Borrar
eUSKALTZAINDIA

UPV/EHUk eta Euskaltzaindiak VIII. Koldo Mitxelena sariak banatu dituzte

Beñat Garaio, Eneko Iradier, Iñigo Arrazola, Maitane Basasoro eta Manu Araolaza nabarmendu eta 2.000 euro jaso dituzte

J. AGIRRE

Asteazkena, 1 otsaila 2023, 17:40

Comenta

Beñat Garaio (Artea eta Giza Zientzien arloan), Eneko Iradier (Ingeniaritza eta Arkitekturaren arloan), Iñigo Arrazola (Zientzien arloan), Maitane Basasoro (Gizarte eta Lege Zientzien arloan) eta Manu Araolaza (Osasun Zientzien arloan) izan dira sarituak VIII. Koldo Mitxelena sariekin garatu duten tesi doktoralagatik eta bakoitzak 2.000 euro jasoko ditu.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez azken bi urteotan 86 tesi egin izan dira euskaraz Euskal Herriko Unibertsitatean, eta horietatik 44 aurkeztu dira VIII. Koldo Mitxelena sarietara. Lehen ekitaldia duela 16 urte izan zen euskarazko doktorego tesiak sustatzeko helburuarekin. Ordutik, «ikertzaile gazteen lana aitortzen dute eta prestigioa ematen diote euskarari, maila goreneko aitortza eginez», antolatzaileek nabarmendu dutenez. Ildo horretan, aurkeztutako datuen arabera 2020/21 ikasturtean, 25 izan ziren euskaraz eginiko doktorego-tesiak, eta 2021/22 ikasturtean 61.

Andres Urrutia euskaltzainburuak irabazleak zoriondu ditu, eta gogoratu du sari hauek aspaldiko elkarlanaren emaitza direla. «Beste behin, nabarmendu nahi nuke Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera eginiko lana. Gainera, sari hauetako batzuk publikatu ere egiten ditugu, esaterako, Miren Ibarluzearen Euskal literatura itzuliaren egitura eta islak 1975-2015, eta iaz kaleratu genuena, Eneko Zuloagaren Mendebaldeko euskara zaharra: ezaugarriak, kronologia eta geografia». «Bere hastapenetik, Euskaltzaindia ahalegindu da euskaraz eginiko ikerketa sustatzen, eta ehun urte beranduago ere tinko eusten dio zeregin horri», gaineratu du Urrutiak.

Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak UPV/EHUk euskaraz eginiko zientzia sustatzen egiten duten ahalegina azpimarratu du: «Zientzia euskaraz ikasten eta irakasten da. Are gehiago: zientzia euskaraz egiten da. Lorpen horretan, zerikusi handia izan dute eta dute Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek eta unibertsitateak berak. Euskaraz egindako doktorego-tesien % 90 baino gehiago Euskal Herriko Unibertsitatean egin da; % 93, bakarrik Euskal Autonomia Erkidegoaz ari bagara. Uste dut datu horrek nahiko ondo deskribatzen duela gure erakundeak euskararekin hartu duen konpromisoa; baita konpromiso horren emaitza ere».

Euskarazko ikerketa bultzatzeko eta sustatzeko asmoz antolatzen dituzte elkarlanean Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak. Asteazken honetako sari-emate ekitaldian izan dira Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea, Jesus Mari Makazaga Euskal Herriko Unibertsitateko Euskarazko Aholkularitza eta Testugintzaren arloko zuzendaria, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Adolfo Arejita Euskaltzaindiaren idazkaria.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco UPV/EHUk eta Euskaltzaindiak VIII. Koldo Mitxelena sariak banatu dituzte

UPV/EHUk eta Euskaltzaindiak VIII. Koldo Mitxelena sariak banatu dituzte