Sistema eragilean klika! euskararen alde

Mertxe Mugika, AEK-ko arduradun nagusia, eta Maialen Lujanbio bertsolaria Korrikaren lekukoa eskuan dutela./HUGO MADARIAGA
Mertxe Mugika, AEK-ko arduradun nagusia, eta Maialen Lujanbio bertsolaria Korrikaren lekukoa eskuan dutela. / HUGO MADARIAGA

Maialen Lujanbiok idatzitako mezua irakurri zuten atzo 21. Korrikaren amaierako festan

Elisa Belauntzaran
ELISA BELAUNTZARANDONOSTIA.

Maialen Lujanbiok idatzitako mezua ibili da eskuz esku, herriz herri, auzoz auzo 11 egunetan Euskal Herrian zehar. Hernaniarrak idatzi zuen atzo arte ederki gordeta egon den 21. Korrikaren mezua Juan Gorritik egindako lekukoan eta atzo, Arabako hiriburura iritsi zen azken kilometroak egin ondoren. Kontseiluak AEK-ri eman zion lekukoa, eta hauek mezua ezagutarazi zuten eguerdi partean antolatutako ekitaldi nagusian. Jendez gainezka zegoen Gasteizko Andra Mari Zuriaren plaza eta bertan ezagutzera eman zen Lujanbiok idatzitakoa. 'Klika! Sistema eragilean' izenburupean Lujanbiok lekukoaren barruko mezu gogoangarria azpimarratu zuen, «euskara ez dela euskararen gauzetarako aplikazioa. Euskara behar du herri honek sistema eragilean».

«Hori dela eta, Korrika egiten dugu, lehenetik eta gerorantz. Korrika. Egin, eragiteko. Eragin, eginarazteko. Norbanakoak egin. Herri-mugimenduek eragin. Erakundeek eginarazi. Egin, eragin, eginarazi», idatzi zuen bertsolariak eta atzo entzun ahal izan zen Arabako hiriburuan txalo zaparrada galanta jasoaz.

Garesen hasi zen duela hamaika egun edizio honetako euskararen aldeko lasterketa eta egun guzti horietan, 2.560 kilometro egin eta gero, 21. edizio honen helmugara iritsi zen. Bidean, milaka lagunek euskararen alde lekukoa eraman zuten. Zahar, heldu, gazte eta haur ugari izan dira lasterketan parte hartzen korrikalari modura edo bide baztarretan txalotzen eta lekukoa zeraman lagunari animoak ematen. Horiei, era batera edo bestera parte hartu dutenei, «zorionak, eta eskerrik asko guzti-guztioi! 21. Korrika eskuz esku honaino ekarri duzuen guztioi!!! Klika egin duzuen guztioi!!!», esan zien Mertxe Mugikak, AEK-ko arduradun nagusia atzo Gasteizko ekitaldi nagusian.

Datuak

2.560 kilometro.
Garesen hasi zen apirilaren 4an 21 Korrika. Euskal Herriko dozenaka herri eta milaka euskaltzaleen, talde, enpresa eta beste askoren babesa jaso ondoren Gasteizera iritsi zen. Tartean milaka Klika jaso dituzte AEK-ko lagunek euskararen alde lanean jarraitzeko animoa emanez.

«10 egunez herriz herri ibili ondoren, heldu gara Gasteiza! Euskal Herri osoa zeharkatu dugu, ehunka mila lagun bat eginda, Klika eginda. AEK-k eta Korrikak ez genuen zuengandik gutxiago espero. Eskerrik asko!», azpimarratu zuen Mugikak ozenki.

«Gaurko hau eta azken hilabeteak historikoak izan dira guretzat! Izan ere, Euskal Herriak Klika egin eta konpromisoa hartu du. Hautua egin dugu guztiok, eta ez edozein hautu: euskaraz bizitzeko erabakia hartu dugu!», esan zien AEK-ko arduradunak Andra Mari Zuri plazan bildutako milaka lagunei.

«Maialen Lujanbiok mezu eder eta mamitsuan esan bezala, Euskal Herri euskalduna erdietsi nahi badugu, sistema eragilean egin behar dugu Klika. Eragiten duten toki guztietan klika egitea, baina, erraza bezain nekeza izan daiteke. Geuk erabakiko dugu nola egin, hartzen ditugun konpromisoen arabera. Gure ustez, bidea argia da: norbanakook egin, eragileek eragin eta administrazioek eginarazi», gogoratu zuen Mugikak.

Hasi zenetik AEK-ko lagunek garbi utzi zuten 21. Korrikak aro berri bati eman diola hasiera, eta aro berri horrek lan egiteko molde berria ere ekarri behar duela, elkarlanean eta lidergo partekatuan oinarritua. «Horrela, oraindik ametsak baino ez direnak egia bihurtzeko bidean jarriko ditugu, hizkuntza-politikak elkarrekin eta elkarlanean adostuz, zehaztuz eta ezarriz. Bi urte barru, 22. Korrikan, oraingo Klikek zer eman duten eta zer bide egin dugun ikusteko eta baloratzeko aukera izango dugu».

Azken kilometroak bereziak

Ekitaldi nagusia Arabako hiriburuan izan zen eguerdi partean. Lau orduz ibili zen Arabako hiriburutik 21. Korrika. Goizeko 8:30ak aldera sartu zen Korrika Arabako hiriburura, Duranatik. Gamarra, Salburua eta Zabalgana igaro zituen goizean zehar Andra Mari Zuriaren plazara iritsi aurretik. Lekukoa Arabara sartu baino lehen, Debagoienan ere ibili zen eskuz esku. Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzagatik pasatu zen goizaldera. Aipatzekoa 21. Korrikaren azken kilometroak bereziak izan zirela. Esaterako, Luko eta Amarita artean kilometroa egin zen Ar Redadeg ekimenaren alde, -bretoieraren aldeko lasterketa da, eta Korrikaren ahizpetako bat-. Duranako azken kilometroa Errenteriako gazte asanbladeko lagunek egin zuten elkarrekin, senidetze sinbolo gisa, Gasteiza sartu aurretik. Izan ziren protagonista gehiago azken kilometro horietan, esaterako suhiltzaileen kamioien babesean pasatu zen lekukoa Gasteizko bidean.

«Egin, eragiteko. Eragin, eginarazteko. Norbanakoak egin», idatzi zuen Lujanbiok

«Gora Korrika, gora AEK, gora zuek!» esan zien Mertxe Mugikak atzo Gasteizen bildutakoei

Egun osoko festa erraldoia antolatu zuten AEK-koek Gasteizko erdialdean amaiera emateko Korrikari. Bertan iragarri zutenez, Euskaraldiaren hurrengo aldia prestatzen hasiak dira jada: 2020an egingo dute, eta, «herritarrak ez ezik, eragileak izango ditu ardatz». Euskara erabiltzeko aukerak zabaltzea du helburu. Mezu hori hedatu du Korrikak: herritarren konpromisoa behar dela, eta eragileena ere bai. Horretarako hats izan da Korrika.

Más

Temas

Korrika