Borrar
Lazkano Elgetako alkatea ere bada UEMA
Iraitz Lazkano da UEMAko zuzendari berria

Iraitz Lazkano da UEMAko zuzendari berria

2019-2023 agintaldiko lehen batzar nagusia egin du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Getarian, eta batzarkideek hautatu dute lehendakari berria

DV

Donostia

Sábado, 5 de octubre 2019, 13:47

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Iraitz Lazkano (Elgeta, 1987) da UEMAren lehendakari berria. Batzarkideek adostasunez hautatu dute UEMAko lehendakari, Aritz Abaroa lehendakariordearekin eta gainerako zuzendaritza batzordekideekin batera.

2019-2023 agintaldiko lehen batzar nagusia egin du gaur Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Getarian, eta Iraitz Lazkano Elgetako alkatea hautatu dute batzarkideek UEMAren lehendakari, hurrengo lau urteotarako. Lehendakariordea, berriz, Aritz Abaroa izango da, Bermeoko alkatea. Lazkanorekin eta Abaroarekin batera, UEMAren Zuzendaritza Batzordea osatuko dute beste bederatzi kideak ere hautatu dituzte batzarrean bildu diren alkateek eta zinegotziek.

UEMAko kide diren 86 udalek duten ordezkaritzaren arabera osatzen da Zuzendaritza Batzordea, beti ere herrien aniztasun politikoa ahal den egokien islatuz, parekidetasun eta lurraldetasun irizpideekini batera.

Gaur egun 86 udalerri dira UEMAko kide, eta guztien artean 245.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osatzen dute. Hurrengo hilabeteotan UEMAra sartzeko asmoa agertu dute udal gehiagok, eta udalerri euskaldunen lurgunea zabaltzeaz gain, euskararen arnasguneak sendotzea izango da agintaldi berriko erronketako bat. Lehendakari kargua hartu orduko egindako lehen adierazpenetan, Iraitz Lazkanok eskerrak eman dizkie batzarkideei, jasota konfiantzagatik, eta baita orain arteko lehendakari Josu Labakari eta lau urte hauetan zuzendaritzan lanean aritu diren batzordekideei ere.

«Jauzi kualitatiboa emateko eta urrats sendoak egiteko agintaldia izan behar du honek. Horretarako, ausardia, adostasuna eta konpromisoa ezinbestekoak dira», nabarmendu du.

UEMAren lehendakaritzan lekukoa hartuta, kargua ilusioz eta arduraz hartu duela adierazi du Iraitz Lazkanok, «UEMA euskararen normalizazioan aitzindari eta eredu den erakunde garrantzitsua» delako. Azken agintaldian UEMA sendotzeko egin den lana nabarmendu ondoren, urrats berrien garaia dela esan du, sendo dagoen erakunde baten gidaritza hartu duela, udalerri euskaldunen garrantzia lehen lerrora eramatea lortu baitu UEMAk.

Azkenik, Elgetako alkate den heinean, herri txikien garrantzia ere nabarmendu nahi izan du Lazkanok. «UEMAk udalerri euskaldunen garapenaren inguruko hausnarketa sakona egin du urte hauetan, beste hainbat eragilerekin batera. Udalerri euskaldunei bizirik eusteko ezinbestekoa da udalerri euskaldunak garatzea, eta herri txikiek lurralde garapenean duten egitekoa eta garrantzia oso kontuan hartzea. Lehen egunetik aipatu nahiko nuke ildo honetan ere bidea egiteko beharra, herri txikien izaerari eusteko eta euskarari arnasa ematen segitzeko».

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios