efe

Hamar gaztetatik bederatzik erabiltzen dituzte sare sozialak, batez bestekoaren oso gainetik

Eustatek emandako datuen arabera, aipatzekoa da 2022an EAEko biztanleen erdiek baino gehiagok (% 57,8) ordainpeko telebistarako sarbidea dutela

Domingo, 25 de diciembre 2022, 13:29

IKT-ei lotutako ekipamendu, jarduera eta ohiturak erabat txertatuta daude EAEko gizartean, Eustatek zabaldu berri duen 'Informazioaren Gizartearen Panorama 2022' txostenaren arabera, eta gutxiengo oso-oso txiki bat bizi da nagusia bilakatu den errealitate horretatik at.

Publicidad

Orokorrean, ekipamenduek etengabe egin dute gora, urtez urte, baina guztiek ez dute berdin eta intentsitate berarekin egin. Gauzak, gainera, aldatu egiten dira etxeko eremuan pertsonen ezaugarrien arabera eta IKTen banaketa desberdina da adina eta jarduerarekiko harremana bezalako aldagaiak kontuan hartuta. Enpresen kasuan, desberdintasunak honako hauen araberakoak dira, nagusiki: dituen enplegatuen kopurua, enpresa zer lurralde historikotan dagoen eta jarduera zer sektore ekonomikotan garatzen duen.

Konektibitateari lotutako ekipamendu teknologikoak EAEko etxe gehienetan daude eta goranzko joera erakusten dute. Etxeen % 86,9k Interneterako konexioa dute (ia guztiak banda zabalekoak dira), eta, 2012az geroztik, ehuneko 29,1 puntu igo da. Gutxienez 16 eta 74 urte bitarteko pertsona bat duten familien artean, Interneteko konexioa % 94,8k dute. Hala, etxeen % 74,7k dute ordenagailua –2012an baino ehuneko 12,1 puntu gehiago–. Goranzko joera hori nabarmenagoa da eramangarritasun handiko teknologietan, hala nola ordenagailu eramangarriaren kasuan, etxeen % 59,3an baitago; beraz, azken 10 urteotan, igoera handixeagoa izan da (ehuneko 16 puntu). Bestalde, ia etxe guztiek (% 97,4) dute telefono mugikorren bat; alegia, duela 10 urte baino ehuneko 6,3 puntu gehiago.

Etxe horietan bizi diren 15 urteko eta gehiagoko biztanleen ikuspuntutik, ehunekoak handixeagoak dira: % 91,3k Interneterako sarbidea dute etxean (2012an baino ehuneko 24,5 puntu gehiago), % 81,3k ordenagailu baterako sarbidea (9,7 puntu gehiago) eta % 98,5ek telefono mugikor baterako sarbidea (3,6 puntu gehiago).

Ordainpeko telebista

Etxeko ekipamenduen artean, aipatzekoa da 2022an Euskal AEko biztanleen erdiek baino gehiagok (% 57,8) ordainpeko telebistarako sarbidea dutela. Etxeetako komunikazioari lotutako ekipamendu hori nabarmen hazten ari da; izan ere, duela 10 urte biztanleriaren % 15,7k baino ez zuen. Interneteko erabiltzaile diren 15 urtekoak eta gehiagokoak (azken 3 hilotan) adin horietako euskal herritarren % 86,3 dira; ehuneko hori ehuneko 19,5 puntu areagotu da 10 urtean (2012tik % 66,8).

Publicidad

Jarduera asko egin daitezke Internet bidez. Motibo partikularrek eragindakoen artean, ohikoenak komunikaziora eta informazioa bilatzera bideratutakoak dira. Internet erabiltzen duten ia euskal herritar guztiak WhatsApp bidez edo berehalako mezularitzako beste aplikazio batzuen bidez komunikatu dira (% 97,3), eta neurri txikiagoan erabili dute posta elektronikoa (% 83,1) edo irakurri dituzte albisteak, egunkariak edo aldizkariak (% 71,4) eta bilatu dute ondasunei edo zerbitzuei buruzko informazioa (% 71,8). 15 urteko eta gehiagoko Interneteko erabiltzaileen % 56,5ek sare sozialetan parte hartzen dute, eta, 15-24 urtekoen artean, % 90,8k.

Era berean, kontsumora eta etxeko ekonomiara bideratutako jarduerak Internet bidez egindako eragiketa askoren arduradun dira. Interneteko erabiltzaileen % 70,2k erabili dute bide hori 2022an banku-jardueretarako. Etxetik kanpo egiten diren aisiarekin eta kulturarekin lotutako jarduerei dagokienez, erabiltzaileen % 49,5ek turismoarekin lotutako ostatu- edo bidaia-erreserbak egin dituzte, 2021ean baino 32,9 puntu gehiago. 2022ko emaitzak 1,6 puntuan gainditzen du 2020ko COVID-19aren aurreko emaitza (% 47,9 lehen hiruhilekoan).

Publicidad

Merkataritza elektronikoa

Administrazio elektronikoak aukera ematen du administrazioarekin izapideak bide telematikoaren bidez egiteko. Eremu horretan, Interneteko erabiltzaileen % 56,3k inprimakiak beteta bidali dizkiote administrazioari Internet bidez, % 49k informazioa bildu du eta % 44,8k inprimaki ofizialak lortu ditu bide horretatik.

Azkenik, merkataritza elektronikoari dagokionez, azken 3 hilabeteotan Internet bidez ondasun edo zerbitzuren bat eskuratu duten pertsonen ehunekoa % 55,1 izan da; alegia, 898.600 pertsona. Zifra hori 15 urteko eta gehiagoko Euskal AEko biztanleria osoaren % 47,6 da; hau da, ia hirukoiztu egin da Internet bidez erosketak egin dituzten pertsonen kopurua, aurreko 10 urteekin alderatuta (2,6 aldiz), eta 2017an baino % 40,1 gehiago (bost urte lehenago). Kolektibo horrek arropa, oinetakoak eta osagarriak, etxerako ondasunak, ostatuak, kultura-ekitaldietarako sarrerak, zaintza pertsonalak eta higiene-zaintzak, garraioa eta kirol-materiala erostearen alde egiten du nagusiki.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad