Iparralderekin «lankidetzarako aukera berriak» aztertuko ditu Jaurlaritzak

Urkullu eta Etchegaray, martxoko bileran/Irekia
Urkullu eta Etchegaray, martxoko bileran / Irekia

Lankidetza hitzarmen berria sinatuko dute Euskal Hirigune Elkargoak eta Lakuako Gobernuak

DVDonostia

Jean-René Etchegaray Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari eta Baionako alkateak eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Ipar Euskal Herriko erakundearen eta Lakuako Gobernuaren arteko lankidetza instituzionalerako memorandum bat sinatuko dute datorren astelehenean, urriaren 7an, Ajuria Enea jauregian, Gasteizen.

«Bi komunitateak historian zehar elkartu dituen lotura estutzea eta etorkizuneko lankidetzarako oinarriak finkatzea da akordioaren helburua», Jaurlaritzatik adierazi dutenez.

Memorandumak ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) eta Ipar Euskal Herriak «lankidetzarako aukera berriak» aztertuko dituzte eta baterako proiektuak bultzatuko dituzte mugaz gaindiko mugikortasunean, goi mailako irakaskuntza, prestakuntza eta ikerketan, ekonomiaren garapenean eta turismoan, nekazaritzan, lurraldearen garapen iraunkorrean, ingurumen eta biodibertsitatean, eta kulturan eta euskaran.

Horrezaz gainera, lankidetza indartuko da mugaz haraindiko ekitaldi esanguratsuak antolatzeko, mugaren bi aldeetako herritarren arteko bizikidetza sustatzeko asmoz.

Martxoan ekin zioten lkar Aditze Memoranduma lantzeari. Bere jardunean Lehendakariak azpimarratu zuenez, 2017ko urtarrilaren 1ean Iparraldeko Mankomunitatea eratu zenetik «lankidetza-fase berri bat» ireki zen, migrazioa, garraioa eta lurralde-politika landuko dituena.

Temas

Euskera