Giza eskubideak eta gutxiengoen hezkuntza- eta hizkuntza-eskubideak definitzeko bidean

Horrela, Kontseiluko idazkari nagusiak politika publikoen atalean hartu du hitza/Kontseilua
Horrela, Kontseiluko idazkari nagusiak politika publikoen atalean hartu du hitza / Kontseilua

Kontseiluak parte hartu du NBEren 'Hezkuntza, hizkuntza eta giza eskubideak' foroan

DVDonostia

Hizkuntza, hezkuntza eta giza eskubideak hizpide izan dituzte azken bi egunotan, 'Hezkuntza, hizkuntza eta giza eskubideak' foroan, hain zuzen, Kontseiluak parte hartzen duen ELEN sareak, eta hainbat eragile, ordezkari instituzional eta adituk.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia bertan izan da, eta 2019a Hizkuntza Indigenen Urtea izendatu duela NBEk gogoratu du. Horren karira, adierazi du «Europa mailako foroa antolatu nahi izan duela Gutxiengoen Aferetarako Errelatoreak. Kontseiluak aspalditik jorratu izan ditu harremanak aipatu Errelatorearekin eta bertan egotea garrantzitsutzat jo zuen».

Lau saio nagusi izan ditu Foroak. Batetik, marko teorikoa jorratu da giza eskubideak eta gutxiengoen hezkuntza- eta hizkuntza-eskubideak definitzeko bidean. Bestetik, gutxiengoen hezkuntzetan garatu beharreko politika publikoez eztabaidatu da. Hirugarrenik, gutxiengoen hizkuntzen irakaskuntzari lotutako praktika egokiak aurkeztu dira. Azkenik, giza eskubideen bermearen inplementazio eragingarriari begirako baliabideak eta kudeaketa ere izan dituzte hizpide.

«Zalantzarik gabe, gaia konplexua izanik, oinarrizko elementu guztiak kontuan hartzea izan da Foroaren helburuetako bat», esan du Bilbaok.

Horrela, Kontseiluko idazkari nagusiak politika publikoen atalean hartu zuen hitza. «Azken hilabeteotan Euskal Herrian behin eta berriz esan dugu politika publikoetan gizarte eragileen ekarpenak kontuan hartzeko mekanismo eragingarriak abian jarri behar direla, eta hausnarketa bera eraman nahi izan dugu Forora. Finean, prozesu soziopolitikoez ari bagara, nahitaezkoa da gizarte eragileen ahotsa kontuan hartzea«, nabarmendu du Kontseiluko eledunak.

Planteamendu hori egiteaz gain, Protokoloak bete dezakeen funtzioaz ere jardun du Kontseiluko idazkari nagusiak: «Mahai gaineratu dugu egun ez dagoela Europan horrenbeste adostasun soziala duen proposamen politikorik. Gainera, hezkuntzaren eremuan Protokoloak biltzen dituen 51 neurriek ikuspegi integrala eskaintzen dutela azaldu dugu. Hartara, Gutxiengoen Aferetarako Errelatoreari eskatu diogu Protokoloa ere kontuan har dezala etorkizuneko gomendioetan«.

Foroan parte hartzeaz gain, Kontseilua kide den ELEN-Europako Hizkuntza Berdintasunerako Sarearen zuzendaritza-bilera ere egin zuten igandean. «Bilera emankorra, zalantzarik gabe, hurrengo urteetarako geure erakundearen gaineko hausnarketa estrategikoa abian jartzea erabaki dugulako», ondorioztatu du Bilbaok.

Temas

Euskera