saileko langileen artean hedatzea eta euskararen erabilera errazten laguntzea Euskaraldia izango den 11 egun horietan» izango da taldearen egitekoa.

Honako hauek dira taldeko hamaika kideak: Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Miren Dobaran, Hizkuntza Politikako sailburuordea; Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria; Almudena Otaola, Kabinetearen eta Hedabideen zuzendaria; Jon Redondo, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria; Mikel Aizpuru, Kultura Ondarearen zuzendaria; Raquel Carmona, Hizkuntza Politikako langilea; Ramón Suinaga, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako langilea; Jabier Oses, Zerbitzu Zuzendaritzako langilea; Olaia Fernández, Kabinetearen eta Hedabideen Zuzendaritzako langilea. Amaia Gezala, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzako langilea.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak hamaikakoak egingo duen ekarpena azpimarratu du: «Euskararen erabilera Kultura eta Hizkuntza Politika Sailean oso nabarmena da. Euskara hizkuntza nagusia da lankideen arteko harremanetan eta lanerako lehen hizkuntza ere bada; hala ere, zenbait gabezia ikusten ditugu eta Euskaraldia luzatuko den 11 egun horiek aprobetxatu nahi ditugu beste aurrerapauso bat emateko. Han eta hemen hedatzen ari dira Euskaraldiaren 11koak, eta gure Sailean ere talde enbaxadore bat eduki nahi izan dugu. Haren eginkizuna izango da ekimena lankideen artean hedatzea, hiztunak aktibatzen laguntzea eta, funtsean, euskararen erabileran erraztea, lankide 'ahobizi' zein 'belarriprest'-en bitartez».

Lehen hamaikakoa

Euskaraldiak apirilaren 18an aurkeztu zuen bere lehen hamaikakoa, Bilboko Itsas Museoan. Hauexek dira lehen talde enbaxadore hori osatzen duten lagunak: Alex Txikon, alpinista; Dani Alvarez, kazetaria; Pedro Miguel Etxenike, fisikan doktorea; Toti Martinez de Lezea, idazlea; Eneko Sagardoy, aktorea; La Basu, musikaria; Aretz Iginiz, errugbilaria; Cris Lizarraga, Belako taldeko abeslaria; Mikel Arrasate, Karrikaluze elkarteko kidea; Arianne Unamuno, Pil-pilean elkarteko kidea; eta Zuriñe Gil, Geu elkarteko kidea.

Lehen 11ko hura aurkeztu zenetik, hainbat hiri, herri, erakunde edota elkarte talde enbaxadoreak aurkezten ari dira. Hamaikakoa modu pertsonalean eta borondatez 'Euskaraldia: 11 Egun Euskaraz' ekimenean parte hartzea erabaki duten lagunek osatzen dute, 'belarriprest' eta 'ahobizi' rolen bitartez. Horrelako taldeak funtsezkoak izango dira proiektua arrakastatsua izan dadin.

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte izango da abian Euskaraldia Euskal Herri osoko ehunka udalerritan. Ekimen honen helburua da hizkuntza ohituretan eragitea euskararen erabilera eta hiztunen aktibazioa bultzatzeko. Funtsean, Euskaraldiaren xedea da 11 egunez euskara era aktiboagoan erabiltzea ariketa horrek 12. egunetik aurrera eragina izan dezan. Proiektuaren oinarrian azken urteotan hainbat herritan izandako aktibazio esperientzia arrakastatsuak daude.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos