Kontsumobidek gogoratu du bankuek ez dutela posta elektroniko bidez pasahitzik edo datu pertsonalik eskatzen

Praktika horiek detektatu eta saihesteko jarraibide batzuk eman ditu Kontsumobidek/Fotolia
Praktika horiek detektatu eta saihesteko jarraibide batzuk eman ditu Kontsumobidek / Fotolia

Azken hilabeteetan datu pertsonalak lapurtzeko 'phishing' kanpainak detektatu dira ING eta BBVA erakundeen lekua hartuz; kontsumoaren erakundeak nabarmendu du banku entitateek ez dutela inoiz posta elektroniko bidez datu pertsonalik eskatzen

Datu pertsonalak lapurtzeko azken hilabeteetako saiakerak ikusita, Kontsumobide Kontsumoaren Euskal Erakundeak gogoratu du banku entitateek ez dutela inoiz posta elektroniko bidez pasahitzik edo datu pertsonalik eskatzen, eta are gutxiago sare sozialen, eskuko telefonoko mezuen eta abarren bitartez.

Amazon, Pay Pal, Apple edo antzeko konpainia handiek ere ez direla inoiz horrela aritu nabarmendu du, azken hilabeteetan 'phishing' kanpainak detektatu dira ING eta BBVA erakundeen lekua hartuz. 'Phishing' delituzko praktika bat da, teknologiarekin hedatu dena, eta galera ekonomiko nabarmena ekar dezakeena. Funtsean, datu pertsonalak lapurtzeko estrategiak dira, era horretan biktimaren nortasuna ordezkatu ahal izateko eta, besteak beste, pertsona horren izenean gastuak egiteko.

Praktika horiek detektatu eta saihesteko jarraibide batzuk eman ditu Kontsumobidek. Halako mezuek presatu egiten dute erabiltzailea webgune batean sartzeko edo datu jakin batzuk betetzeko, eta segurtasun eguneratzeak edo zerbitzuaren premiak balira bezala aurkezten dira normalean. Horren aurrean, aukerarik seguruena ez fidatzea da.

Halaber, igorlea zein den arretaz begiratu behar da. Ziberdelinkuentzia konpainia handiak eta bankuak ordezkatzen saiatzen da, baina kontuan hartu behar da enpresa horiek ez dutela inoiz ere mezu elektroniko bidaliko Google, Outlook edota Yahoo kontu batetik, domeinu propioak baitituzte.

Gainera, arretaz begiratu behar da mezua zuzen edo oker idatzita dagoen, ohikoak izaten baitira azentu markak ez agertzea edota generoan nahastea, askotan automatikoki idatzi izan direlako. Bada, Kontsumobidek gomendatu du fitxategi susmagarririk inoiz ez irekitzeko, ezta webgunerik ere posta elektronikotik, hobe baita zuzenean nabigatzailetik irekitzea eta ahal izanez gero bere jatorria eta segurtasuna ziurtatzea.

Bestalde, inoiz ez da datu pertsonalik, pasahitzik edo bankuko daturik bidali behar posta elektroniko bidez, bankuek eta konpainia handiek plataforma seguruak baitituzte gai horietarako. «Orokorrean, esan daiteke zentzua eta mesfidantza direla 'phishing'-aren aurkako babesik onena, bai eta pasahitz seguruak ezartzea eta sare publikoak ez erabiltzea ere», azaldu du.

'Phishing' saiakera bat sumatuz gero, agintarien aurrean edo Segurtasun Informatikoko Bulegoan salatzea gomendatu du kontsumoaren erakundeak.

Temas

Euskera