Kontzilia dezagun 70 milioi euro

Kontzilia dezagun 70 milioi euro
Jose Usoz /DV

Neurriaren xedea euskal familien kontziliazioa erraztea da

EL DIARIO VASCO

Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak agerraldia egin zuen aurreko astean, Gobernu Kontseiluaren ondorengo ohiko prentsaurrekoan Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiarekin batera.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak jakinarazi zuenez, Gobernu Kontseiluak onetsi egin du 35 milioi euroko gastua familia eta lan-bizitza kontziliatzeko laguntzen Programa finantzatzeko. Sailburuaren arabera, hiru laguntza-lerro dira, eszedentzian dauden edo lanaldia murriztuta duten gurasoentzat, helburu hauekin: seme-alabak zaintzea edo menpekotasun-egoeran edo osasun-egoera larrian dauden senideak zaintzea. «Bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa kontziliatzea eta seme-alaben zaintzaren erantzunkidetasuna erraztea Familiei Laguntzeko Erakunde arteko IV. Plana 2022ko ardatz estrategikoetako bat da», zehaztu du Erkorekak.

Gainera, Erkorekak jakinarazi du, Plan honen barruan, argi berdea eman dio Gobernu Kontseiluak beste 34,5 milioi euroko laguntzari seme-alaben jaiotzagatik, adopzioagaitik eta erditze edo adopzio anizkoitzagaitik. Erkoreka sailburuak azaldu duenez, familia errentaren arabera 400€, 500€ edo 900€-ko laguntzak izango dira. «Apurka-apurka familia proiektuak hasi eta herritarrek nahi dituzten seme-alaba kopurua izateko pertsonek dituzten zailtasunak ezabatu nahi ditugu», esan du.