Kolpe militarrean eraildako beste 16 biktimaren gorpuzkiak berreskuratu dituzte

Kolpe militarrean eraildako beste 16 biktimaren gorpuzkiak berreskuratu dituzte
Nafarroako Gobernua

Lekuko baten testigantzari esker aurkitu dituzte arrastoak Ollakarizketan, Txulapain bailaran, Iruñetik 12 kilometrora

DVDonostia

Aurkitutako biktimen kopuruak gora egiten jarraitzen du. 1936ko kolpe militarrean eraildako 16 biktimen gorpuzkiak berreskuratu ditu Aranzadi Zientzia Elkarteko talde teknikoak. Iruzkun izeneko lekuan aurkitu dituzte Ollakarizketan, Txulapain bailaran, Iruñetik 12 kilometrora. Horrelakoetan ohikoa denez, lekuko baten testigantzari esker egin dute aurkikuntza.

Félix Echalecu izeneko herritarrak eman zuen informazioa, hobia egitera behartu eta exekuzioen lekukoa izan baitzen. «Egun hartan, 17 gizon ekarri zituzten eskuak lotuta, binaka, eta bildotsak balira bezala sartu zituzten lehendabiziko bordan… Pistoladun batek tiroa ematen zien bihotzean eta lurrera erortzen ziren; eskuinean, beste pistoladun batek ematen zien grazia-tiroa. Ez zait ahaztuko bizi naizen artean», esan zuen.

Hobiaren inguruetan Sartagudako biktimen senitartekoak bildu ziren 1979 gorpuzkiak lurrazpitik atera eta berreskuratzeko. Nafarroako Memoriaren Institutuko Funts Dokumentalak lan haietan egindako argazkiei esker eta erakundeak berreskuratutako Jimeno Jurio Funsari esker, ehorzketaren kokapen zehatza aurkitu ahal izan da orain.

Bi eguneko lana

Azken asteotan egindako bilaketa eta miaketa lanen laguntzaz, 9 gorpuzki atera ahal izan dituzte astelehen honetan Aranzadiko teknikariek, Nafarroako Gobernuak zientzia elkartearekin sinatua duen hitzarmenaren barnean. Asteartean, gainerako 7 gorpuzkiak ateratzeari ekin diote.

Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok biktimen senitartekoek egindako lana eskertu du, «duela 40 urte zuen senitarteakoak desobiratu baitzenituzten hementxe bertan. Eskerrak eman nahi nizkieke, halaber, memoriaren aldeko elkarteei hainbat hamarkadatan egindako lanagatik». Horren harira, «memoria bistaratzeko eta ahantzitakoa lurretik atera eta argitara ekartzeko» borondatea adierazi du.

Zizur BHI eta Berriozar BHI institutuetako 150 ikaslek gertu-gertutik jarraitu dituzte lanok. Horietako bat da Lucía Moreno, ingurua identifikatzen lagundu zuten argazkien emailea eta fusilatutako baten biloba. Honen aita izan zen 1979ko desobiratzeetan parte hartu zutenetako bat. Gertatutakoaren testigantza eman du, halaber, 1979ko desobiratzeetan parte hartu zuen Alargunen Herria Elkarteko lehendakari Máximo Martínezek eta fusilatutako baten biloba eta urte hartako desobiratzeetako partaide ere izan zen Carlos Urbiolak.

Temas

Euskera