Kontzertu Ekonomikoa, haurrei «modu dibertigarrian» azaldua

Sailburuarekin batera, Bilboko Mujika Eskolako Lehen Hezkuntzako 4. mailako hogei bat ikaslek hartu dute parte aurkezpenean./IREKIA
Sailburuarekin batera, Bilboko Mujika Eskolako Lehen Hezkuntzako 4. mailako hogei bat ikaslek hartu dute parte aurkezpenean. / IREKIA

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomiako sailburuak 'KonEko-V' bideo-jokoa aurkeztu du

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomiako sailburuak 'KonEko-V' bideo-jokoa aurkeztu du astelehen honetan, Kontzertu Ekonomikoari buruzko aurrenekoa. Itunaren 140. urteurrenaren esparruan kokatzen da ekimena eta, horren bidez, Peio eta Nerea jokoaren protagonisten laguntzarekin, 8 urtetik aurrerako umeek «euskal finantzaketa-sistemara modu dibertigarrian eta atseginean hurbilduko dira».

Jokoaren bidez, «Ekonomia Itunaren garrantzia eta erabilgarritasuna, eta Euskadiko erakunde-arkitektura ulertzen lagundu nahi zaie», ohar baten bidez azaldu dutenez. Aurkezpenean Bilboko Mujika Eskolako Lehen Hezkuntzako 4. mailako hogei bat ikaslek hartu dute parte.

'KonEko-V' eskuragarri egongo da, doan, Google Play Store eta Appstore plataformetan, abenduaren 19tik aurrera, eta, gainera, erakunde-webetatik ere jo ahalko da horietara

Jokalariek Nerea eta Peio kideei lagunduko diete «pantailan ageri diren txanponak biltzen, udalek, foru-aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak herritarrei eskaintzen dizkieten zerbitzu nagusiekin konektatzen duten tutu batzuetan egoki banatzeko». Horrela, «modu oso didaktikoan baina betiere jolas-giroan, haurrak trebatu egingo dira erakunde-mailetan».

2018ko lehen seihilekoan, hain zuzen, zenbait ekintza garatu dira Kontzertu Ekonomikoa herritarren artean ezagutzera emateko, haren ezagutza sustatzeko eta gizartean haren balioa zabaltzeko.

Oharrean nabarmendu dutenez, «Ekonomia Itunaren Legearen ezaugarriak aintzat hartuta, gaia oso teknikoa da, baina Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundien iritziz, finantzaketa-tresna hori herritarren artean ezagutzera eman behar da eta modu erraz eta gardenean zabaldu, hainbat adin-tartetan».

Temas

Euskera