Juan Ignacio Pérez Iglesiasi saria, Euskal Herriko Unibertsitatean euskararen alde egindako lanagatik

EHUn errektore izandakoa da Pérez Iglesias/Eusko Ikaskuntza
EHUn errektore izandakoa da Pérez Iglesias / Eusko Ikaskuntza

Eusko Ikaskuntzak LABORAL Kutxaren Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Sariak eman dituzte; gazteen kategorian Aizpea de Atxa artista nafarraren 'InpostuRA' performance lana gailendu da

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Juan Ignacio Pérez Iglesias saritu du Eusko Ikaskuntzak LABORAL Kutxaren Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Sarien aurtengo edizioan, Euskal Herriko Unibertsitatetik (UPV/EHU) euskararen alde egindako lanaren aitortza gisa. «Zorroztasun akademikotik eta zientzia arlo guztien ezagutza zabaletik abiatuta, euskal gizartean kultura zientifikoa sustatu du. Euskal unibertsitatea gizartera gerturatu du, ezagutza maila areagotuz eta begirada kritikoa garatuz«, nabarmendu du epaimahaiak.

Juan Ignacio Pérez-en ibilbide profesionala UPV/EHUri lotuta dago. 1985ean hasi zen ikertzaile eta irakasle fisiologiaren arloan, eta, 1999az geroztik, katedraduna da; halaber, 1998 eta 2009 bitartean hainbat kargu garrantzitsu izan ditu UPV/EHUn. 2004tik 2008ra, adibidez, errektorea izan zen.

Bere ekarpenetako bat izan da unibertsitatean euskararen erabilera sustatzea. Halaber, Jakiunde elkartearen Jakin-mina programaren koordinatzaile eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria izanik, ezagutzak ugaritzeko eta zabaltzeko bideratu zituen ekintzak. Berak egindako lanari esker, aipatutako katedrak Espainia mailan arlo horretan dagoen saririk garrantzitsuena eskuratu zuen 2014an, alegia, PRISMAS saria, dibulgazio zientifikoa aintzatesten duena.

Azkenik, komunikabideetan egindako lana aipatu dute sari-emaileek, hedapen zientifikoa sustatzeko espazioetan, bai eta baliabide digitaletan egindako ekarpena ere; izan ere, bere espezializazio-arloan sakondu du, eta ezagutzen dibulgazio sozial zientifikoa bultzatu.

Gazte saria, Aizpea de Atxa artista nafarrari

Aurtengoan ere banatu dute ikertzaile gazteagoei bideratutako saria. Aizpea de Atxa artista nafarraren 'InpostuRA' performance lana gailendu da Gazte Sariaren lehenengo edizio honetan. 35 urte baino gutxiagoko gazte banakoen edota taldeen jarduna bultzatzea xede duen sariak 6.000 eurotako ordainsaria banatzen dio proiektu irabazleari eta 2019-2020ko epealdian gauzatu beharra dago.

«Publizitateak eta sare sozialek gidatzen duten gizartean sortzen digun irudia bihurtu da gure buruhausterik handiena. Honen inguruko hausnarketetan eta desegite-praktikan oinarritutako proiektua da InpostuRA», azaldu du De Atxak. Epaimahaiaren aburuz, proposamen irabazleak «geure buruari sarritan egiten diogun 'Nor naiz?' galderaren inguruko hausnarketa modu dinamiko, interaktibo eta berritzaile batean planteatzen du«.

Aizpea de Atxak 21 urte ditu eta Arte graduko 3. mailako ikaslea da. 2018an Nafarroako Arte Gazte Topaketetan 2. saria eskuratu zuen 'Gorputzak' lanarekin, eta urtebete lehenago aukeratua izan zen horietan ere.

Temas

Euskera